Lehena, Massarentzat

Brasildarrak lortu du Valentziako zirkuituko lehen 'pole'-a, eta, Hamilton ondoan duela, biak dira faborito argiak

Laurentzi Garmendia
2008ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Iazko ekainaren 1ean sinatu zuten 1 Formula Valentziara eramateko akordioa Bernie Ecclestone eta Valmor izeneko enpresa valentziarrak. Jorge Martinez Aspar moto gidari ohia eta Vila-real futbol taldeko presidente Fernando Roig dira talde horretako buruak. Hain denbora laburrean hiri barneko zirkuitua moldatzeko gai izan dira, nahiz eta Valentziak baduen 1 Formularako baimendutako beste zirkuitu bat: Ricardo Tormo, Cheste herrian.

Gidarien iritziz, zirkuitu berria ona da, herri barrukoa izanda ere oso azkarra delako eta bihurgune azkarrak eta zailak dituelako. Aurreratzea errazagoa izango zela uste zuten, baina bi egunotan uste hori aldatu egin da, pista nahikoa zabala bada ere ibilbide egoki bakarra baitu; hortik kanpora, aldiz, oso irristakorra da. Hortaz, lehen itzulia buruan egiten duenak aukera gehienak izango ditu azken itzulia ere buruan egiteko.

Helburu horretarako ongien prestatua Massa izango da, atzo urteko laugarren pole-a bereganatu baitzuen. Bi hamarreneko aldea atera zion Hamiltoni, eta britainiarrak onartu zuen zaila izango dela Ferrarikoa gainditzea. Brasildarrak zortzi puntuko atzerapena dauka Hamiltonekiko, Hungarian ez baitzuen alerik eskuratu. Zazpi lasterketa falta direnez, Massa ez dago gaizki kokatua. Hamilton eta Massa dira zirkuitu berrietara egokitzen onenak, eta ez da kasualitatea biek ere lehen lerroa osatzea.

Arazoekin jarraitzen du Kimi Raikkonenek, txapelketako bigarrenak. Azken lasterketetan nora ezean ibili bada ere, goian jarraitzen du, eta lasterketa on batekin berriro muturra erakutsiko du. Valentziak ez dirudi horretarako aproposena, Massak astindua eman diolako entrenamenduetan. Lehen postuak Massarentzat behar luke, eta Hamiltonek bigarren postua galtzea apustulari ausartenek bakarrik aukeratuko dute.

Vettel, oso ondo: seigarren

Jendearen babesak ez zion askorik lagundu Alonsori, eta urteko postu txarrenetakoa lortu zuen espainiarrak. Renaultekoak oraindik ez du aukeratu hurrengo urterako taldea, eta dagoeneko urteroko kontua bilakatzen ari da, foiletoi modukoa. Horrek, gainera, beste taldeen fitxaketak baldintzatzen ditu, eta haiek ere erabakiak hartu ezinda daude. Hondak interes argia erakutsi badu ere, Alonso konbentzitzeko, autoaren maila ez den beste zerbaitekin saiatu beharko dute. Atzo Hondako bi gidariak ez ziren lehen sailkapena gainditzeko gauza izan.

Sebastian Vettel alemaniarrak egin zuen zirkuituko itzulirik azkarrena Q2 saioan, Toro Rosso autoarekin. Ondoren, seigarren sailkatu zen azkeneko Q3 saioan. Merezita dauka hurrengo urtean Red Bull anaia nagusiaren taldean korritzea, baina aurten erakustaldi gehiago emango ditu oraindik. Alonsok aukera aparta galdu zuen aurten Red Bull taldean korritzeko, eta orain dituen aukerak ez dira hura bezain erakargarriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.