Athletic aurkari handi batekin ari da ametsetan duela aste bitik, Europako Ligako final-hamaseirenetarako txartela eskuratu zuenetik. Ordutik kinielak egiten ari dira jarraitzaileak. Gehienek Ingalaterrako aurkaria gura dute. Ahal izanez gero, Liverpool. Bestela, Txapeldunen Ligatik kanporatu duten talderen bat aukeratuko lukete gehienek. Beste batzuek, berriz, gurago dute aurkari eskasago eta izen gutxiagoko baten kontra lehiatzea, baina eurentzat erakargarria den herrialde bat ezagutzeko aukera izatea. Guztientzat, hori bai, oso garrantzitsua da bidaia erosoa izatea.
Baina Athleticek ostiralera arte ez du jakingo zein izango duen aurrean hurrengo kanporaketan. Badirudi Werder Bremenen kontrako neurketak ez daukala garrantzirik, baina badauka. Besteak beste, Athleticek multzoko lehen postua eskuratzeko aukera daukalako. Zein den horren saria? Hurrengo kanporaketan itzuliko partida etxean jokatzea. Kasu horretan, gainera, ia aurkari gehienak «errazagoak» lirateke bigarren geratuz gero egokituko litzatekeena baino. Lehen postuan sailkatzea da Anfield Roaden jokatzeko aukera bakarra. Txapeldunen Ligan hirugarren geratu direnen artean puntu gutxien lortu duten lau taldeak -erdiak- Europako Ligan bigarren geratu diren taldeen multzo berean sartuko dituzte. Kontuan hartzeko gauzak dira.
Jokalarien esanak aintzat hartuta, hanka sartzeko arrisku barik esan daiteke ez dutela itxaropen handirik Werder Bremeni lehen postua kentzeko. Azken jardunaldira etxeko lanak eginda ailegatu izana nabarmendu dute. «Guztiontzat izango da neurketa ederra. Aurkari handia izango dugu aurrean, eta saria da. Horrek ez du esan gura lehen postua ezinezkoa denik», esan zuen atzo Carlos Gurpegik.
Werder Bremen talde ona da, baina argi dago ez dela garaiezina. Bundesligan, esaterako, kolpe gogorra hartu zuen azken jardunaldian. Lehiaketa irabazteko hautagaia den beste talde baten kontra huts egin zuen, zaleen aurrean. Schalke 04 taldeak mendean hartu zuen. Jakina da talde erasokorra dela oso. Zelai erditik aurrera jokalari on asko ditu. Ahal duen aldiro aurrera egiten du, eta gol asko sartzeko gai da. Baina erasokor jokatzeak eta ikuskizuna emateak sor ditzake arazoak ere. Defentsan, esaterako. Caparrosenek joanekoan ikasi zuten nola egin diezaioketen min Alemaniako taldeari.
Lau hutsune garrantzitsu
Beharbada, azken jardunaldietan aurkariarentzat izan den talde «astuna» izaten jarraitu beharko du. Baina gaurko neurketak ez du zerikusirik izango ligako azken jardunaldikoekin. Gaur gura eta gura ez arriskatu beharko du Athleticek. Gaur zuri-gorriak aritu daitezke antsietatez. Ondorioz, nekeza izango da Iraizozen atea azken norgehiagoketan bezain ondo zaintzea. Aurrean Pizarro, Ozil, Marin, Hunt eta enparauak egonda, garesti ordain dezake.
Caparrosek azken unera arte itxarongo du deialdiaren berri emateko. Jokalari asko daude arazo fisikoekin; besteak beste, Iraolak, Gurpegik, Llorentek eta Koikilik ezin izango dute jokatu. Nekeza izango da laurak ondo ordezkatzea. Horrenbeste hutsunerekin, ziurra da Ramalho deialdian egongo dela, eta baliteke Jon Aurtenetxe ere zerrendan egotea. Zornotzarrak 17 urtez azpiko Munduko Kopa jokatu zuen, Iker Muniainekin batera. Atzelaria da. Ezker hegalean zein erdian aritu daiteke.
Caparrosek gaur lan saioa egitea erabaki du, eta futbolariren batek min hartzeko arriskua dago, baina deialdia neurketaren egunean ematen hasi zenetik emaitza onak eskuratzen ari da Athletic. Horrenbestez... Entrenatzaileak arrastorik eman ez arren, ordea, litekeena da Amorebieta eta Susaeta hasieratik aritzea. Ezin izango dute jokatu euskal derbia, txartel pilaketa dela eta. Bestalde, De Marcos eta Yeste osatu dira eta oso litekeena da hasieratik aritzea. Baita Iñigo Diaz de Zerio ere. Aurrelari donostiarrarentzat partida garrantzitsua izango da.
Lehen postua da helburua
Europako Ligako final-hamaseirenetako itzuliko partida etxean jokatzeko, Bremengo 3-1ekoa hobetu beharko du gaur Athleticek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu