Lehen aldiz, japoniar bat nagusitu da Augustako Masters txapelketan (AEB). Hideki Matsuyamak 29 urte ditu, eta, atzo arte, 25. postuan zegoen munduko golf jokalaririk onenen zerrendan. Garaipenaren ondoren, 14. jarri da.
Japoniarrak 1936. urtetik ari ziren txapeldunen jaka berdearen bila gizonezkoen txapelketetan, baina arrakastarik gabe, atzo arte.
2014an, Memorial Tournament irabazi zuen. 2016an, Phoenixeko Open eta WGC-HSBC Champions. 2017an, berriz nagusitu zen Phoenixen, eta WGC-Bridgestone Invitational txapelketan.
Japoniarrarengandik zazpi kolpera sailkatu da, azkenean, Jon Rahm euskalduna. Gorabehera handiko txapelketa eduki du Barrikakoak (Bizkaia). Lehenengo egunetan makal ibili zen, baina, atzo, onena izan zen, 66 kolperekin. «Dagoena dago», adierazi du. «Gaur egin dut lehenengo egunetan egiterik eduki ez nuena».
Bost Masters jokatu ditu Rahmek, eta laugarren aldiz lortu du lehen hamarren artean sailkatzea. Aita izan da berriki, baina, adierazi duenez, horrek lagundu egin dio lehiaren eta bizitzaren artean bereizten. «Bukatzen dut, eta golfaz ahazten naiz, eta hasten naiz Keparengan [semea] pentsatzen».
Munduko sailkapeneko lehenen arteko tartea gero eta txikiagoa da. Dustin Johnson da lehena, 10,8746ko batezbestekoaren. Gero, Justin Thomas dator (9,0959), eta, ondoren, Rahm (8,8151).