Lautadaren pare: laua

Andres Nocioni iritsi zenetik aste batzuk pasa dira, baina hobekuntzarik ez du nabaritu Baskoniak. Saskipeko jokalari sendorik gabe segitzen du, eta une erabakigarrietan nola jokatu jakin gabe.

Andres Nocioni, Novica Velickovic Real Madrileko jokalariarekin lehian, duela bi aste jokaturiko ACB ligako partidan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Andoni Urbistondo.
2012ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Gasa duten edariak ireki eta segundo batzuk pasatzen direnean bezala, halaxe dago Baskonia, indar guztia galduta. Denboraldi osoa darama antzera, arazoari arazo, kolpeari kolpe, bide zuzena topatu ezinik. Plangintza ustela, neurria eman ez duten fitxaketa garestiak, beti une desegokian gertatzen diren lesioak, entrenatzailearen inguruko zalantzak... Gabonetarako Euroligatik at, Kopan ere finalerdietako langa gainditu ezinik, eta ligan ere hirugarren postuarekin konformatu beste erremediorik ez. Gauzak ondo, Caja Laboralek Real Madrilen aurka neurtu beharko ditu indarrak kanporaketetan, finalerdietan, baina Madrilen partida bat irabazi beharko du, gutxienez, final handia jokatu nahi badu. Hori, azken laurdenetako langa gaindituko balu, gaur-gaurkoz ezin baita ziurtatu arabarrak bere balizko aurkaria baino indartsuago direnik.

Josean Kerejeta adimentsua da oso, eta beste inor baino lehenago jabetu zen zaleek, hiriak, komunikabideek, denek pizgarriren bat behar zutela Baskonia zulo sakonetik ateratzeko, eta Lazkaokoak zaleen bihotzera, oroimenera jo zuen, Andres Nocioni Chapu fitxatuta. Baskoniaren seme kuttuna da: gaztetan Argentinatik etorri, jokalari handi egin, taldeari tituluak eman eta munduko saskibaloi liga onenera jauzi egin ostean, etxera bueltatu, oraindik onenak emateko dagoela. Zoratu egin zen Gasteiz, zalantza guztiak desagertu, itxaropenak hiria besarkatu...

Nocionik hiru aste luze daramatza dagoeneko taldean, eta haren eraginik ez du nabaritu oraindik taldeak. Egia da tarte txikia dela ondorio zehatzak ateratzeko, baina baita tarte nahikoa Baskoniak iraganeko gaitzei buelta eman ezinik jarraitzen duela esateko ere. Zein gaitz? Bi, nagusiki: pibot sendo baten falta eta taldeak une erabakigarrietan nola jokatu ez dakiela. Tira, badaki, baina aukera bakarra da, eta arriskutsu samarra da: baloia Mirza Teletovici eman, bosniarrak bere urruneko jaurtiketaren batekin garaipena lortzeko.

Teletovicena aukera txarra ez dela esango dute zenbaitzuek, Menorcan eta Compostelan sartu zituen hiruko ikusgarriak gogoan, baina aurkariek badakite azken jabetza hori kapitainarentzat izanen dela. Ondorioa? Defentsa ona eta jaurtiketa kaskarra. Manresaren aurka arbeleko taktikan biko jaurtiketa egitea landu omen zuten jokalariek, baina Teletovicek hirukoa bilatu nahi izan zuen. Alferrik. Real Madrilen aurka ere Nocionik gauzatu zuen bere taldearen azken eraso jokaldia, baina taktika ez omen zen hori. Ondoren, zortea izan zuen Ivanovicen taldeak, Real Madrileko Sergio Llullek errazak ziruditen bi jaurtiketa erraz huts egin baitzituen.

Macijauskas, Scola, Rako...

Baskoniari lider bat falta zaio. Saskibaloi hizkuntzan killer hitzarekin ezagutzen den jokalaria. Itzulpen zehatzean, hiltzailea, saskibaloian jokaldiak bukatzeko gaitasuna duena. Azken 10-15 urteetan beti edo ia beti izan ditu, baina gaur egun ez, eta hutsunea handia da. Atzera begirako azkarra egin, eta izen handiak etorriko zaizkigu burura: Macijauskas, Scola, Rakocevic, Splitter... Ardura hartzeko beldurrik ez zuten jokalari puskak denak. Teletovic eta Nocioni iritsiko dira, agian, egunen batean, beste horien mailara, baina gaur ez dago, eta Baskoniak gaurko behar du jokalari hori.

Konponbide errazagoa duten gaitza da erreferentzi izango den pibot baten hutsunea, baina itxuraz sasoi honetan daukanarekin moldatu beharko du Ivanovicek. Pibot bat hamaika aldiz eskatu badu ere. Maciej Lampe eta Milko Bjelica daude, baina biak hobeto moldatzen dira saskitik hiruzpalau metrora, metro pare batera baino. Jaurtiketa irekietan moldatzen dira ondoen, baina Baskoniak saskipean beldurra emango duen morroskoren bat behar du. Nemanja Bjelica eta Teletovic dira beste aukerak, 2,09 eta 2,06 neurtu arren saskipera hurbiltzen direnean gaixotu egiten diren jokalariak.

Saskipeko arazoekin nahikoa ez, eta kanpoko lerroan ere osasunez larri dabil Baskonia. Brad Oleson eta Pau Ribas zaintza lanean txukun moldatzen diren jokalariak dira, baina eraso jokoan erabat kamustu da haien arriskua. Apenas egiten dituzten lauzpabost hiruko bien artean partidako, eta ez dira mehatxu arriskutsuak aurkarientzat. Fernando San Emeterioren lesioak gabezia hori areagotu du, gainera.

Nocioni iritsi berriak Caja Laboral liga irabazteko gai dela esan zuen herenegun, baina adierazpenak gehiago du topikotik, benetako sentimendutik baino. Inork ez du txakur txikirik ematen Baskoniaren alde gaur-gaurkoz, eta arabarrek jarduna hobetzeko duten tartea ez da handia. Arabako Lautada zabalean muino txikiren bat bilatzeko aukeraren tamainakoa: oso txikia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.