Baieztatu dute. Lehen Mailako taldea da Eibar. Espainiako Auzitegi Nazionalak ez du onartu Elxek eskatutako kautela handiko neurria, eta datorren denboraldian maila gorenean ariko dira gipuzkoarrak. Liga amaitu eta bi hilabete geroago argitu da egoera, auzitegietan. Eta ikusi egin beharko da Elxek zer erabakitzen duen, Eva Maria Alfageme epailearen epaiari helegitea jartzeko aukera daukalako oraindik.
Baikor zeuden Eibarren, eta, azkenean, bai, azkenean baieztatu dute Lehen Mailako taldea dela Alex Aranzabal buru duena. Joan den denboraldian zelaian maila galdu zuten gipuzkoarrek, bigarren itzuli txar-txarra eginda, baina Elxek zeuzkan zorrak tarteko, zigortu egin zuten kluba. Gainerako erabaki guztiak aurka izan ondoren, Herrialde Katalanetako klubak Auzitegi Nazionalaren kautela handiko neurria jaso zuen joan den astean. Baina Alfageme epaileak Eibar Lehen Mailan eta Elx Bigarren Mailan mantentzea erabaki du.
Ondorioz, Eibarrek Granadaren zelaian ekingo dio ligari, abuztuaren 22-23ko asteburuan. Bigarren jardunaldian iritsiko da lehen derbia, Ipuruan, Athleticen aurka.