Lehengo tokian dago

Realak lehen zati kaskarra jokatu du Riazorren, eta bigarrenean ez du asmatu norgehiagokari buelta ematenTxuri-urdinek ez dute erasoan arriskurik sortu, eta arnasa eman diote Deportivori

enekoitz telleria sarriegi
2011ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Lehengo tokian dago Reala. Arriskua urruti dago, baina ametsa ere bai. Eta zalantzak berberak dira. Izan ere, zalantza berriak ditu orain Realak nonbait. Gora edo behera begiratu behar ote duen zalantza sortu da orain. Lasartek berak eman du horren berri. Eta arriskuaz ohartarazi. Alegia, mailari eustea orain, eta Europarako ez sailkatzea orain, gutxitxo irudituko zaiola jendeari. Horretarako arriskua agerikoa dela. Eta komeni da zalantza horiek ahalik eta lasterren argitzea, bestela atzo Riazorren emandako itxura kaskarra eta zalantzaz betea emateko arriskua dago. Egia da Deportivok ez zuela beste mundukorik erakutsi, ez zela azkenean Realaren gainetik ere pasatu, baina gutxi eginda asko lortu zuen. Kontrarioak oraindik gutxiago egin zuenaren seinale.

Ausartago ekin zion partidari Deportivok Realak baino. Anbizio gehiagorekin. Egia da kosta egin zitzaiola asmatzea, baina hari adina kosta zitzaion Realari erreakzionatzea, eta lehen zati osoan ez zuen lortu. Oso goian presioa eginez hasi zen etxeko taldea, eta lotu egin zuen Reala. Ez zion baloiaren jabetzarik utzi, eta ez zuen Realak jokatzen asmatu. Ez zuen jokaldirik eraiki, ez zuen arriskurik sortu eta arazo handiak izan zituen zelaian jarri, ongi ireki eta mugitzeko. Lapurtutako baloi bakoitza lapurtu zioten. Sormenean ez zuen ezer sortu, eta defentsan ere ohi baino arazo gehiago izan zuen zirrikituak ixteko.

Ez zen Reala partidan sartu, eta Deportivo bai. Izan ziren kaleak pasean, izan ziren galdutako baloiak atzean, eta galdutakoak aurrean, baina geroz eta atzerago ari zen Reala eta geroz eta aurrerago Deportivo. Rikik eman zuen lehen abisua. Hasierako hamaikakotik kanpora utzi zuen Lotinak atzo, baina Lassadek min hartu zuen 12. minutuan, eta hura irten zen haren ordez. 29. minutua zen eta Rikiren jaurtiketa Bravoren zutoina laztanduz pasatu zen zen. Erritmoa bizitu zuen Deportivok. Konfiantza hartu. Hazi. Atzean sartuta ari zen ordurako Reala. Ez zuen erasoan arriskurik sortzen asmatzen. Griezmannek eta Prietok ez zioten taldeari mugikortasunik ematen, Rivasek ez zuen zelai erdian tokia egitea lortzen, eta Agirretxe ez zen agertu ere egin.

Beste modu batean ari ziren ordurako Adrian, Guardado eta Riki. Zelaia irekita, zirrikituen bila. Ikusgarritasunik gabe, baina eraginkor. Geldikako jokaldiak horrelakoetan erabakigarriak izaten direla esatea behin eta berriz erabili ohi den errekurtsoa da horrelakoetan, baina zerbaitengatik izango da. Geldikako jokaldi horietako batean jarri zuelako alde partida Deportivok. Guardadok area barrura erdiratu, Deportivoko atzelari batek buruz Rikiri utzi, eta hark buelta erdian gol bikaina sartu zuen. 40. minutua zen. Reala asmatu ezinda ari zen eta Martin Lasarte buruari eragin eta eragin, irtenbide baten bila. Bi gol-aukera bakarrik izan ziren lehen zati horretan. Rikirenak biak, eta bat gola. Bazituen buruari eragiteko motiboak.

Horregatik zirudien bigarren zatiaren hasieran erreakzionatu zuela Realak. Beste jarrera bat somatu zitzaiolako, Ilarramendik Realaren asmo berriak agerian utzi zituelako... Baina zaplastekohandia izan zen intentzio berri horientzat Adrianen gola. 56. minutua zen. Kontraerasoan sartu zuen, Realeko atzelariak ezusten harrapatu eta inolako aukerarik eman gabe.

Kolpea zen. Kolpe erabakigarria ustez. Deportivok partida ongi lotuta zuela zirudien, baina Agirretxeren golak jarri zituen Riazorren bildutakoak erabat zalantzan handik lasterrera. 64. minutua zen. Ona izan zen gola. Sartzeko era ona, eta unea hobea. De la Bella eta Sarpong zelaian ari ziren ordurako. Haien alde egin zuen Lasartek. Beste abiadura bat eman nahi zion partidari. Beste sakontasun bat taldeari. Eta lortu zuen golaren osteko lehen minutuetan, baina lehengora bueltatzeko arrisku gehiegirekin.

Ifranen debuta

Saiatu zen Reala, eta sartu zuen Lasartek Ifran ere zeregin horietarako. Atzoko hori zuen debuta talde txuri-urdinarekin partida ofizial batean, baina alferrikakoak izan ziren haren eta harekin batera sartu ziren jokalari berrien ahaleginak. Arriskurik ez, sakontasunik ez eta abiadurarik ez. Etxetik kanpora galtzen duen hamargarren partida galdu zuen Realak. Lasaitu beharra dauka, eta zalantzak uxatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.