Legez egin badezakezu, legez egin. Ezin baduzu, legea hautsita. Aberatsenen keriak. Los Angeles Lakers arrakastaren iturritik edaten ohitua dago, eta NBAko eraztuna lortu ostean edaten den xanpain garestiak bakarrik asetzen ditu Los Angelesko izar distiratsuak. Izar distiratsuak, eta haien inguruan mugitzen diren aberatsak. Bi urtean gauza asko pasatzen dira, baina Kaliforniako hiri populatuenean jasangaitzak izan dira NBAko finalik ikusi gabeko 730 egunak. Iraultza, edo beste urtebeteko lehortea zuten aukeran, eta, jakina, iraultzaren alde egin dute. Erabaki logikoa, urtero 300 milioi dolar mugitzen dituen erraldoi handiarentzat. Izarrak lortzeko luxuzko tasan milioi asko erabili behar dituzula? Arazorik ez.
Lakersek NBA aztoratu zuen otsailean: Pau Gasol kataluniarra balantzaren alde batean jarri zuen, taldez aldatu eta joko antolatzaile eta jokalari on pare bat lortzeko. Egina zuen tratua Houston Rocketsekin, trukean Kyle Lowry eta Luis Scola jasotzeko gertu. David Stern NBAko ugazabak, ordea, ez zuen tratua onartu, Lakersen botere gehiegikeria zelakoan, eta nahi eta ezin geratu ziren purpura eta urre koloreko nagusiak. Azkar pasatu zitzaien haserrea, ordea, burua astintzen jarraitu baitzuten, pieza guztiak nola egokitu asmatu arte.
Eta lortu dute, NBA aztoratu duen mugimendua eginda. Merkatuko pieza kotizatuena lortu nahi zuten kosta ahala kosta, eta baita lortu ere. Dwight Howardek Orlando, Florida, eta Ozeano Atlantikoa utzi, eta Itsaso Barera egin zuen jauzia. Abuztuaren 10a zen. Phoenix Suns taldea ere trade-an, talde aldaketan sartu zen, eta Steve Nash joko antolatzaile kanadarra Lakersera bidali. Lakersen galera, itxuraz, onartzeko modukoa izan da, Andrew Bynumen bilakaera geratu egin baitzen joan den denboraldian.
Howard NBAko pibot onenetakoa da. Superman goitizena du, eta 211 zentimetro luze eta 120 kilokoa den morroskoa izan arren, hegaleko baten arintasuna dauka saskipean. Errebotean aparta, txapel jartzaile ona; jokalari gutxik dute berak adina gaitasun saskiaren gainetik jokatzeko. Eta, halere, haren zenbakiak ez dira izar batenak. 20 puntu eta bederatzi errebote partidako, haren sasoi onenean. Zortzi urteko ibilbidean, puntuen batez bestekoa 15,4 puntura jaisten da. Zergatik? Howardek ez daukalako bere jokaldirik sortzeko gaitasunik. Jaurtiketa pobrea zeukan lauzpabost metrotik NBAra iritsi zenean, duela zortzi urte luze, eta gaur egun ere bai. Hakeem Olajuwon NBAko historia osoko pibot onenetakoarekin orduak eta orduak egin ditu gabezia hori estaltzeko, baina oraindik bidean da.
Bizkarreko jokoan ere zer ikasi handia dauka Howardek, baina Lakersi bost axola horrek. Horretarako fitxatu dute Nash, Howardi saskiratzeak eginak emateko. Lakersek ez ditu pibotaren 20-25 puntu behar. Lan hori Bryantek beteko du, eta Pau Gasol eta Nash izango ditu bidaia lagun jardun horretan. Howardi defentsa eskatuko diote, defentsan lan onik gabe jai baitago egungo NBAn.
Hardenek oreka aldatu du
Dallas eta Oklahoma izan dira Mendebaldeko Konferentziako nagusiak azken bi denboraldietan. Bi horiek jokatu dute NBAko finala, biak Miami Heaten aurka, baina aurten Lakers bete-betean sartuko da Miamiren aurkako borroka horretan. Izan ere, ziurtzat jotzen da Miamik ez duela aurkaririk izango Ekialdean. Ez Boston, Ez Chicago, ez Brooklyn Nets... Talde horiek ez dirudite gai LeBron James, Dwayne Wade, Chris Bosh eta Ray Allen laukoteari aurre egiteko.
Mendebaldean, baina, botere oreka aldatu egin da. Dallas aldaketa festan murgilduta dago, eta Dirk Nowitzki ere kantxetatik at egongo da abendura arte gutxienez. Herenegun arte, Oklahoma City zen Mendebaldeko onena izateko hautagai ia bakarra, baina azken uneko mugimenduak panorama aldatu du. James Hardeni ihes egiten utzi diote Oklahoman, ez zeukatelako NBAko jokalari onenen arteko seigarrenak eskatzen zuen dirutzarik. Harden Houston Rocketsera joan da, eta mugimendu horrek nabarmen ahuldu du Oklahoma, eta Lakersen hautagaitza sendotu.
Howarden mugimendua perfektua izan liteke Lakersentzat. Denek dakite zein den mamua: LeBron James. Supermani kryptonita famatuak egiten zion kalte, super botereak kenduta, eta orain, Howardek izan nahi du Jamesen kryptonita. Lortuko duen edo ez ikusteko dago, Jamesek azala gogortua baitu, dagoeneko, zaintzaile trebeenak gainditzen.
Lakersek bosteko ona dauka, Miamik baino hobea, baina Floridakoen aulkia aberatsagoa da. Nash, Bryant, Metta World Peace, Pau Gasol eta Dwight Howard Chalmers, Wade, LeBron James, Bosh eta Udonis Haslem baino gehiago dira, baina Miamik Ray Allen, Battier, Mike Miller, Norris Cole eta beste ditu. Lakersek Steve Blake eta Antawn Jamison baino ez. Denboraldi-aurrean jokatutako zortzi partidak galdu ditu Lakersek, baina datu horrek balio gutxi du. Martxan da NBA, goizaldeaz geroztik. Lock-out-a bukatuta, ehunka partida ekaina bitarte, ikuskizuna gauero.
LeBron Jamesen kryptonita
Lakersek merkatua aztoratu du Dwight Howard pibota fitxatu eta bi urteko lehorteari bukaera emateko. Oklahomak ihes egiten utzi dio James Hardeni, eta horrek Mendebaldeko balantza orekatu du nabarmen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu