Lehen zortzi sailkatuen artean muturra sartzeko lehia garrantzitsua du Iurbentiak

Bilbotarrek Granada hartuko dute gaur Casillan, sailkapenean postu bat atzerago dagoen taldea

ERREDAKZIOA / BILBO
2009ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Liga erregularra orain amaituko balitz, Iurbentia Bilbo Basketek ez lituzke jokatuko ACB liga irabazteko kanporaketak, ez luke egingo aurreko sasoiko balentria. Zorionez, asko falta da oraindik liga erregularra bukatzeko, hamabi partida, eta Bilboko taldeak badu oraindik aukerarik titulurako kanporaketak jokatzeko. Hamargarren da, baina garaipen eskas batera du zortzigarren sailkatua, Fuenlabrada, eta Espainiako taldeak atseden hartuko du jardunaldi honetan. Beraz, Iurbentiak gaur Granadari irabaziz gero, eta Ricoh Manresak Murtziaren kantxan galduz gero, bilbotarrek muturra sartuko lukete aukeratuen artean.

Baina, horretarako, Granada hartu behar du mendean Iurbentiak, bilbotarren antzeko egoeran dagoen taldea -11. postuan da, garaipen bat gutxiagorekin-. Granada ez da talde samurra. Bilbotarrek ondo dakite, lehen itzulian 74-71 galdu baitzuten.«Irabazten badugu, partidak ez du ezer erabakiko, baina galtzen badugu, egoera zailean geratuko gara», esan zuen atzo Bidorretak.

Iurbentiak jokatu dituen azken bi partidak galdu ditu, Unicajaren aurka ACB ligan eta Lietuvos Rytasen aurka Eurokopan, etxetik kanpo biak. Hori aintzat hartuta, orain arte etxean erakutsi duten sendotasunari heltzea eskatu die entrenatzaileak jokalariei. Bidorretak jokalari guztiak ditu prest gaurko partidarako.



BILBO BASKET-GRANADA

Txapelketa. ACB ligako 22. jardunaldiko partida.

Iurbentia Bilbo Basket. Sagado, Blums, Seibutis, Recker, Vazquez, Savovic, Lewis, Banic, Guardia, Pasalic eta Markota.

Granada. Cherry, Gianella, Fernandez, Gutierrez, Hunter, Scepanovic, Martin, Aguilar, Jasen, Maric, Borchardt eta Videnov.

Sailakapena. Iurbentia Bilbo Basket 10. postuan da: 9-11. Granada, berriz, 11. postuan da: 8-12.

Lekua. Casilla pabiloia (5.000 eserleku).

Ordua. 12:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.