Lehen faltan, orain sobran

Caparrosek bost erdiko atzelari ditu bere aginduetara, baina San Josek, Ekizak eta Amorebietak soilik dute haren konfiantzaIristen azkena izan arren, Ekiza ondo ari da aprobetxatzen eman dioten aukera

haritz gallastegi
Bilbo
2011ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Athletic defentsan egiten ari den lana zeresan handia ematen ari da denboraldi honetan. Zuri-gorriak bikain ari dira erasoan, baina asko ari zaie kostatzen atea zaintzea. Talde guztiaren ardura izan arren, atzelariak ari dira jasotzen kritika gehienak; bereziki, erdiko atzelariak. Bost dira postu horretan aritu diren futbolariak: Borja Ekiza, Mikel San Jose, Fernando Amorebieta, Aitor Ocio eta Ustaritz Aldekoaotalora. Haien artean denetarik egon da denboraldi honetan. Hori bai, txarra ona baino gehiago.

Borja Ekiza Ezustekoa

Beharrak eragindako apustua izan da Borja Ekizarena (Iruñea, 1988). Lehen taldeko erdiko atzelarien lesioak eta zigorrak zirela bide, bigarren taldera jo behar izan zuen Caparrosek. Athletic B-ko jokalarien artean gutxien jokatzen ari zen erdiko atzelaria aukeratu zuen. Lesioak direla tarteko, jarraikortasun gutxi izan baitu Borja Ekizak azken denboraldi bietan. Askorentzat, harrigarria izan zen Caparrosen erabakia, baina asmatu egin du. Izan ere, lehen taldearekin jokatu dituen sei norgehiagoketan sekula ez bezala aritu da, eta maila nagusian urte asko daramaten jokalarien lasaitasuna erakutsi du. Gainera, jokalari serioa da, eta kontzentrazioa da orain arte erakutsi duen dohain nagusia,ez baitu huts potolorik egin —gauza handia da hori Athleticen—. Besteak beste, ez delako ur handietan sartzen. Dakiena egiten ari da, arriskatu barik harrokeria barik. Merezita lortu du lekua lehen taldean, baina ez da ahaztu behar hasiberri bat dela. Itxura ona dauka, baina goiz da Athleticen jokalari garrantzitsua izan daitekeela esateko. Denborak esango du hori. Badirudi 23 urte betetzear dagoen futbolariak azkeneko trena hartu duela —joan den sasoiaren amaieran Athletic uztekotan izan zen—. Hamar partida jokatzen baditu, hiru denboraldirako luzatuko diote kontratua.

Mikel San Jose Pisua hartzen

Athleticen oraina eta etorkizuna da Mikel San Jose (Iruñea, 1989). Klase handiko futbolaria eta Athleticen erasoko lehen jokalaria. Berea da baloia jokatutako ateratzeko ardura: Iraolari edo euskarriei laburrean, Llorenteri eta Toquerori luzean…, erraz aritzen da baloiaren jabe denean. Goiko jokoan ere indartsua da, eta defendatzeko eta erasorako erabiltzen du burua, baina zer hobetu ere badauka. Sarri kontzentrazio falta izaten du; ez da adi egoten, eta, jokalari azkarra ez denez, arazoak izaten ditu. Alde horretatik, dezente dauka hobetzeko; hala ere, gaztea da, eta ikasiko du. Caparrosen konfiantza osoa dauka egun; izan ere, jokatzeko moduan badago, bermatuta dauka lekua hasierako hamaikakoan. Klubak apustu gogorra egin zuen haren alde joan zen denboraldi bukaeran: ia hiru milioi euro ordaindu zizkion Liverpooli. Orain arteko bidetik jarraitzen badu, berandu baino lehen amortizatuko du Athleticek egindako ahalegin ekonomikoa. Goi mailako taldeak hasi dira haren jokoa gertutik jarraitzen.

Fernando Amorebieta Denboraldi beltza

Bi hilabetez taldetik kanpo egon ondoren Mallorcaren kontrako partidan itzuli zen deialdira Fernando Amorebieta (Cantaura, Venezuela, 1985): orkatilako bihurritua lehenengo, gripea gero, pubisean arazoak ostean… Beti izan du zerbait sasoi honetan. Aulkitik ikusi zuen asteleheneko partida. Berez, Athleticek egun duen atzelaririk onena da. Espainiako Ligan gutxi egongo dira berak bezain ondo defendatzen dutenak. Hala ere, baloia jokatzean ez da dohatsua, baina egun egiten duena baino gehiago egiteko gai da. Erakutsi egin behar. Sasoian egonez gero, berak behar luke izan San Joseren bikotea. Baina denboraldi okerra darama oso; nahastuta dabil, eta lehenbailehen aldatu behar du jarrera. Jokatzeaz baino ez duela arduratu behar, alegia. Hala ez bada, neurriak hartu beharko dira. Rubin Kazanek hamar milioi euro eskaini zituen duela hilabete batzuk. Zer egin beharko luke Athleticek antzeko eskaintza bat izanez gero? Antza denez, jokalariak zabalik ditu ateak Athletic lagatzeko.

Aitor Ocio Negoziatzen

Lesioek ez diote bakerik eman Aitor Ociori azken denboraldi bietan (Gasteiz, 1976). Sorbaldak eman dio buruko minik handiena. Azken hileotan ondo ari da entrenatzen. Hala ere, egun ez dauka Caparrosen babesa. Min hartu zuen arte, bera zen entrenatzaileak zelaian zuen konfiantzazko jokalaria. Haren rola beste bat da egun, ordea. 34 urte ditu, eta berak ere badaki bere kirol ibilbideko azken txanpan dagoela; hala ere, oraindik pare bat denboralditan ondo jokatzeko gai dela iritzi dio. Teknikariek, berriz, zalantza dute. Bestalde, Athleticek urtebetez segitzeko aukera eman dio, baina erokeriarik egin barik. Taldean gehien irabazten duen bigarren jokalaria da, baina egin dioten eskaintzak ez dauka zerikusirik egun irabazten duenarekin, eta eskaintza ez zaio askorik gustatu. Baina Athletic ezin da kontratuak oparitzen ibili. Ekizaren aldeko apustua argia bada, Ociok ez luke taldean lekurik izan behar.

Ustaritz Aldekoaotalora Azken aukera

«Caparrosen aroa Athleticen ez dela amaitu uste dut», esan zuen Fernando Garcia Makua Athleticeko presidenteak joan den asteazkenean. Auskalo zer pentsatuko zuen Ustaritz Aldekoaotalorak hori entzun zuenean (Abadiño, Bizkaia, 1983). Athleticeko entrenatzaileak makina bat aldiz erakutsi du ez daukala konfiantzarik Ustaritzengan. Jokatu badu, Caparrosek beste aukerarik ez zuelako izan da. Ahal izan duenean, beste futbolari bat zelairatu du.Ustaritzek hauskor fama dauka, baina egun ez du aitzakia gisa balio. Bi denboraldi daramatza lan saioetan jarraikortasunez parte hartzen. Ez da entrenatzailearen gustukoa, beste barik. Etorkizun beltza duela dirudi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.