Lehen postua da saria

Leipzigekin batera B multzoko lider jartzeko aukera du Itxakok gaur Europan, alemaniarrek galdu eta gero

edurne elizondo
Iruñea
2010eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Itxakok Hungarian jokatuko du gaur Txapeldunen Ligako lehen ligaxkako hirugarren jardunaldiko partida, Korvex taldearen kontra. Hungariarren zaleen aurrean, helburu bakarra dute Ambros Martinen jokalariek: irabaztea. Lortuz gero, atzo Leipzigek Hyporen aurka 23-28 galdu ondoren, B multzoko lehen postuan jarriko lirateke nafarrak, alemaniarrekin 4na punturekin berdinduta.

Itxakok eta Korvexek ibilbide paretsua egin dute, orain arte, hasi berri den Txapeldunen Ligan: Austriako Hyporen aurka irabazi, eta Alemaniako Leipzigen kontra galdu dute bi taldeek. Ondorioz, bien arteko gaurko partidak zehaztuko du nafarren eta hungariarren arteko aldea.

Nafarrek konfiantza berreskuratu dute Hypo mendean hartu eta gero. 19-30 irabazi zuen Itxakok joan den astean, aurkariaren pistan. Talde historikoa da Hypo Txapeldunen Ligan, eta haren etxean irabazi izana pizgarri garrantzitsua izan da Lizarrako jokalarientzat. Behar zuten bultzada.

Izan ere, Leipzigen aurkako lehen jardunaldiko porrotak min handia egin zion Itxakori. Gol bakar batengatik galdu zuten nafarrek etxean, 23-24, irabazteko merituak egin arren. Europako bidea ahalik eta ongien hasteko irrikan ziren nafarrak, baina ezin izan zuten asmo hori egia bihurtu. Porrot horrek baldintzatuta jokatu zuten Hyporen aurkako partida, neurri handi batean, baina presioak, lehiaketako bigarren jardunaldiko partida horretan, on egin zion Itxakori. Martinen taldeak argi utzi zuen Europan ere protagonista izan nahi duela. Eta hori lortzeko lehen urrats sendoa egin zuen.

Gaur du bigarrena egiteko aukera, Korvexen aurka. Txapeldunen Liga irabaztea zer den ez dakite oraindik hungariarrek, baina horrek ez du erran nahi Europan esperientzia handiko taldea ez denik nafarren aurkaria.

«Talde lana, lehentasuna»

Bi aldiz irabazi du Korvexek EHF Kopa, azkenekoz duela hamalau urte. Europako Errekopako txapeldunorde izan da, halaber, bi aldiz. Talde historikotzat har daiteke, beraz, nahiz eta azken urteotan behera egin, nabarmen. Bere etxeko lehiaketetan ere, ibilbide luzeko taldea da Korvex. Bi aldiz irabazi du Liga. Azkeneko aldiz, hala ere, duela 23 urte eskuratu zuen txapela. Hungariako Kopa, berriz, bost aldiz irabazi du, azkenekoz duela 19 urte. Aurreko sasoian bigarren gelditu zen Hungariako Ligan Korvex, Gyori ETOren atzetik. Oraingo denboraldian ere, bigarren da, une honetan, Gyori ETOren atzetik, berriz ere.

Gyori bilakatu da, hain zuzen ere, Korvexen aurkari nagusi. Gaur, hala ere, Itxako izanen dute hungariarrek aurrean, eta Lizarrako jokalarien asmoa da, Gyorik egiten duen bezala, Korvex ere sailkapenean atzean uztea. Lor dezaketela sinetsita daude nafarrak.

«Jokalari bakoitzaren kalitatearen gainetik, talde lanari ematen dio lehentasuna Korvexek», azpimarratu du Ambros Martinek, hungariarrei buruz. Aurkariaren defentsa azpimarratu du, batez ere, hungariarren 6-0eko defentsa sendoa alegia. «Nazioarteko lehiaketetan esperientzia duten jokalari anitz baditu», gaineratu du Itxakoko entrenatzaileak.

Hamalau jokalarirekin abiatu zen Itxako ostiralean Hungariarantz. Etxean gelditu ziren, eta, ondorioz, ez dira gaur Korvexen pistan izanen, Naiara Egozkue, Macarena Aguilar eta Raph Tervel, oraindik ez baitira erabat osatu jokalariok.

Ezkerreko hegalean, beraz, Turey bakarrik gelditu da, eta Martinek tokiz mugitu beharko du bertze jokalariren bat, hutsa betetzeko. Litekeena da Sandy Barbosa jartzea postuan, Tureyk atseden hartzeko aukera izan dezan. Dena emateko ordua iritsi zaio Itxakori. Lehen postua da saria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.