Frantziako Tourra

Lehen kolpea mahai gainean

Tadej Pogacarrek irabazi du Frantziako Tourreko seigarren etapa, eta lider jarri da. Primoz Roglicek urrunetik jo du erasoa, baina hark erritmoa aldatuz lortu du garaipena. Gaur mendian bukatuko da

Tadej Pogacar Longwyko helmugan garaipena ospatzen, atzo, Frantziako Tourreko seigarren etapan. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Garai batean bezala. Hala aritu zen, atzo, Woud Van Aert (Jumbo-Visma), etapa hasi eta berehala ihesaldia bilatuz. Aurreko eguneko amorrua barruan zuela, hainbatetan saiatu zen flandriarra ihesaldian sartzen, maillot horiari distira atereaz. Ia denetan lortu zuen tropelak haren saiakerak zapuztea, baina, halako batean, lortu zuen taldetxotik ihes egitea.

Garai bateko izarrek egin bezala, garaipenaren bila abiatu zen hasieratik, eta erakustaldia eman zuen. Indarrez hustu zen arren, tropelak 11 kilometro falta zirenean harrapatu zuen, eta azkenerako, denbora dezente galdu zuen. Tadej Pogacarrek (UAE) irabazi zuen etapa, eta hura menderatu nahi dutenei gandorra apaldu zien. Esloveniarra da lider berria.

Aurtengo Frantziako Tourreko etaparik luzeena zuten aurrean txirrindulariek: 220 kilometro, Bianche-tik abiatu eta Longwy-ra iritsi arte. Kalitatezko borroka izan zen ihesaldian sartzeko, eta Van Aertekin batera egin zuten ihes Jakob Fuglsang beteranoak (Israel), eta Quinn Simmonsek (Trek), tropeleko gazteenak. Lau minuturen aldea ere izan zuten arren, gogotik egin zuen lan tropelak alde hori murrizteko.

Klasikoetan ondo moldatzen direnak eta esprinterrak ziren faborito nagusiak, baina amaierako ibilbide gorabeheratsuan zalaparta espero zen. Batez ere oilarren artean. Azken hamabost kilometroetan hiru muino igo behar izan zituzten txirrindulariek, eta horietako lehenengoan utzi zuen ezerezean tropelak ihesaldia. Ordurako, Van Aert bakarrik ari zen aurrean. Hogei kilometro egin zituen bakar-bakarrik, baina ez zuen garaipenik lortu.

Azken muinoetan dantzan

Azken-aurreko muinoan (zortziehun metro %12,3an) Alexis Vuillermozek (Total Energies) eraso egin zuen, eta bakarrik iritsi zen jaitsierara. Pogacar bera ere mugitu zen, baina taldea murriztu zuen arren, ez zituen faboritoak gurpiletik atera. Vuillermozek bakar-bakarrik egin zuen jaitsiera, baina azken muinoa hasi eta berehala irentsi zuen taldetxoak (1,6 kilometro, %5,8an).

Azkeneko aldapan, UAEk jarri zuen erritmoa Rafal Majkarekin eta Brandon McNultyrekin, taldeko liderrari bidea errazteko asmoz. Bi horiek lehertu zirenean, Primoz Roglicek (Jumbo-Visma) jo zuen urrunetik, laurehun metro gelditzen zirenean. Pogacarrek, ordea, abiadura bizian erantzun zion, eta bakarrik jo zuen aurrera. Hark irabazi zuen etapa, eta helmugan garaipena ospatzeko denbora ere eduki zuen. Etapa lortzeaz gain, maillot horia ere jantzi zuen esloveniar gazteak, eta, helmugan hamar segundoko gainsaria hartu eta gero, aldea areagotu zuen gainontzeko faboritoekiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.