David Moyesen etorreraz geroztik partidarik galdu gabe zegoen Reala, baina bolada hori Vila-Realen kontra hautsi zaio. Txuri-urdinek ongi hasi dute partida, eta hutsean joan dira atsedenaldira, baina bigarren zatian nabarmen egin dute behera donostiarrek, eta dena alde izan dute etxekoek hiru puntuak eskuratzeko.
Lehen gola jasotzearekin batera jaitsi ditu besoak talde gipuzkoarrak. Gehiago zen Vila-Real, baina zorte kontua izan da etxekoen lehen gola. 64. minutuan Brunok jaurtitako faltak langa jo, eta erreboteak Zubikarairi eman dio bizkarrean, baloia Realeko atezainak sareratuz. Hortik aurrera, zelaitik desagertu dira donostiarrak, eta aldea handitu dute etxekoek 73. eta 80. minutuetan. Moi Gomezek bere bigarrena eta Vila-Realen laugarrena egin du 86. minutuan.
14. postuan dago Reala, hamahiru puntu pilatuta. Datorren igandean derbia jokatuko dute txuri-urdinek Athleticekin, Anoetan (21:00).