Amaya Sport San Antoniorekin bigarren denboraldia du Alberto Agirrezabalagak (Zarautz, Gipuzkoa, 1988). Jokalari gaztea da hegalekoa, baina pistan, egunero, lan egiteko bertze inork baino gogo handiagoa erakusten du. Argi du ongi ari den edo ez erratea ez dagokiola berari, hori entrenatzailearen lana dela. Egiten ari denarekin kontent dela onartu du, hala ere. Zaleak ere bai.
Bigarren itzuliaren hasiera zaila izaten ari dela onartu du, halaber, oraindik punturik ez baitu lortu San Antoniok. Konfiantza berreskuratzea da kontua, Agirrezabalagaren hitzetan. Europako Errekopa horretarako aukera polita izan daitekeela uste du.
Oraindik ez duzue punturik egin bigarren itzulian; gogorra izaten ari da?
Uste genuena baino okerrago hasi dugu bigarren itzulia. Maldan gora jarri zaigu. Konfiantza da kontua. Konfiantza berreskuratzea. Ez dakit kontzentraziorik eza den, edo nekea. Baliteke esperientzia falta ere izatea arazoa. Hala ere, ez dut uste egoera alarma pizteko modukoa denik. Aurrera egin behar dugu, eta lan egiten jarraitu.
Munduko Txapelketak eragindako etenaldiak min egin dizue?
Nik uste dut baietz, genuen erritmoa galdu dugula. Pixkanaka-pixkanaka erritmo hori berreskuratzea izanen da kontua, hortan saiatu behar dugu.
Lehen itzulian taldeak zituen aurreikuspenik onenak ere gainditu zenituzten. Zer behar duzue orain lehengo egoerara itzultzeko?
Hasteko, lasaitasuna behar dugu. Ez dugu pentsatu behar lehen partidak galdu ditugulako denak huts egin duenik. Lehen itzulian konfiantzarekin aritu ginen, eta pozik aritu ginen jokatzen. Sentsazio horiek behar ditugu, berriz ere.
Zer moduzkoa da aldagelako giroa?
Partidak galdu eta gero, triste geratu gara denak. Triste aurpegia geratu zaigu. Etxean, gainera, ez dugu oso irudi ona eskaini. Konfiantza galtzea ekartzen dute halako egoerek. Ikusten duzu lan egiten duzula, ez duzula merezi jasotako porrota. Ondorioz, batez ere tristura sumatzen dugu jokalariok.
Hala ere, egoerari buelta emateko tartea bada oraindik ere, ezta?
Bai, bai. Gainera, Europako Errekopa dator berriz, eta nik uste dut lehiaketa horrek emango digula aukera gora egiteko, konfiantza berreskuratzeko. Egoerari buelta emateko itxaropena ezin dugu galdu. Lehen itzulian ere, huts egin genuen lehenengo partidetan. Hirugarren partidarako bi puntu besterik ez genuen lehen itzulian, eta gero primeran bukatu genuen. Lehen itzulikoa berdintzea zaila izango da, baina nik uste dut antzeko emaitza lortzeko aukera badugula.
Errekopa sari baten modukoa izan dela erran du Juanto Apezetxea entrenatzaileak. Iritzi bera duzu?
Partidaz partida egin behar dugu aurrera. Hori argi daukat. Aurkariari buruz, egia esan, gauza handirik ez dakigu. Talde sendoa behar du izan, dena den, bestela ez litzatekeelako txapelketan izango. Errekopa guretzat izan daiteke motibazioa laguntzeko tresna bat. Zerbait gehiago lortzeko aukera da, eta on egingo digula uste dut. Helburu polita da. Ez dut esaten helburua txapela irabaztea denik, baina kanporaketa gainditzea helburutzat jartzea, guretzat, ona izan daiteke. Taldeak berriz konfiantzarekin jokatzeko balioko duela uste dut. Lehiaketa polita da. Aurreko sasoian finalerdietara iritsi ginen, eta ea aurten ere lortzen dugun.
Zer-nolako partida espero duzu bihar, Izvidacen aurka?
Partida zaila, zalantzarik gabe. Aurkaria ez da txarra. Gogoz gara, hala ere. Eta aurkariari buruz informazio gutxi izateak hasieratik kontzentratuta jokatzen lagunduko digula uste dut. Bigarren itzulian etxean egindako hutsak kontzentrazio ezaren ondorio izan direla uste dut, eta hori konpontzeko informaziorik ez izatea ona izan daiteke, hasieratik dena ematera aterako garelako pistara.
Taldea zer moduz ikusten duzu zuk?
Nik uste dut sasoi betean gaudela. Eduki ditugu arazoak. Santi Urdialesek min hartu zuenean, adibidez. Hala ere, ondo gaudela uste dut, eta denok ari garela, gutxi gorabehera, denbora kopuru bera jokatzen. Jendeak esaten du azken minutuetan falta zaigula beti kontzentrazio puntu hori, sasoi fisikoagatik, nekatuegi iristen garelako. Baina nik ez dut uste arazoa hori denik. Ez naiz iritzi berekoa. Ez du uste arazoa nekatuta gaudela denik.
Zu zer moduz zaude? Kontent zaude sasoi honetan egiten ari zaren lanarekin?
Ni ondo nago. Nire helburuak taldeak dituen helburuak dira. Helburu horiek lortzeko taldeari laguntzea da nire lana. Hori da nire eginbeharra. Hala ere, ez dut uste ni naizenik ondo ari naizen edo ez esan behar duena. Hori entrenatzaileak esan behar du. Neure buruarekin, dena den, gustura nago, oraingoz.
Alberto Agirrezabalaga. Amaya Sport San Antonioko jokalaria
«Lehen itzulia berdintzea zaila da, baina antzeko emaitza lor dezakegu»
Ez du ongi hasi San Antoniok Asobal ligako bigarren itzulia; bihar, Europako Errekopako final-zortzirenetako partida jokatuko dute nafarrek HC Izvidac taldearen aurka, Iruñean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu