PARALINPIAR JOKOAK

Laura Garcia judoka nafarra finalerdietatik kanpo gelditu da

Yuliya Halinska ukraniarrak 1-0-1 irabazi dio. Asier Garcia Espainiako saskibaloi selekzioarekin ari da jokatzen; lehen partidan 67 - 40 irabazi diote Italiari. Arku tiroan, Mari Carmen Rubio bederatzigarrena izan da gaurko saioan, 637 punturekin. Bideoa: irekiera ekitaldia, atzo, Stratfordeko olinpiar estadioan.  [YouTube]http://youtu.be/vBmmA7rfliw[/YouTube]

2012ko abuztuaren 30a
15:54
Entzun

Laura Garcia judoka  (Barañain, Nafarroa, 1981) finalerdietatik kanpo gelditu da. Yuliya Halinska ukraniarrak 1-0-1 irabazi dio. Ikusmen arazoak dituzten judokentzako 48 kiloz azpiko mailan lehiatu da. Gaur jokatuko duten beste euskal kirolariak Mari Carmen Rubio arku tiralaria (Iruñea, 1974) eta Asier Garcia saskibaloi jokalaria (Bilbo, 1981) dira.

Asier Garcia Espainiako saskibaloi selekzioarekin ari da jokatzen, eta lehen partida irabazi dute gaur Italiaren aurka: 67 - 40. Irailaren 3ra bitartean lehen faseko partidak jokatuko dituzte, Hegoafrika, Australia, Turkia eta AEBen aurka, hurrenez hurren. Bilboko hegal pibotak lehen jokoak ditu, eta dominen lehian egon nahi du Espainiako selekzioarekin. Iaz, hirugarren izan ziren Europako Txapelketan. 

Rubio arazo fisikodunen mailan aritu da. Bederatzigarren izan da gaurko saioan, 637 punturekin. Hurrengo kanporaketak 31n, 2an eta 4an izango ditu, aurrera eginez gero. Bere asmoa azken Munduko Txapelketetan eginikoa pixka bat hobetzea da; 2009an laugarren izan zen, eta 2012an bosgarren. Bere lehen jokoak ditu.

Bart gauean irekiera ekitaldia egin zuten Stratfordeko olinpiar estadioan eta hamaika egunez sutan egongo den suzia piztu zuten. Londreskoak inoizko Paralinpiar Joko handienak izango dira, inoizko parte-hartzaile kopuru handienarekin: 4.200, Pekinen baino 200 gehiago. Kopuru orokorrak gora egin badu ere, euskal kirolariena bere horretan mantendu da, zortzi ariko baitira —Pekinen bezala—.

Datozen egunotan 164 herrialdetako atletak elkartuko dira, eta 20 kiroletako 503 proba jokatuko dira. Maila asko daude kirol bakoitzean, urritasunaren arabera. Oro har, hiru multzo handi daude: urritasun fisikoak, buruko urritasunak eta ikusmen arazoak dituztenenak.

Euskal herritarrak

- Mari Carmen Rubio arku tiralaria. Bederatzigarrena izan da gaurko saioan, 637 punturekin. Bihar jokatuko du hurrengo kanporaketa. 

- Laura Garcia judoka. Finalerditik kanpo gelditu da. 

- Asier Garcia saskibaloi jokalaria. Lehen faseko partida irabazi diote Italiari, 67 - 40. Bihar Hegoafrikaren kontra jokatuko dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.