Arrauna. San Miguel ligako taldeak: Tiran

Lehen lagun, orain aurkari

Galiziakoa delako Tiranek miresmena sortzen zuen iraganean, baina, orain, beldurrez begiratzen diote indartsuenekIaz bandera bat irabazi zuen San Miguel ligan, eta aurten faboritoen artean da

Tiran, iaz, Kontxako Banderako saikatze estropadan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2012ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Duela urte batzuk, galiziarrei miresmena zitzaien arraun munduan. Urrutitik datorren zerbait exotikoa balitz bezala begira- tzen zitzaien. Urtean behin azaltzen ziren Euskal Herrira, Kontxako banderarako sailkatzeko estropadara, eta arraun zalea poztu egiten zen estropada preziatuan aritzeko aukera irabazten bazuten. Orduan, ez ziren hemengo traineruentzat aurkari, koska bat beherago zeuden. Galiziakoak lagunak ziren.

Baina, orain, San Miguel ligan Galiziak duen ordezkari bakarra, Tiran, oilartu egin da. Indartu, sendotu. Iaz, esaterako, bereak eta bi egin zituen, estropada askotan bikain ibili zen, eta Orioko trapua etxera eraman zuen. Aurretik ere emanak zituzten kolpe batzuk, hain sonatuak izan ez baziren ere.

Aurten, alferrik jantziko dute ardiaren larrua. Galiziatik otsoa dator. Bukatu dira lagun zireneko garai haiek. Orain, aurkaria da ligako traineru indartsuenentzat. Ez diote begiratuko miresmenez urrutitik datorrelako. Akaso, egunen batean edo batzuetan, ahoa bete hortz begiratuko diete, iaz Orion eginikoa berriz egin dutelako, estropada edonon izanik ere.

Oso talde ona dauka Dani Perez Fandiñok bere aginduetara. Iazkoa ona bazen, aurtengoa hobea da, entrenatzaileak berak onartu duenez. Lau hutsune dauzka, eta beste lau arraunlarik ordezkatuko dituzte. Eta Barreirok izan ezik, beste hirurek ezaguna dute kluba, lehen bertan ibiliak baitira. Taldea egina dauka arduradun teknikoak, eta bera lan horretan dagoenetik, ontziak aurrera egin ditu urratsak urtero. Aurten ere hala tokatzen zaio. Pauso horrek zenbateko neurria izan dezakeen ikusi egin beharko da, baina arraun munduan ia ziurtzat jotzen da ohorezko txandan leku finkoa izango duela.

Hala gertatzen bada, banderak irabazteko borrokan sartuko da bete-betean. Jakina da nolako lehiakortasuna eta lanerako grina duten galiziarrek, eta ligako indartsuenentzat aurkari arriskutsua izan daiteke.

Taldeari begiratu bat ematen bazaio, adinari dagokionez jende heldua da nagusi: beterano dezente, hogeita hamar urtetik gorakoak, eta adin horren jiran dabiltzan beste batzuk ere bai. Gazteak ere badauzka, baina ez dira asko. Heldutasuna duen taldea da, hortaz, Tiran. Oso ondo ezagutzen dute arraun mundua, badakite zer egin behar duten, eta esperientziak asko laguntzen die estropadetatik ez joaten. Ez dute burua galtzen. Onak eta egoskorrak, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.