Lehen koska, gailurrerantz

Txapeldunen Ligako lehen ligaxkako aurreneko partida jokatuko du Itxakok gaur, Dinamo Volgograd indartsuaren pistanLizarrako taldeak ezagutzen du aurkaria, EHF Kopako finala jokatu zuten 2008an

Itxakoko jokalariak, denboraldi-aurreko entrenamendu batean, Lizarrerria kiroldegian. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Gaur ekinen dio Itxakok Txapeldunen Ligari. Errusian du lehen geldialdia. Dinamo Volgograden aurka ariko da Lizarrako taldea lehen ligaxkako aurreneko partidan. Ambros Martinen jokalariek badakite erronka gogorra dutela sasoi honetan. Aurrekoan Txapeldunen Ligako finalera ailegatu ziren, eta Larviken aurka galdu zuten. Argi dute hagitz zaila dela berriz finalean aritzea, baina hori da helburua, finalerako sailkatu eta gailurrera iristea.

Lehen fasean multzo gogorra egokitu zaio Itxakori. Volgogradekin batera, Errumaniako Oltchim eta Alemaniako Buxtehuder izanen ditu aurkari Lizarrako taldeak. Alemaniarrek atariko fasean lortu dute lehen ligaxkan aritzeko txartela.

Volgogradeko jokalariak aspaldiko ezagunak dira Itxakoko kideentzat. Errusiarren aurka jokatu zuten EHF kopako lehendabiziko finala, 2008an, eta galdu egin zuten. Geroztik gauzak aldatu dira, eta Europan talde sendoa dela erakutsi du Itxakok. Gora bertzerik ez du egin talde nafarrak. Gaurko partidara, hala ere, ez da egoerarik onenean ailegatu Itxako. Begoña Fernandezek eta Nerea Penak min hartuta jarraitzen dute, eta ezin izanen dira errusiarren aurka aritu. Nafarrek sumatuko dute hutsa, biak jokalari garrantzitsuak baitira. Raph Tervel jokatzeko moduan izanen den ere ez dago argi. Azken unera arte ez du erabakiko Ambrosek pistara atera edo ez. Giharretako arazoak ditu, eta litekeena da ez aritzea.

Presioari aurre egin

Deonise Fachinello, berriz, deialdian sartu da. Asteazkeneko ligako partidan, Alacanten, ez zuen jokatu, zigortuta zegoelako. Gaur taldea laguntzen ahaleginduko da. Jokalari guztiek egin beharko dute ahalegin berezia dauden hutsak ahalik eta gutxien nabaritzeko.

Volgograd aurkari gogorra dela argi dute nafarrek, are gehiago bere pistan. Jokatu berri den Munduko Kopan Errusiako selekzioarekin aritu dira Dinamo Volgogradeko lau jokalari. Haiek jaso dute lehiaketako txapela. Pizgarri izanen da, zalantzarik gabe, talde guztiarentzat. Txapeldunen Ligako txapeldunordea izanen dute aurrean, gainera, eta mendean hartzen saiatuko dira. Itxakok badaki aurreko sasoian egindako lanak izanen duela isla aurtengoan ere eta talde guztiak bereziki ahaleginduko direla Lizarrakoak ezustean harrapatzen.

Europako bidea luzea da. Hasi bertzerik ez da egin. Eta Itxakok aurkariei, presioari eta aurreko denboraldikoa errepikatzeko gogo biziari egin beharko die aurre. Elementu horiek guztiak ongi kudeatzen asmatu beharko dute nafarrek, urratsez urrats tontorreraino ailegatu arte.

D. VOLGOGRAD-ITXAKO

Dinamo Volgograd. Sedoikina, Karpova, Fomina, Gabisova, Makeeva, Stepanova, Belusova, Gontxarova, Divak, Drigina, Avdekova, Jatsenko, Grebenkina, Makarova, Kotxetova, Levina, Khmirova, Milova, Iliukhina, Danxina, Zhulkina eta Ezhikova.

Itxako. Milenkovic, Navarro, Barno, Egozkue, Teres, Planillo, Aguilar, Ramos, Tervel. Agirre, Alonso, Zebic, Martin, Fachinello eta Barbosa.

Lekua. Dinamo Ar. (1.500 ik.).

Ordua. 12:00 (Canal 6 eta Teledeporte).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.