Katie Ledecky, Ariarne Titmus eta Caeleb Dressel. Tokioko Olinpiar Jokoetan gehien nabarmendu diren igerilariak. Ledecky estatubatuarra, historiako emakumezko igerilari onena. Titmus, Tokion Ledecky bi aldiz garaitzea lortu duen australiarra. Eta Caeleb Dressel, Phelps joan zenetik gizonezkoen igeriketan sortu den izar berria.
Titmusek Ledeckyri irabazi zion estilo libreko 200 metroko eta 400 metroko finaletan. Garaipen psikologikoak izan ziren, gainera, atzetik aurrera irabazitakoak. 800 metroan, baina, hobeto moldatzen da Ledecky. Harenak dira distantzia horretan historian egin diren 24 denbora onenetatik lehen 23ak. 24.a Titmusek lortu du, gaurko saioan.
Hasiera-hasieratik nagusitu da Ledecky. Uretara jauzi egin, murgilean igeri egin eta burua atera duenerako lehiaren buruan jarri da. Metroak egin ahala, aldea handitu du bigarrenarekiko, Ariarne Titmusekiko. Estilo ezberdinak dituzte batak eta bestek: Ledeckyk hankekin ostikoak ematen dizkio urari, baina ez dira azkarrak eta etengabeak, pausatuagoak eta besoen mugimenduarekin koordinatuta, uretan dantza egingo balu bezala; Titmusek, berriz, ura etengabe jotzen du ostikoz, motorra du hanketan, apar zuriko ubera sortuz.
Ledeckyren aldea bi segundotik gorakoa ere izan da, gorputz oso batekoa, eta hala ekin die azken 50 metroei. Titmusek, azken luzean, abiadura azkartu du eta nabarmen gerturatu da Ledeckyrengana, baina ez haren garaipena arriskuan jartzeko bezainbeste. 8.13.83koa izan da Ledeckyren denbora. 1.26 segundo gehiago behar izan du Titmusek. Simona Quadarella izan da hirugarren, urrun, 5.78 segundora.
Ledeckyk bukatu ditu Tokioko Olinpiar Jokoak. Bost probatan parte hartu du eta bi urre eta bi zilar irabazi. Urrezko zazpi domina ditu guztira: bat Londresen (2012) 15 urte soilik zituela, lau Rion (2016) eta beste bi Tokion. Jokoak hasi aurretik batzuek esaten zuten berdindu edo gainditu zitzakeela Larisa Latynina gimnastikalariaren bederatzi urreak. Ez du lortu. Baina gaur esan du Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko asmoa duela eta agian baita 2028ko Los Angeleskoetan ere.
Dressel, bi aldiz
Jakina zen gizonen tximeleta estiloko 100 metroko munduko marka kolokan zegoela: bai Dressel, bai Kristof Milak hungariarra asko hurbildu ziren finalerdietan. Finalean, Dressel hasieratik jarri da probaren buruan. Milak nabarmen atzerago abiatu da, baina atzetik aurrera egitea lortu du. Segundo erdi atzerago abiatu ditu azken 50 metroak. Tartea txikitu du, baina ez nahikoa. Dresselen denbora: 49.45. Milak bi hamarrenera heldu da (0.26). Eta Noe Ponti suitzarra 1.29ra. Dresselek urrezko hiru domina lortu ditu, oraingoz, Tokion. Gaur bertan, tximeletako proba bukatu, irabazi, marka jarri eta domina jaso eta gero, estilo libreko 50 metroko probako finalerdia jokatu du eta finalerako sailkatu da denbora onena eginez.
Erresuma Batuak munduko marka
Igeriketako beste bi final jokatu dira, gaur, Tokion. Emakumezkoen bizkar estiloko 200 metroetan Kaylee McKeownek (Australia) irabazi du urrezko domina, 2.04.68ko denbora eginez. Zilarra Kylie Masserentzat (Kanada) izan da 2.05.42ko denborarekin, eta brontzea Emily Seebohmentzat (Australia) 2.06.17ko denborarekin. Eta 4x400 estilo mistoan Erresuma Batuko selekzioak munduko marka ondu du, eta urrea kolkoratu: 3.37.58ko denbora egin du (aurreko marka onena Txinarena zen: 3.38.41). Zilarra, hain zuzen, Txinarentzat izan da (3.38.86), eta brontzea Australiarentzat (3.38.95).
Lehiaketa bihar bukatuko da. Bost final jokatuko dituzte: emakumezkoen 50 metroak, gizonezkoen 50 metroak, gizonezkoen 1.500 metroak, gizonezkoen 4x100 konbinatuak, eta emakumezkoen 4x100 konbinatuak.