1. SLOVAN. 2. ATHLETIC

Lehenbiziko urrats sendoa

Athleticek ausart jokatu du Bratislavan, eta nagusi izanda hartu du mendean Slovan, Europako Ligako ligaxkako lehen partidanZuri-gorriei lasaitasuna eta konfiantza emango die sasoiko lehen garaipenak

haritz gallastegi
Bilbo
2011ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Golak: 0-1: Susaetak (13. min.). 1-1: Guedek (35. min.). 1-2: Muniainek (40. min.). Epailea: Alon Yefet (Israel). Txartel horiak: Slovaneko Milinkovici, Hadi eta Bagayokori; eta Athleticeko Muniaini, Gurpegiri eta Javi Martinezi. Bestelakoak: 8.000 ikusle Bratislavako Pasiensky estadioan, Europako Ligako F multzoko ligaxkako lehen jardunaldiko partidan.

Athleticek 1-2 hartu zuen mendean atzo Bratislavako Slovan Europako Ligako ligaxkako lehen partidan. Multzoko bi onenen artean sailkatzeko garrantzia handia duten hiru puntu eskuratu zituen. Hala ere, jakinekoa da Eslovakian lortutakoak ez duela aparteko garrantzirik izango Athleticen historian. Estatistikei errepaso bat emateko ordua egokitzen denean gogoan hartuko den norgehiagoka baino ez da izango da: Europan lehiatzeko aukera izaten duen hurrengo aldian aurreko ekitaldietan lehen partidan lortutako emaitzak gogoratzeko, edota etorkizunean aurkari berberaren aurka jokatzea tokatzen denean gogoratuko dugun neurketa izango da. Hala ere, Bratislavan lortutakoak askok uste dutena baino garrantzia handiagoa izan lezake. Athleticek aro berriko lehen garaipena lortu zuelako atzo. Marcelo Bielsak zuri.gorrien ardura hartu zuenetik zaleek hartu duten lehen poza da. Eta, bide batez, hasitako bidea zuzena eta egokia dela berresteko behar zen garaipena da. Dudak uxatzeko, alegia.

Muniainek, De Marcosek eta enparauek neurketa bukaeran zuten poza esanguratsua zen oso. Jokalariek jakin bazekitelako Athleticek urrats sendoa eman zuela. Lehena. Irabazteaz gain, hiru puntuak lortzeko era ere protagonistek gura zuten modukoa izan zelako. Estilo berriarekin. Kosta egingo da, baina apurka-apurka atzean geratuko da azken lau denboraldiotan Athleticen jokoak izan duen ezaugarri nagusia: danbatekoarena, alegia. Zuri-gorriek mugak dituzte eta inork ez dezala pentsa danbafutbola utzi eta sanba futbola egiten hasiko direnik. Hori talde brasildarrek eta, gertuago, Ajax onenak eta egungo Bartzelonak egin dute. Ahaztu horrekin. Baina Athletic berri eta erakargarriago baten atarian gaudela dirudi. Zaleak dibertituko dituen talde bat ari da sortzen. Muniain, Iturraspe, Herrera eta hauen antzeko ezaugarriak dituzten futbolariak nabarmenduko diren talde baten lehen pausoak dira.

Lehen zati bikaina

Athleticek Pasiensky futbol zelaian egin zuen lehen zatiak Ernesto Valverderen edota egun Municheko Bayernen eskolak ematen jarraitzen duen Jupp Heynckesen arorik onenaren traza izan zuen. Lehen minututik garaipenaren bila zelairatu zen. Ausart, lotsarik gabe. Aurkariaren dohainei erreparatu beharrean, norberak dituenak azaleratu guran. Eta baita lortu ere. Presioa egoki eginez eta baloiaren jabe zenean erabaki egokiak hartuz, atzean sartu zuen Athleticek Slovan. Jaun eta jabe ziren kanpokoak soropilean. Harmailetan zeuden eslovakiar zale beroek hasieratik ikusi zuten ezinezkoa izango zela aste batzuk lehenago Romaren aurka emandako ezustekoa errepikatzea. Lehen abisua Iturraspek eman zuen neurketaren ordu laurdena bete aurretik. Abadiñokoaren jaurtiketa atzelari batek urrundu zuen atera zihoanean. Espanyolen aurka ez bezala, bigarren aukerarako atea zulatzea lortu zuten Bielsaren mutilek. Llorentek pase loratu batekin bakar-bakarrik utzi zuen area barruan Muniain. Athleticeko harribitxiak burua altxatu eta atzera bidali zuen baloia eta han agertu zen Susaeta erremate gurutzatu bati esker zuri-gorrien lehen gola sartzeko.

Markagailuan aurrea hartzeak konfiantza eman zion Athletici. Ondorengo minutuak izan ziren onenak. Nagusitasun horri esker gertu izan zuen bigarrena Gabilondok. Neurketa kontrolpean zuen Athleticek, baina apurka-apurka indarra galtzen joan zen. Eta aurkariek ere jokatzen dutenez, Slovan aurrera egiten ahalegindu zen. Gogotsu, baina aparteko arriskurik sortu gabe. Hala ere, etxeko taldeak neurketa berdindu zuen izan zuen aukera apurretako batean. Guedek ondo aprobetxatu zuen area barruan galdutako baloi bat banakoa egiteko. Lan ona egin arren, hutsetik hasi behar. Kosta egin zitzaion Athletici, gainera. Berdintzearen osteko minutuetan galduta ibili zen. Une gaitz horretan agertu zen Muniain zalantza guztiak uxatzeko. Arean baloia hartu, atzelari bati iskin egin eta baloia zutoinaren ondotik sartzeko gai izan zen. Goi mailako jokalaria izateko dena daukala berretsi zuen atzo ere. Aurrea hartzearekin gutxi ez, eta lehen zatia amaitu aurretik neurketa erabakita lagatzeko aukera izan zuen Llorentek. Aurrelariak jaurtiketa eskasa egin zuen atezainaren aurrean bakarrik.

Bigarren zatia distira gutxiagokoa izan zen. Slovan grina handiarekin zelairatu zen. Etxeko taldeak kendu egin zion baloia Athletici eta kosta egin zitzaien Bielsarenei galdutako lekua berreskuratzea. Tarte horretan Slovanen gol bat utzi zuen balio gabe Alon Yefet epaileak. Iraizozi area txikian falta egin ziotela adierazi zuen. Slovanen azken agerraldia izan zen. Etxekoak indarra galtzen joan ziren neurri berean berreskuratu baitzuen neurketaren kontrola Athleticek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.