Lehengoak oraingoekin

Pablo Berasaluzek hartuko du Barriolaren tokia zerrendaburuen artean, eta iaz aritu ez ziren bost pilotari ariko dira aurtengoan

enekoitz telleria sarriegi
Bilbo
2009ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Udazkenaren hasierak beti izaten ditu aje berberak Lau t'erdiko Txapelketan: batzuen nekea eta besteen ilusioa. Udan partida asko jokatu eta kaiola barruan aurreko puntan aritzeko hautagaiaren ajea izaten da lehenengoa. Atseden hartu nahi eta behar duenarena. Faboritoena. Udan bererik eman ez eta lau t'erdian tokia egin diotenen ajea izaten da bigarrena. Iritsi berriena. Edo uda aparta egiteagatik saritu dutenarena. Ilusioarena.

Horiek guztiek, lehengoek eta oraingoek, lehenengoek eta lehenengo izan nahi dutenek egin zuten atzo bat Bilbon, EPELen Lau t'erdiko Txapelketaren aurkezpenean. Lehiaketa sisteman ez da aldaketarik izan. Enpresa bakoitzak hamar pilotari jarriko ditu lehian, eta Asegarceko hamargarrena Agirrek eta Diazek heldu den astelehenean jokatuko duten kanporaketatik irtengo da -berriz ere Arteagakoa aukeratu du enpresak inori jokatzea gustatzen ez zaion partidarako-. Asegarceren zerrendan, gainontzean, ez da aparteko ezustekorik izan. Aimar Olaizola egungo txapelduna ageri da guztien gainetik, eta Berasaluze VIII.a aukeratu dute zerrendaburu tokirako -iaz Berrizkoak egindako lan txukunaren ordaina ere bada-. Lehen Aspekoak ziren hiru zerrendaburu (Irujo, Titin III.a eta Barriola) eta bakarra Asegarcekoa (Olaizola II.a). Orain bi zerrendaburu izango ditu bakoitzak. Inaxio Errandonea Aspeko kirol zuzendariari ez zaio iruditu horrekin ezer galdu dutenik: «Beste enpresarekin adostutako zerbait izan da, eta txapelketaren onerako izango delakoan hartutako erabakia da. Gure pilotariek kantxan erakutsiko dute euren ahalmena».

Asegarceren zerrendan besteak Kokaren eta Larralderen ordezkoak dira. Kokak ez du jarraituko enpresan, eta Larraldek ez du enpresako teknikariek espero zuten mailarik eman nonbait. Leiza eta Saralegi dira berriak. Ez dira berriak lau t'erdikoan, baina bai iaz aritu ez eta aurten ariko direnen taldekoak. Espezialistak dira biak distantzia horretan, eta kontrario ezerosoak edonorentzat.

Mikel Olaetxea ere eskubide osoz ariko da Asegarcerekin. 2. Mailako lau t'erdikoa irabazi zuen iaz eta horri esker lortu du txartela. Bengoetxea VI.a txapela irabazteko hautagaien artean ikusten dute askok -Irujo da bere adarrean zerrendaburua-, Olaizola I.ak bi kanporaketa atera zituen aurrera iaz -bat, gainera, Xalaren kontra-, eta Patxi Ruizen parte-hartzeak ere eman du zeresana. Aspaldian onartu zuen berak ez zeukala lau t'erdian aritzeko asmorik (gogorik), baina bizkarreko minak onera egin du eta enpresak jokatzera behartzeko emandako argudioek ere izan dute nonbait zeresana. Estu hartu dutela, alegia.

Titinen erronka

Aspek egindako apustuak ere baditu bere argudioak. Irujo eta Titin III.a dira enpresako bi zerrendaburuak. Txapeldunordea da Irujo, eta bidean galdutakoa kaiolan topatu nahi duen hautagaia Titin. Izan ditu errioxarrak zalantzak. Debutatu zuenetik egin duen udarik kaskarrena izan da harena aurtengoa. Eta udan emandako mailak bultzatuta aritzen da hura urtero lau t'erdikoan. Bultzada hura falta zitzaion nonbait, eta berak aitortu duen baino gehiago kosta zaio erabakia hartzea. Kaiolan topatu nahi du orain frontoi osoan topatzerik izan ez duena. Deitu inspirazioa, deitu txispa, deitu freskotasuna.

Gonzalezen eta Xalaren jarduna da Asperen beste argudioetako bat. Zera dio argudio horrek: zerrendaburuenganaino iritsi beharko lukete. Atzoko aurkezpenean ez ziren izan, baina han izan edo ez, haien sasoiaren berri izatea ez da erraza. Gonzalez Berasaluze zerrendaburuaren adarrean dago, eta Xalak Titin du zerrendaburu gisa. Auskalo.

Beste apustuak gazteen alde egindakoak dira Aspen. Beroizek uda osoan egindako lanaren saria jaso du. Bigarren Mailako buruz buruko txapelduna da, egun binakako jardunean ari den atzelaririk sendoenetakoa ere bai, baina inor gutxik daki lau t'erdi barruan eman dezakeenaren berri. Ematen duen baino mugimendu azkarragoak dituela egia da, baina hasieran oso zaila dauka, Oinatz Bengoetxearen kontra.

Ongai eta Lasa ere badira berriak. Lehenengoak oso-oso ongi jokatu zuen azken Nafarroako lau t'erdikoan, eta horri esker kendu dio tokia Del Rey errioxarrari. Bigarrena Aspek fitxatu duen pilotaririk errentagarrienetako bat da. Frontisen emandako itxura txukunarengatik egin zuen haren alde Inaxio Errandoneak, eta ez du kale egin udan. Lau t'erdi barruan espezialista da. Afizionatu mailako txapelik preziatuenak irabazita dauzka, eta Frontisen ari zenean Nafarroako Lau t'erdikoa irabazi zion Jorge Nagoreri. Iaz izan zen hori. Aurten txapelketa nagusian ariko da, eta Urretxuko Ederrenan ariko da estreinakoan, etxean.

Retegi Biren eta Berasaluze IX.aren alde egindako apustuak ere inoiz lehertuko diren espezialista gazteen alde egindakoak dira. Olazabalen aldekoa ere bada konfiantza erakustaldi bat. Uda kaskarra egin du, eskuetako minez, baina Aspeko arduradunek ikusten diote lau t'erdian aritzeko gaia eta eman diote aurten ere aukera.

Bi hilabete iraungo duen ikuskizuna dute guztiek aurretik. Abenduaren 8an da finala. Jaieguna da, baina asteartea izatez. EPELeko arduradunek egun horren alde egin dute. Neurtuta daukate guztia. Astearte batean jokatuta beste kirolekin -futbola kasu- ez dutela lehian aritu beharrik argitu zuen atzo Iñigo Salbideak, Asegarce enpresako gerenteak.



Erreakzioak

«Atseden hartuko dut, txapelketara ahalik eta freskoen iristeko»

Aimar Olaizola
Asegarceko aurrelaria
«Entrenamendu pare bat egitea da nire helburua. Nahiago dut atseden apur bat hartu; udan partida asko jokatu ditut eta txapelketara fresko iritsi nahi nuke».

«Uda honen ostean, ez da komeni gogorregi hastea, lesiorik ez izateko»

Juan Martinez de Irujo
Aspeko aurrelaria
«Lehenengo, atseden hartu, eta apurka hasiko naiz entrenatzen. Udan izandako partida guztien ostean, ez da komeni gogorregi entrenatzen hastea, lesioak orduan etortzen direlako».

«Ahaztu dut lesioa,eta jokoz hobeto ikusten dut neure burua»

Oinatz Bengoetxea
Asegarceko aurrelaria
«Ahaztu dut jada udan min hartuta egin nuen geldialdi hura, eta jokoz hobeto ikusten dut neure burua. Hasteko, ez zait kontrario erraza tokatu, baina pixkanaka aurrera egitea da helburua».

«Lau t'erdia bai, bainanik benetan lehiaketan aritzea dut gustuko»

Titin III.a
Aspeko aurrelaria
«Lau t'erdia gustuko dudala egia da, baina nik benetan lehiaketa dut gustuko, nik eta pilotari guztiok. Zerrendaburua naiz eta denbora ematen dit horrek ongi prestatzeko».

«Bizkaitarron adar bat egotea benetan seinale ona da guretzat»

Berasaluze VIII.a
Asegarceko aurrelaria
«Bizkaitarron adar bat egotea seinale ona da benetan. Zaila izango da denok aurrera egitea, baina ea lau horietatik norbait finalerdietara iristen den. Motibatuta nago txapelketarako».



«Orain arte egindakoa sekulakoa izan da, eta hau sari bat da niretzat»

Mikel Beroiz
Aspeko atzelaria
«Ez zait egokitu batere hasiera erraza. Bengoetxea VI.a txapela irabazteko hautagaia da eta ahal dena egingo dut. Ni gustura nago orain arte egindakoarekin, eta hau sari bat da».

«Iaz bi partida irabazi nituen eta aurtengorako indarra eman dit horrek»

Asier Olaizola
Asegarceko aurrelaria
«Partida gutxi jokatu ditut udan, baina gustura aritu naiz. Lau t'erdia ez dut gustuko izan, baina iaz bi partida irabazi nituen eta entrenatu eta prestatzeko indarra eman dit horrek».

«Etxean ariko naiz,horrek dituen alde oneta txar guztiekin»

Aritz Lasa
Aspeko aurrelaria
«Partida zaila daukat hasteko, baina lau t'erdia gustatzen zait eta aukera baliatzen saiatuko naiz. Ilusioa dut. Etxean ariko naiz, horrek dituen alde on eta txar guztiekin».

«Udak utzitako aho zapore txar hori kendu nahi dut lau t'erdian»

Mikel Olazabal
Aspeko aurrelaria
«Uda ez da batere ona izan niretzat. Eskuetako minez hilabete egin dut geldirik eta ez dut batere emaitza onik izan. Lau t'erdiari ilusio biziz ekingo diot, aho zapore txar hori kentzeko».





Xehetasunak

ZERRENDABURUAK

Berasaluze VIII.a da berria. Abel Barriolak min hartuta jarraitzen du, eta haren tokia Pablo Berasaluzek hartu du.

IAZ BAI, AURTEN EZ

Bost pilotarik kale. Barriola eta Zubieta min hartuta daude. Larralde, Del Rey eta Koka euren enpresek horrela erabakita gelditu dira aurten kanpora.

PILOTARI BERRIAK

Sei barrura. Beroiz, Lasa, Ongai, Olaetxea, Saralegi eta Leiza ez ziren aritu iazko txapelketan. Aurten euren alde egin dute Aspe eta Asegarce enpresek.

AURRETIK

Agirre berriro. Hura da aurten ere Asegarcek aukeratutakoa. Agirrek eta Diazek jokatuko dute txapelketa hasi aurreko kanporaketa.

FINALA, ZEHAZTU GABE

Donostian ala Gasteizen? Enpresen Ligak oraindik ez du erabaki non jokatuko den finala. Iaz Bilbo aipatu zuten, baina lanak geldirik daude aspaldian. Atano III.a prest dago eta Ogetako lanek azarorako bukatuta egon behar lukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.