Lehen finala, lehen saria

Azarenkak irabazi du Australiako Irekia, Xarapovaren aurka, eta WTA zerrendako lehen postua lortu du

edurne elizondo
Iruñea
2012ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Victoria Azarenkaren freskotasunak eta gaztetasunak mendean hartu zuten atzo Maria Xarapovaren esperientzia. 22 urteko bielorrusiarrak irabazi zuen Australiako Irekiko finala; nagusitasun osoz, gainera: 6-3 eta 6-0 nagusitu zen. Tituluarekin batera, WTA zerrendako lehen postua ere lortu zuen Azarenkak, aurreneko aldiz. Txapelketa, beraz, biribila izan zen tenislariarentzat.

Atzokoa Grand Slam bateko lehendabiziko finala izan zen Azarenkarentzat. Akaso horregatik, urduri zela sumatu zitzaion partidaren hasieran. Aurreneko seteko lehendabiziko hiru jokoetan, Xarapova errusiarrak hartu zuen partidaren agintea. Azarenka baino anitzez ere lasaiago atera zen pistara Xarapova. Esperientzia handiagoa du halako egoeretan, eta saiatu zen, noski, egoera hori bere alde erabiltzen.

Azarenkak, hala ere, ez zion horretarako aukera handirik eman. Ederki asmatu zuen hasierako urduritasuna bazter uzten, eta bere jokorik onena erakutsi zuen Melbourneko pistan. Indar handiko jokalaria dela agerian utzi zuen, eta istant batean partidaren kolorea aldatzea lortu zuen. Jaun eta jabe zena, aurkariaren nagusitasunaren biktima bilakatu zen.

Partidaren hasieran, Azarenka zegoen nerbioek jota. Denborak aurrera egin ahala, ordea, Xarapoba hartu zuen urduritasunak. Urduritasun horrek hutsak ekarri zizkion, eta huts horiek errusiarraren jokoari kalte egin zioten. Behera egin zuen, eta ezinean aritu zen, Azarenkaren joko bikainari aurre egin nahian.

Lehen seteko zortzigarren jokoak ia bederatzi minutu iraun zuen. Partidaren amaieran gertatuko zena iragarri zuen, nolabait, joko horrek: Xarapovarena zen sakea, baina Azarenkak hautsi egin zuen. Bigarrenez. Seta erabakita utzi zuen.

Bigarrenean, tenislari gaztearen nagusitasuna are nabarmenagoa izan zen. Porrotaren arrastoa sumatzen zen Xarapovaren kolpe bakoitzean. Saiatu zen, baina deus lortzeko esperantzarik gabe. Joko osoa erakutsi zuen Azarenkak, eta dena ongi egiten zuen tenislariaren aurrean Xarapovaren saioek ez zuten aurrera egiteko aukerarik izan.

Garaipen bikoitza

Ordubete eta hogei minutuko partidaren amaieran, sari bikoitza lortu zuen Victoria Azarenkak atzo Australian: Grand Slam bateko lehendabiziko titulua, batetik; eta, bertzetik, WTA zerrendako aurreneko postua. Hori ere lehendabiziko aldiz eskuratu du Bielorrusiako tenislariak. Australiako Irekiak, beraz, emakumezkoen teniseko nagusi berria hautatu du.

Azarenkak Caroline Wozniackiri kendu dio WTA zerrendako lehen postua. 2005eko abuztuan Xarapova bilakatu zen zerrenda horretako buru, eta hamazazpi astez eutsi zion postuari, lesioen eraginez Wozniackik kendu zion arte. Atzo Wozniackik berak galdu zuen toki hori, Australiako Irekiko finalerako ere ez baitzen sailkatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.