Larunbatean 19:00etan Tarragonan jokatuko duten partidak erabakiko du Osasunak edo Nasticek egiten duen aurrera Lehen Mailara igotzeko play off-ean, baina etxeko lanak ezin hobeto egin ditu Osasunak Sadarren. Gorritxoek 3-1 irabazi diete kataluniarrei, intentsitate handiko partida jokatuz.
Hamaika txikikeriak erabaki dezakete partida bat; adibidez, une bakoitzean leku egokian egoten jakiteak. Hala egin du Mikel Merinok. Gorritxoak korner bat baliatu du 33. minutuan, lehen zutoinean lurrean zegoen baloi bat inork baino azkarrago gurutzatzeko. Minutu batzuk geroago, Osasunaren aldeko falta bat geratu du Nasticeko atezainak, baina berriro ere Merino izan da azkarrena aldaratzean baloia atezainaren gainetik sareratzeko. Bi taldeek egina zituzten merituak gol gehiago egiteko, baina Merino izan da erabakigarria.
Bigarren zatian, urrats bat aurrera egin du Nasticek. Atzean zuloak uztearen truke, ordea. Kontraeraso bat bikain amaitu du Kenan Kodrok, baloia area ertzetik gurutzatu eta zutoin ondotik sareratzeko. Festa betean zen Sadar, kanporaketa ia erabakita zegoela. Jean Lucek, ordea, aldea laburtu du 67. minutuan, eta bizirik eutsi dio Nasticek gol horri esker.