Realak bi partida jokatuak ditu Lehen Mailan sasoi honetan, baina gaur itzuliko da goi mailara, sinbolikoki bada ere. Ezin da ukatu Almeriak eta Vila-realek lan bikaina egin dutela azken urteotan, baina aberats berriak dira, eta gaur egun Lehen Mailan baldin badaude eta urte gozoak bizitzen ari badira ere, erraz gerta dakieke hemendik urte batzuetara koska bat edo bi beherago egotea. Real Madril beste kontu bat da. Historia eta tradizio handiko kluba da, Reala bezala. Real Madrili irabaztea baino gauza gustagarriagorik ez dago zale eta jokalari txuri-urdinentzat. Gainera, oihartzun handia du eta erakusleiho aparta da. Zer esanik ez garaipena lortzen badin badu.
Garai batean, bi taldeak nor baino nor aritu ziren Espainiako Ligan. Gerora, globalizazioak eta futbol merkatuaren liberalizazioak bien artean egon zitekeen aldea areagotu zuen, amildegi bihurtzeraino. Gaur egun, produktu multinazionala da Real Madril. Realak ere ez dio negozioaren logikari ihes egin, baina oraindik ere sentimendu bat da, ororen gainetik. Bere burua suntsitzear egon da ekonomikoki, eta hiru sasoi eman ditu Bigarren Mailan, baina behin ere ez du galdu zaleen babesa, eta onik irten da.
Gauza asko ordezkatzen ditu talde txuri-urdinak. Erdipurdiko norgehiagoka ugari ikusi behar izan dituzte Anoetako zaleek azken urteetan, gaur egun beheko mailetan galduta dauden taldeen aurkakoak. Nola edo hala irabazi beharrarren presioarekin jokatzen zuen Realak, eta nekez ikusten zen ikuskizunik. Gaurkoa desberdina da. Dena eman beharko du taldeak, noski, baina urteetan pilatutako egarria asetzeko festa izan behar du, batez ere.
Ez da une txarra zurien aurka jokatzeko. Alde batetik, Realak ondo ekin diolako ligari, eta ez daukalako premia larririk oraindik. Bestetik, motorrak berotzen ari delako Real Madril. Entrenatzaile eta jokalari berriak dauzka, eta oso lan saio gutxi egin dituzte guztiek elkarrekin. Orain arte jokatu dituen norgehiagoketan, argi gelditu da goia urrun duela.
Realak, aldiz, bete-betean hasi nahi izan du denboraldia fisikoki, aurreko denboraldian bezala, itxura guztien arabera. Badaki Real Madrilek bere maila ematen baldin badu ezinezkoa izango dela irabaztea, edo berdintzea, baina saiatu beharra dago. Martin Lasartek atzo adierazi zuenez, «sinestea» da lehen pausoa: «Badakigu zaila dela, baina partida bakarra jokatuko dugu Real Madrilen aurka, eta partida bakarrean denetarik gerta daiteke». Motibazio lan handia egin ohi du, baina gaurko partidarako horren beharrik ez zuen izango.
Gaur emango du entrenatzaileak deialdiaren berri, eta ezin da baztertu Llorente bertan egotea. Nolanahi ere, hasieratik ez du jokatuko. Hutsune handia da, halakoetan hazi egiten delako eta taldekideei eta zaleei bere jarrera lehiakorra kutsatzen dielako, baina Tamudok ez du galdu gol sena. Ustekaberik ezean, Almeriaren aurka berdindu zuen hamaikako bera erabiliko du Lasartek. Aldaketaren bat egotekotan, zelai erdian egongo litzateke.
Real Madrilek jokalari berri ugari ditu, zelai erdian batez ere: Di Mariak eta Oezilek hasieratik jokatuko dute, ustekaberik ezean. Turkiar jatorriko ezker fina da lehen partidetan ondoen dabilenetakoa, Alonsorekin batera. Donostiarrak Realaren aurka partida ofizial bat jokatuko du aurreneko aldiz. Badaki zer den Real Madrili irabaztea, baita gola sartzea ere, eta gaur protagonista izango da, elastiko zuria soinean duela.
Lehen Mailara itzuli da
Real Madril boteretsuari hortzak erakusten saiatuko da Reala gaur Anoetan, Bigarren Mailan hiru denboraldi egin ondoren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu