Lehenbizi, Vallecas

Athleticeko jokalariek burutik kendu beharko dute Espainiako Kopako finalerdia, Rayo Vallecanoren kontra lehiakor izatekoJavi Martinezek gainkarga bat du eskuin hankan, eta Bielsak ez du sartu deialdian

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Athletic final baten atarian dago. Ez da urtero gertatzen den gauza: azken mende laurdenean, laugarren aldiz sailkatu da txapelketa bateko finalerdia jokatzeko; laurak, Espainiako Kopan. Eta aurreko hiruretatik behin baino ez da sailkatu finalerako. Estatistikek argi eta garbi erakusten dute gaitza dela garaipenak lortzeko borrokan ibiltzea. Hortaz, normala da Athleticeko jokalariak ilusioz gainezka egotea, Kopa gosea edukitzea. Nork jakin noiz izango duten antzeko beste aukera bat.

Denbora apur bat izanez gero, normala da amets egitea: 2009an Valentzian egoteko aukera izan zutenek orduan bizi izanakoa oroitzeko parada izango dute. Athleticek jokatu zuen azken finalean parte hartzeko aukera izan ez zutenek, berriz, aukera izango dute nolakoa izan daitekeen imajinatzeko. Eta hori guztia bizi ahal izateko, badakite Mirandes kanporatu behar dutela. Beraz, indarrak gordetzeko tentazioa izan dezake jokalari batek baino gehiagok. Hala eginez gero, ez litzateke izango profesionala. Aurretik Ligako neurketa jokatu beharko baitu Athleticek gaur. Bigarren itzuliko lehena, Madrilen, Rayoren aurka.

«Vallecasen ere bizia eman beharko dugu. Ilusioa duen talde gaztea izanik, ongietorriak dira lehiaketa guztiak. Gure jokatzeko erari eutsita zelai txiki batean talde irabazlea garela erakutsi behar dugu», esan du Ander Herrerak. Ildo beretik jardun da Ander Iturraspe. «Badakigu Rayo zer-nolako taldea den. Euren kontrako partidan daukagu burua».

Jose Ramon Sandovalen taldeak ez dauka zerikusirik iraganeko Rayorekin. Zelaia eta elastikoa betikoak dira, baina taldea aldatu egin da. Rayo denboraldion itzuli da Lehen Mailara, baina ez du egiten igo berriek egiten duten futbola. Euren mugez jakitun, norberaren atea zaintzeari golak sartzeari baino arreta handiagoa jartzen diote talde apalek. Ez da Rayoren kasua. Talde ausarta izanda eutsi nahi dio mailari. Eta, orain arte, helburua lortzen ari da. Lehia askotan ondo jokatu ostean, sailkapenaren erdialdean dago. Athleticek baino lau puntu gutxiago ditu. Infernua hiru puntura du, eta gogor lan egin beharko du, baina orain arteko jokoarekin jarraituz gero beteko du helburua. Egiten ari den lanak azken emaitzan isla nabarmenagoa izateko aurrelari bi fitxatu berri ditu: Diego Costa eta Emiliano Armenteros. Futbolari onak dira, baina gaur ez dute jokatuko.

Hala ere, Athleticen asmoa da Rayo jardunaldi amaieran hasi aurretik baino urduriago egotea. Vallecasen irabaztea, alegia. Berez, Rayoren dohainek mesede egiten diote Athletici, zuri-gorriak askoz hobeto aritzen baitira lehen minututik irabaztera zelairatzen diren aurkarien kontra, atzean sartzen direnen aurka baino. Beraz, lan ona egiteko aukera dauka Marcelo Bielsaren taldeak. Zuri-gorrien alde dago aspaldian eskuratu dituzten emaitza onek ekartzen duten konfiantza eta bi taldeen artean dagoen kalitate aldea. Kontra, ordea, erronka garrantzitsu bat ate-joka ibiltzeak sor dezakeen nahasmena eta Rayok izango duen babesa. Jokoan dauden puntuei dagokienez, talde bientzat dute antzeko garrantzia. Etxekoek zulotik ahalik eta gehien aldentzeko baliatu gura dute, eta bisitariek Europako postuetara bueltatzeko.

Gaurko hamaikakoari dagokionez, azken orduko hutsunea izan du Bielsak. Javi Martinezek gainkarga bat du eskuin hankan, eta argentinarrak ez du sartu deialdian. Alvaro Peña gazteak hartu du haren tokia deialdian. Hamaikakoan, berriz, Mikel San Josek ordezkatuko du. Oscar de Marcos, berriz, zigortuta dago, eta Iñigo Perez ariko da bere ordez. Iker Muniain, azkenik, kili-kolo dabil, eta litekeena da David Lopezen alde egitea Bielsak.

Kopako sarrerak, astelehenez

Taldeak Madrilen du burua. Zaleek, baina, Miranda Ebron (Espainia), bi taldeek datorren asteartean Anduvan jokatuko duten partidan. Mirandesek harmaila gehigarri bat jarriko du, eta 6.000 ikusle sartu beharrean, 7.700 inguru sartuko dira. Hala ere, ez da denentzako tokia izango. Athleticek 432 sarrera jarriko ditu salgai astelehenean, 10:00etatik aurrera, 90 euroko salneurrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.