Ehun eta hogeita hamahiru egun. Hemeretzi aste. Lau hilabete eta hamahiru egun Sebastian Vettelek titulua irabazi zuenetik Abu Dhabin. Tartean, Wikileaks afera, Irlandaren erreskatea, ETAren su-etena, Tunisian hasitako erreboltak... eta berriro 1 Formula. Igandetan beste hots guztiak isilaraziko dituen sinfonia hastera doa, hogeita lau musikariz osatua. Guztiak ez daude maila berean, ordea. Bakarlariek hartuko baitute protagonismoa, eta aurrez aurre izango dira, gainera: Vettel eta Alonso, nor baino nor ozenago.
Bi aste geroago hasiko da denboraldia, Bahraingo lasterketa bertan behera gelditu ostean. Maiatzera arte dute aukera egutegian beste nonbait kokatzeko, baina hori bigarren mailako kontua da Australiako lasterketaren alboan. Ia talde guztiei mesede egin die atzerapenak, urteko lehen lasterketa behar baino lehenago iristen baita. Oraindik ondo sendotu gabeko autoak ez dira gai lasterketa amaitzeko, eta HRTrentzat salbamena izan da atzerapena. Ongien prestatuta zeudenak, hara non, Red Bull eta Ferrari ziren. Onenak eta azkarrenak, gainera.
Iaz onenak izan ziren, eta ikusten da zergatik. Barne antolaketa aparta daukate, eta horrek beste guztia dakar. Autoak, zorua ukitzerako, milaka orduko lana zeraman gainean, eta hori bi gauzatan nabarmentzen da: sendotasunean eta abiaduran. Ferrarik osatu ditu beste inork baino kilometro gehiago, urteko lehen proba egunetik auto berriarekin ibili baita. Red Bull ere hasieratik izan da auto berria erabiltzeko gai, baina askotan gelditu dira eguneko programa bete gabe. Edozein kasutan, munduko txapeldunek inoizko denboraldi-aurrerik osoena burutu dute. Eta horrek beldurra sortzen du besteengan.
Beldur horrek zentzua ote duen ala ez gaur jakingo da lehenengoz, sailkapen saioa amaituta. Orain arte, guztia usteetan oinarritu da, eta jakina da nolako duen usteak erdia: ustela. Orokorrean iritzi guztiak bat datoz: Red Bullek iazko ziri berdina sartuko die aurten ere. Neguan ondo ibili ziren, baina benetako abiadura erakusteko unea iritsi zenean eman zuen benetako kolpea. Aurten halako zerbait egiteko moduan direla dirudi, eta proba denboraldia horren ondo pasatu izanak gehiago sendotzen du arrisku hori.
Gidari guztiek itxaropen hitzak erabili dituzte, baina oso neurtuta. Inork ez du itxura txarrik eman nahi, baina, aldi berean, ez dute ahoa asko ireki nahi. Ez da horren beharrik. Jakina da gidaririk indartsuenak Vettel eta Alonso direla. Ez dago ezbairik. Webberrek etxean hasiko du denboraldia, iazko tentsio uneak ahaztu nahian. Hamiltonek indartsu amaitu zuen iaz, eta McLarenek sorpresaren bat du gordea Australiarako —atzoko lehen saioetan haiek izan ziren azkarrenak—. Schumacherrek iazkoa baino auto hobea du, eta Bartzelonan oso sendo amaitu zuen. Massak pneumatiko beroketa arazoak atzean utzi omen ditu. Berdin dio. Vettel eta Alonso besteen gainetik daudela erakutsi zuten iaz.
Lasterketa batzuk beharko dira oraindik bien autoek nola erantzuten duten ikusteko, baina titulua jokoan izango dute bihartik aurrera. Eta horrek esan nahi du inoiz ezin direla podiumetik urrundu, txapelketa irabazteko podiumean egon behar baita. Oso ondo prestatu dira bien taldeak, eta hasieratik estu lehiatzeko autoa dute. Lehen garaipena kolpe morala da, besteak izutu eta isilaraztekoa.
Lehenak azkenak adina balio baitu
Australian hasiko da bihar 1 Formulako munduko txapelketa, joan den sasoian sasoiko zeuden gidari berberekinVettelek eta Alonsok, Red Bullek eta Ferrarik, lehen kolpea eman nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu