Txapeldunen Ligako final-laurdenetako itzuliko lehen bi partidak jokatuko dira gaur. Bartzelona iazko txapeldunak Milan hartuko du, joaneko partidako husnakoak oso irekita utzi duen kanporaketa batean (20:45, TVE1). Bayernek, berriz, ez du arazorik nahi Olimpyque Marseillarekin Allianz Arenan, eta aski du Frantzian lorturiko bi golen abantaila (0-2) kudeatzearekin (20:45, Gol TV eta TF1).
Milanek Bartzelonaren magia aztertuko du gaur. Joaneko partidatik golik jaso gabe irtetea «baliotsua» zela esan zuen Massimiliano Allegri entrenatzaileak, eta Camp Noun taldearen izaera zuhur eta uzkurra zukutzen saiatuko da. Txapelketako lehen fasean bi taldeek Bartzelonan jokatu zuten, eta bina egin zuten. Milanek partidako lehen eta azken minutuetan sartu zituen golak, izan zituen gol aukera bakarretan. Hor datza itxaropena, Ibrahimovicek, Patok edo Robinhok aukera bat ehizatzea eta, bitartean, joaneko partidan egin bezala, zelai erdiko jokalari gihartsuek Bartzelona lotzea.
Etxekoak, hala ere, ez daude urduri. Pep Guardiola Fabregasen osasunaren zain dago, baina gaur luxuzko hamaikakoa erabili ahal izango du. Erasoko ardura harena izango da, baina gustuko du betebehar hori. Aurrera eginez gero, Bartzelona bosgarren urtez jarraian sailkatuko litzateke finalerdietarako, eta seigarrenez azken zazpietan.
Eguneko beste partidan Bayern Munich Marseillarenak egiten saiatuko da. Velodromen 0-2 irabazi ondoren, Bavierako taldeak esku-eskura ditu finalerdiak. Finala etxean jokatuko dela jakitea akuilu bikaina da, eta Bayern itxura oso ona ematen ari da Txapeldunen Ligan. Espainiako Ligako oilarrei aurre egin diezaieken bakarra dirudi. Marseillaren aldetik, oso zail izango du ezustekoa, iragan astean agerian gelditu baitzen bi taldeen arteko aldea. Etxeko ligako komeriek, gainera, ez diote mesede egingo.
Lehen azterketa zaila
Milan Bartzelonari haren etxean eusten saiatuko da gaur, Txapeldunen Ligako finalerdietarako sailkatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu