Inor gutxik bezala hitz egin dezake txapelketaz. Haren hiru pilotari daude ligaxkan, eta partidak aztertu ditu. Jokin Etxanizek (Bergara, 1970) Astelenako harmailetan eserita egin dio erradiografia aurtengo lau t'erdikoari.
Zer-nolakoa iruditu zitzaizun Irujo eta Olaizola II.aren arteko partida?
Lehen zatia ez zitzaidan askorik gustatu. Aimar ez nuen ondo ikusten, eta, hala ere, aurretik zen. Ez zegoen ondo, baina jokatzen hasi eta tantoak harentzat ziren. Irujok, berriz, opari asko egin zizkion. Bigarren zatian, berriz,ikusi zen zer-nolako klasea duten biek eta zenbat jokatzen duten.
Lau t'erdikoa are gehiago bizitu al da? Barriola ere errematean hasi da.
Joko hori ikusten ari gara. Baina, tira, aurrekoan joko klasikoarekin hasi zenean hartu zuen abantaila Barriolak. Pentsamoldea hori da. Beharbada, ez duzu hala jokatu nahi, baina aurkariak erritmo horretan sartzen zaitu eta ez dago beste irtenbiderik.
Pilotariei hori eskatzen al diezu?
Hori ezin dute guztiek egin;maila handia behar da. Batzuek egin dezakete eta beste batzuek ez. Arlo guztiak lantzen saiatzen gara eta bereziki bakoitzaren dohainak indartzen. Lehen, kolpe gehien zuenak lau t'erdian ere agintzen zuen, baina orain ez diote uzten.
Irujok hartu al dio neurria kaiolari?
Irujok edozein joko egin dezake. Aurreko partidan, lehen zatian, hobe zuen pixka bat eutsi izan balio, eta hutsak erritmo bizi hori jarri nahi izateagatik egin zituen.
Lau t'erdian gehiago joka dezakeela uste duzu?
Irujo nerbio bizikoa da, eta kostatzen zaio pilotakadetan distantzian errenditzea. Askotan ikusi dugu pilota jartzera bakarrik joan eta pasa egin dela. Distantzien barruan ez da errenditzen beste batzuk bezain ondo. Beste batzuetan hori zaintzen saiatzen da, eta ez dio abiadura ematen. Dena den, ezingo dugu esan orain arte gauzak gaizki irten zaizkionik. Nahiz eta huts asko egin, askotan iristen da 22ra. Hor ikusten da zer-nolako erritmoa jartzen duen.
Zer moduz dago Barriola?
Aspaldi lehiatu gabe egon arren, lehen partida aurrera atera zuen, eta seguru nengoen bigarrenean hobeto jokatuko zuela.
Ausartago jokatzeak harritu zaitu?
Tira, hori partida edo tantoen araberakoa da. Lehen tantoetan airez sartzea erabaki zuen, biziago jokatzeko, baina gero ikusi zen oraindik ere botea piloteatzen besteak baino hobeto moldatzen dela.
Banakako txapel bat irabazteko hautagai da oraindik?
Bai. Hor dagoen bitartean, laurak dira hautagaiak.
Xala, aspaldiko partez, ligaxkan.
Azken urteetan ez du denborarik izan prestatzeko, baina aurten hobeto iritsi da, eta Xala ondo badago, lau t'erdian ere joka dezake. Berak pilotaleku osoa nahiago du, baina ondo dagoenean edozein tokitan joka dezake.
Txapelak aldatu al du?
Baietz uste dut. Baina, tira, txapela lortu aurretik urte on batzuk zeramatzan. Adina, lana, eskarmentua… horiek ere nabaritzen zaizkio. Txapelak? Tira, seguru konfiantza eman diola.
Eta Olaizola II.a?
Lau t'erdian urteetan erakutsi du fenomeno bat dela. Bera ondo badago, beti da faboritoa, txapela irabazteko hautagai sendoa.
Titinek jokatuko al du berriz?
Ez dakit, urtebete falta da oraindik. Berak ikusi beharko du nola dagoen. Behetik hasiko da, gainera… Berak eta beraren prestatzaileak ikusiko dute: gorputza nola duen, ea prestaketak eragiten dion… zaila da orain esaten.
Belaunaldi aldaketa urrun al dago?
Ez da erraza. Horrek erakusten du egun jokatzen ari direnak oso onak direla. Txapelen lehian goiz sartu direnak fenomenoak izan dira aro guztietan; beste guztiak, berriz, poliki iristen dira.
Urduritzen al zaitu horrek?
Tira, aztertuz gero, beti izan da horrela. Noizean behin pilotariren bat agertzen da, baina txapelketetan aldaketa gutxi egoten dira. Belaunaldi aldaketa Lehen Mailakoak zahartzen direnean iristen da, baina beti izan da zaila 22-23 urterekin pilotari bat goian egotea. Aldaketak figurak zahartu eta gazteak 26-27 urtera iristen direnean izaten dira.
Merino II.a, binakakorako bai?
Iritsiko den esperantza badago. Bi aste baino lehen itzuliko da, eta beste hilabete izango luke jartzeko.Binakakoan sartzeko hautagai da, baina lehiakortasun handia dago. Zabaleta kenduta, bost hautagai daude lau postutarako. David ondo badago, eta iaz jokatutako binakakoarekin, normala da sartzea, baina ikusi behar.
Jokin Etxaniz. Aspeko kirol zuzendaria
«Lehen, kolpea zuenak lau t'erdian ere agintzen zuen; orain, ez diote uzten»
Kaiolako jokora oraingo erritmo bizia pilotariek ekarri dutela dio, onerako: «Edozeinek ezin du hala jokatu; oso zaila da». Aldaketa horretan, Irujoren egokitzeko ahalmena nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu