Abel Barriola. Aspeko pilotaria

«Lehen arduratzen ninduten galdutako finalek; orain ez»

Bi urte eta erdi geroago, final batera iritsi da berriz, eta lesioak atzean utzi izanak «gozoago» bilakatu du lorpena. Jokaturiko azken sei finalak galdu ditu, baina jada ez dio bueltarik ematen buruari; ez du zama horrekin kargatu nahi. Justo Lillo prestatzaile fisikoa harrituta dago Barriolaren diziplinarekin. Horregatik eskertzen du bere multzoan izatea, «gazteentzako ispilua delako».

Imanol Magro Eizmendi.
Tolosa
2010eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Lan saio fisiko gogorra egin berri du Mikel Olazabalekin batera Tolosako Usabal kiroldegian, eta Abel Barriola (Leitza, 1978) umoreko dago, freskagarria hartzen. Ondo ezagutzen ditu kirol azpiegituraren zoko-bazterrak, han egin baitzituen belauneko lesioaren ondorengo berrindartze lan gehienak, eta egun, bertan egiten du prestaketa fisikoa.

Usabalerako bidea ondo ezagutuko duzu honezkero?

Askotan etorri naiz. Berrindartzearen azken txanpa hemen egin nuen; azkeneko ebakuntzaren aurretik ere hemen egon nintzen, eta orduan ia egunero etortzen nintzen; orain, berriz, gutxiago. Baina bai, azkenaldian Usabal kiroldegira askotxo etorri naiz.

Finalak aldatu al dira?

Ez, finalak finalak dira. Batez ere, txapelketa txapelketa da. Kanpoan zaudenean, inbidia sentitzen duzu; jokatzeko gai ez nintzenean, tira, baina jokatzeko gai zarenean eta hor zaudela ikustean, barruan nabaritzen duzu. Inbidia da, argi eta garbi.

Kirioen falta sumatuko zenuen.

Bai. Txapelketan une askotan urduritasuna nabaritzen duzu, baina kanpoan zaudenean faltan sumatzen duzu. Nolabait, droga bezalakoa da, txapelketek adikzioa sortzen dute, adikzio osasuntsua.

Beldurrak gainditu dituzu?

Bai.

Nahi bezala mugitzen zara kantxan?

Nahi bezala... Beti gelditzen da apur bat motelago bezala. Niretzat, badu hobetzeko tartea; abiaduran bereziki, abiatzean. Hasiera batean ez nuen ulertzen beldurra kentzearena, baina gero ohartzen zara apurka badoala.

Garai honetarako halako sasoian egotea espero zenuen?

Zaila ikusten nuen, baina itxaropena hor zegoen. Ez diot buelta askorik eman; eguneroko lanari begiratzen nion. Hori da ikasi dudan gauza bat, etorkizunera luzera begirako helbururik jarri gabe, egunero-egunero lan egiten saiatzea.

Eta final batera iristea?

Nahi edo nahi ez, beti begiratzen diozu: «Joño, ahalik eta gorena egotea nahi nuke». Baina, egia esan, ez dit buruhausterik sortu, neure buruan ez da egon finalean egotea edo txapela irabaztea. Orain bai, baina, orain arte, horrek ez dit denborarik jan.

Aurrekoa zara?

Ez dakit ailegatu naizen; une bakoitza desberdina da. eta ezin duzu alderatu. Ez dakit hobea edo txarragoa naizen; dakidana da gozatzen ari naizela. Garrantzitsuena da orain ondo nagoela: buruz, eskuz... Ilusio handiarekin nago, eta ez dut inolako galbanik entrenatzera etortzeko.

Zergatik iritsi zara finalera?

Nire estiloari fidel izan natzaiolako. Gaur egun, aireko jokoak garrantzia du, eta ni airez sartzen den atzelaria naiz, baina nire jokoa botera luze jokatzea da, eta, ailegatu banaiz, partida guztietan nirea ematen saiatu naizelako da.

Lesio baten ondoren finalera iristea gozoagoa al da?

Bai, zalantzarik ez izan. Final guztiak dira bereziak, baina hau are bereziagoa da.

Paralelismo bat dago Irujoren aurka jokatu zenuen 2006ko lau t'erdiko finalarekin, ordukoa izan baitzen lehena eskuko lesio larriaren ondoren. Orain Irujo duzu berriz parean, sentsazioak antzekoak dira?

Gogoratzen naiz ligaxkako partida ere Iruñean jokatu genuela, aurten bezala. Orduan ere hala izan zen; paralelismo bitxia da, eta Irujok 22-21 irabazi zuen. Eta sentsazioak antzerakoak dira, baina nik lau urte gehiago ditut, eta pertsonak aldatu egiten dira.

Ahaztu al duzu 21-20koarekin txapara bidalitako bolea?

Final hura jokatu eta denbora batera oraindik gogoratzen nintzen pilotakada harekin. Baina zer egingo diogu; gauzak hala dira; bolea hori txapa gainean izan balitz, txapela eramango nuen Leitzara, eta agian hurrengo finalek beste bide bat hartuko zuten.

Azken sei finalak galdu egin dituzu.

Kar, kar... Halaxe da! Baina pasaturikoa pasatua dago, baita txapelketa honetan ere. Finalak aurrekoekin ez du zer ikusirik, eta, aurtengoari begira, iraganekoa alde batera utzi behar dut. Egin behar dudana finalaren egunean eta orduan pilotan jokatzea da, eta partida txapelketa txiki bat bezala prestatzea.

Bueltarik eman al diezu galdutako finalei?

Bere garaian arduratu izan nau; beti eman dizkiot bueltak buruari, sari ikaragarri on pila izatetik sari onak izaterako aldea baita. Azkenean zortzi final jokatu ditut bakarka; lehen biak irabazi nituen, eta beste seiak galdu. Eta noski arduratzen ninduela, baina orain, ez. Ongi ari naiz entrenatzen, eta aurreko guztiek ez naute aztoratzen. Ezta Irujo faborito izateak ere.

Irujok, era berean, lau t'erdiko azken biak galdu ditu.

Galtzeak dakar txapel hori ez sartzea sarien zerrendan, baina, bestaldetik, pilotariok badakigu zein zaila den final batera iristea, eta finalean egoteak meritu handia du. Igandeko partida politegia da atzera begira jartzeko, eta ilusioz nago, aurreko guztiak galdu edo irabazi banitu bezala.

Finalak galtzera ohitzea ezinezkoa da.

Finala galtzeak min ematen du, baina Apatamonasterion galdu ondoren ere etxera amorratuta joaten zara, sinestu. Hori ala da, kirolari profesionalaren helburua beti irabaztea da, eta galtzean sutan zoaz etxera, eta final batean, gehiago.



Kate motzean

Aurkari bat? Irujo.

Kide bat? Xala.

Pilotaleku bat? Astelena.

Partida bat? Esanahiarengatik, irabazitako buruz buruko finala.

Zer zor diozu pilotari? Asko zor diot, eta asko eman diot.

Zerbait zor dizu? Ezer ez, pilotaren sekretua, eta denarena, ematea da. Ematen duzunean bere gisara etortzen da.

Pilota profesionalaren gauzarik onena? Pertsona modura hazten laguntzen dizu, eta kirolaren umiltasun ikasgaiak ez daude beste inon.

Eta txarrena? Diziplina gogorra behar dela.

Sariek itsutzen zaituzte? Ez nau itsutzen, baina begiratzen diot. Bihar erretiratuko banintz, gustura joango nintzen, baina gehiago irabazi izana nahiko nuke. Txapela irabazteak esanahi handia du niretzat.

Tabernara sartu, eta jendea begira duzu... Ongi daramat; zorionez, pilotariak ondo ikusiak gaude.

Badago dopinik pilotan? Eskua jarriko nuke sutan ezetz.

Pilotari izan ez bazina? Ez dakit.

Seme edo alaba batek pilotari izan nahiko balu? Barrutik irteten zaiola ikusiko banuke, ahal bezainbeste lagunduko nioke.





Justo Lillo prestatzaile fisikoa harrituta dago Barriolaren diziplinarekin. Horregatik eskertzen du bere multzoan izatea, «gazteentzako ispilua delako».

Eredugarria

I. Magro. Tolosa

Harrigarria da zenbat lan egin duen Abelek azken urte eta erdian, edozein kiroletako edozein kirolarik baino gehiago». Justo Lillo Aspeko prestatzaile fisikoak harridura hitzak baino ez ditu pilotariarekiko. Gazte garaitan Barriolaren soinketa irakasle izan zen, eta urte eta erdi da bere berrindartzea eta egokitze eta prestaketa fisikoa zuzentzen hasi zela. Astean bost aldiz ikusten dute elkar Tolosako Usabal kiroldegian, Xalak, Aritz Lasak eta enpresako gazteek osatzen duten multzoan. «Behin berrindartuta, nirekin jarraituko duela esan zidanean asko poztu nintzen. Horrelako kide batek multzoari egiten dion mesedea harrigarria da; eredu bat da gazteentzat. Nagusia da, eta gehien entrenatzen dena aldi berean; berak tira egiten du. Esaterako, nik badakit Zabaletaren idoloa dela, eta hark bere begiz ulertzen du lanak duen garrantzia».

Lilloren eta Barriolaren bideek belauneko bigarren ebakuntzaren ondoren egin zuten topo berriz, pilotaria Valentziatik itzuli berritan. «Lan ordu asko behar zirela ikusi nuen berehala». Eta ordu horiek etorri ziren, kexarik gabe: «'Justo, aurrekoa izatera iritsi behar dut', esaten zidan Abelek. Haren borondatea harrigarria da, beste edozeinek amore emango zuen, baina Abelek ez. Borondatea munduko pisu, gimnasio eta atletismo pista guztiak baino garrantzitsuagoa da». Lilloren loreak ez dira merkeak; esperientzia handiko teknikaria da, eta besteak beste Eibar eta Liverpool futbol taldeko prestatzaile izandakoa.

Lan gazi-gozoa zen, ordea. Hobekuntza nabarmena zen; belaunak lan karga ondo hartzen zuen, baina belauna ez zen behar adina tolesten. «Ez zen normala, ireki egin behar zen, zer gertatzen zen ikusteko», gogorarazi du. Arrazoia zuen, itsasdurak zeuden: «Oso lodiak ziren, lotailua halako hiru! Lehenago hautsiko zen lotailua itsasdura baino, normala ezin tolestea. Itsasdurak kirofanoan moztu zizkioten. Ia zerotik hastea bezalakoa zen».

Baina aurretik eginiko lana ez zen desagertu, eta hilabete eta erdian Barriola ebakuntzaren aurreko sasoi puntua zuen. Handik gutxira hasi zen jokatzen, eta pilotalekuak mesede egin zion. «Karga jaisteko esan nion Abeli, atseden hartu eta freskura hartzeko, eta lana uztearenak ez zion graziarik egin. Jokatzea behar zuen, pilotalekua, eta zorionez udan jaialdi asko izan zituen, eta ezin izan genuen hain gogor jardun». Uztail bukaeran jarri ziren lau t'erdira begira, eta lan asko zegoen egiteko oraindik. «Buruz burukoa jokatu zuen sasoian ezingo zuen lau t'erdian aritu, eta kontuan hartu ongi aritu zela. Baina hau gogorragoa da belaunentzat». Lau t'erdira sasoi oso onean iritsi zen, eta, Lilloren iritziz, duela sei aste lortu zuen azken hilabeteetako punturik gorena. «Zorionez, ez zaio puntua pasatu; gazteei errazago joaten zaie;edadetuen oinarria, berriz, handiagoa da. Abantailaren bat izan behar zuen zahartzeak!».

Hobetzeko tartea

Eta muga? Bada hobekuntza tarterik? «Bai, noski. Ebakuntza jasan duen belauna batek lehiara itzultzeko urtebete behar du, baina ebakuntzen aurrekoa izateko hiru». Barriolak ere sumatzen du tarte hori, eta Lillok antzematen dio keinu batzuetan. «Kontua da Abelen hanka txarra gehienen ona baino hobea dela, baina bai badu tartea». Finala ikusiko du, eta txapelarekin ikusi nahiko luke Barriola. Bere begiekin ikusi duten lanaren saria litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.