finalerdiak

Lehen finalista, Herbehereak

3-2 irabazi diote Uruguairi finalerdian, nahiz eta ez duten partida ona egin. Ofizio handia dute, eta aurrean kalitatea.

2010eko uztailaren 6a
22:49
Entzun
Sei partida jokatu, eta seiak irabazi. Horrelako marka daramate Herbehereek Hegoafrikako mundialean. Zazpigarrena behar, ordea, benetan historia egiteko. Hots, finala eskuratu behar. Horrek jartzen du memorian selekzio bat. Oraingoz, behintzat, badute Munduko Kopako bigarren postua ziurtatua, finalean sartu direlako, Uruguai 3-2 hartuta mendean.

Ez da Herbehereen txapelketako partidarik onena izan. Baina 3-2. Era denetako neurketak jokatzen dakitela erakutsi dute Sneijderrek, Robbenek eta konpainiak. Final-laurdenean, kasu, Brasil jaun eta jabe izan zen lehen zatian euren aurka, baina bigarrenean buelta eman zioten, grina biziz arituta, eta finalerdietarako txartela poltsikora. Uruguairen kontra Robben itzalpean egon da, eta hori asko da Herbehereentzat, baina 3-2. Ofizioa dute handia haiek.

Atezaina, ona: Stekelenburg -banakoan Forlanen area kanpoko jaurtiketan huts egin duen arren-. Defentsa, serioa. Euskarriak, gogorrak -batik bat, Van Bommel-. Eta handik aurrera, kalitatea eta gola. Eta talde osoak, ofizioa. Oro har, selekzio gaztea daukate, baina eskarmentu handiko mutilak dira, Europako ligarik eta horietako talderik onenetakoan trebatutakoak: Real Madrilen, Bartzelonan, Interren, Arsenalen, Machester Cityn, Liverpoolen, Bayern Munichen...

Ofizioaz. Hasi da Herbehereak-Uruguai, eta ia aitaren egiterako egin du Van Bommelek sarrera gogorra, "hemen gaude" esanez bezala aurkariei, joko gogorra hauek jarriko zutela espero zenean. Detaile bat da, baina bere marka uzten dute horrelakoek. Herbehereak hau ez da laranja mekanikoa, ezta hurrik eman ere, baina Cruyffen-eta talde hark lortu ez zuena lor dezake: titulua (1974ko mundialeko finalean Alemaniak 2-1 Herbehereei, 1978koan Argentinak 3-1 Herbehereei).

Bestela, gauza solte batzuk baino ez finalerdiaz: Van Bronckhorst ezker lateralak sekulako gola sartu du 1-0ekoan, ezkerraldetik 30 bat metrotik jaurtiketa eginda; Sneijderrek bost gol daramatza dagoeneko, eta hura da Villarekin batera txapelketako golegile nagusia, eta erdilaria da; Uruguaik 3-2koa 92. minutuan egin du, eta saiatu da geroko beste hiru minututan hirunakoa egiten, baina Ghanaren aurkako final-laurdeneko 120. minutuko kontrako penalti hartan azaldu zitzaizkion munduko ustezko ama birjin denak.

Alemania-Espainia finalerdiko (asteazkena, 20:30) garailearen aurka ariko dira finalean Robben-eta, igandean. Van der Wiel eskuin laterala eta De Jong euskarria berreskuratuko dituzte -txartelengatik geratu dira finalerdia jokatzeke-.

Herbehereak 3. Stekelenburg; Boulahrouz, Heitinga, Mathijsen, Van Bronckhorst; Van Bommel, De Zeeuw (Van der Vaart, 46m); Robben (Elia, 90m), Sneijder, Kuyt; Van Persie.

Uruguai 2. Muslera; Maximiliano Pereira, Godin, Victorino, Caceres; Perez, Gargano, Arevalo, Alvaro Pereira (Abreu, 78m); Cavani, Forlan.

1-0: Van Bronckhorst (18m). 1-1: Forlan (41m). 2-1: Sneijder (70m). 3-1: Robben (73m). 3-2: M. Pereira (92m).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.