Euskal selekzioak

Lauko txapelketa bat jokatuko du Euskal Selekzioak, Argentina, Nigeria eta Venezuelarekin

Euskadiko Futbol Federazioak antolatu du, eta Basque Country International Women´s Cup izena jarri diote. Datorren astean jokatuko da, Lezaman eta Zubietan.

Agintariak eta selekzioko entrenatzaileak, aurkezpenean. FOKU
Aitor Manterola Garate.
2021eko martxoaren 30a
17:02
Entzun

Emakumezkoen Euskal Selekzioa zelaira itzuliko da datorren astean. Lauko txapelketa batean izango da: Basque Country Women`s Cup izena du, eta Euskadiko Futbol Federazioak antolatu du. Erreferentziazko txapelketa izatea nahi du antolatzaileak. Argentinak eta Nigeriak apirilaren 8an (osteguna) jokatuko dute lehen finalerdia, Zubietan, 18:30ean hasita. Bigarrena Lezaman jokatuko dute, Euskal Selekzioak eta Venezuelak, egun berean, 21:00etan. Hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida ere Lezaman izango da, finalerdietako bi galtzaileen artean, apirilaren 10ean (larunbata), 10:45ean. Finala igandez izango da, egun bat geroago, Zubietan bertan, finalerdietako bi garaileen artean. 

Lauko txapelketako selekzioen artean, Argentina 31.a da FIFAko sailkapenean; Nigeria, 37.a; eta Venezuela, 55.a. Argentinaren palmaresean daude Amerika Kopa eta Hegoamerikako Jokoen txapelketa bana. Munduko Kopan hirutan izan da, azkenekoz 2019ean, eta ez du lehen fasea inoiz gainditu. Nigeria Afrikako selekziorik onenetako bat da: 11 bider dauka irabazita Afrika Kopa, eta zortzitan hartu du parte Munduko Kopan; emaitza onena 199an lortu zuen, final-laurdenetera heldu baitzen. Duela bi urteko txapelketan, final-zortzirenak harrapatu zituen. Venezuelak Ertamerikako eta Karibeko Jokoak irabazi zituen 2010ean.

Txapelketa FIFAko egutegiaren barruan jokatuko da. Hau da, selekzioen partidak jokatzeko Nazioarteko Federazioak aukeratuta dauzkan egunetan. Federazioaren ustez, "Europa hegoaldean jokatuko den selekzioen arteko txapelketa garrantzitsuenetako bat" izango da. Ezingo da zalerik joan partidak ikustera, pandemiagatik, eta ETBk emango ditu lau norgehiagokak. 

Euskal Selekzioak 2017ko azaroaren 25ean jokatu zuen azkeneko partida. Eibarren izan zen, Ipurua estadioan, Txekiako Errepublikaren aurka, eta 2-1 irabazi zuen. Lehenagotik beste bederatzi norgehiagoka dauzka jokatuta. Aurrenekoa 2006an izan zen, Argentinaren aurka, Irunen (2-4). Handik urtebetera, Argentinan izan zen, hango selekzioaren aurka jokatzen. Euskal Herritik kanpo lau bider jokatu du: Argentinan, Katalunian, Estonian eta Irlandan. Hamar partida horietatik sei irabazi ditu.

Gaur arratsaldean egin dute aurkezpena, Bilbon, Itsasmuseumen, eta bertan izan dira Javier Landeta Euskadiko Futbol Federakundeko presidente hautatu berria, Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria, Iñigo Juaristi Emakumeen Euskal selekzioko entrenatzailea, eta Aintzane Encinas haren laguntzailea. 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.