Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Lehen baino liderrago

Rodriguezek erakustaldia emanda irabazi du Mirador de Ezaroko gainean, Contadorren aurretik; Valverde eta Froome larri ibili diraEtapa osoa ihesean egin ostean, helmugarako 700 metro faltan jan du tropelak Astarloza

Lehen baino liderrago.
jon eskudero
2012ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Ezin zaio gehiago eskatu aurtengo Espainiako Vueltari. Etapak ikusten ari den ikuslearen begiak ariko dira gozatu ederra hartzen. Atzokoa ere ez zen berriketakoa izan. Hitz batean, ederra. Errepideak berak ere lagundu zion ikuskizunari, baina txirrindulariek bikain erantzun zuten. Batez ere,Joaquim Rodriguezek (Katuxa). Orain arte, batek baino gehiagok eduki zezakeen zalantza ea gai ote den hiru asteko itzuli bat irabazteko. Bada, orain, askok egingo dute haren aldeko apustua. Erlojupekotik bizirik atera ondoren, atzo bi besoak altxatu zituen Mirador de Ezaroko gainean, eta segundo batzuen aldea atera zien gainontzeko faboritoei. Lehen baino liderrago dago orain kataluniarra.

Ikuskizuna eman zuen azken bi kilometroetan. Hain zuzen ere, Mikel Astarlozaren (Euskaltel-Euskadi) kalterako. Etapa osoa ihesean egin ostean, helmugarako kilometro bat baino gutxiago falta zela irentsi baitzuten ziklistarik indartsuenek. Lau laguneko ihesaldian sartu zen gipuzkoarra, eta zazpi minuturen baino gehiagoren aldea ere eduki zuten tropelarekin. Txanpa erabakigarrira, ordea, nekatuta iritsi ziren. Astarloza saiatu zen ezustea ematen, eta erasoa jo zuen, baina alferrik. Dena den, goraipatzeko jarrera azaldu zuen.

Artean aurrean zela, Igor Anton (Euskaltel-Euskadi) izan zen lehenengoa tropelean mugitzen. Ikusi izango zuen taldekidearen ahaleginak ez zuela fruiturik emango, eta aurrera egitea erabaki zuen. Erritmo bizi-bizian atera zen, baina jarraipenik eman ez, eta aise gainditu zuten onenek. Alberto Contadorrek (Saxo Bank) harrotu zituen hautsak. Pedal kolpe freskoarekin mugitu zen, eta soilik Rodriguez izan zen gai hari jarraitzeko. Bien artean egin zuten ihes, inork uste baino errazago.

Izan ere, Alejandro Valverde (Movistar) eta Chis Froome (Sky) pott eginda geratu ziren; azken hori, bereziki. Ez zieten usainik hartu ere egin sailkapen nagusian lehen bi postuetan daudenei. Azken berrehun metroetan, Purito-k erasoa jo zuen gainsaria lortzeko helburuarekin, eta merezita gailendu zen. Zortzi segundora heldu zen Contador, hamahirura Valverde eta hogeira Froome.

Pil-pilean dago Vuelta. Gozagarri ari da gertatzen, baina zoritxarrak ere ez dira falta. Xabier Zandio (Movistar) erori egin zen atzo, eta erretiratu egin zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.