Etapa motz-motza eta gogorra. Ondorioa? Leherketa. Hasi eta bukatu, ikusgarria izan da Italiako Giroko hamaseigarren etapa, eta dezente argitu du sailkapen nagusiko egoera. Alejandro Valverdek (Movistar) irabazi du etapa, Steven Kruijswijki (Jumbo) eta Ilnur Zakarini (Katuxa) esprinta irabazita. Lehen kilometroetan asko sufritu ondoren, Esteban Chavesek (Orica) atzetik aurrera egin du, eta 42 segundora mugatu du, azkenean, galera —37ra iritsi dira Bob Jungels (Etixx) eta Diego Ulissi (Lampre)—. 50 segundo galdu ditu Rafal Majkak (Tinkoff), eta azken kilometroetan lehertuta, 1.47 minutu Vincenzo Nibalik (Astana), Domenico Pozzovivorekin (Ag2r) batera.
Are atzerago, 3.20ra helmugaratu dira, besteren artean, Andrey Amador (Movistar) eta Kanstantsin Siotsou (Dimension Data), eta 5.28ra Rigoberto Uran (Cannondale). Sailkapen nagusian, Kruijswijkek oso sendo jarraitzen du lider, 3.00 minutura dago orain Chaves, bigarren postuan, eta 3.23ra Valverde, hirugarren. Nibalik laugarren postura egin du atzera. Kruijswijkengandik 4.43ra dago italiarra, eta 4.50era dago Zakarin. Molveno eta Cassano d'Adda artean, hamazazpigarren etapa jokatuko dute bihar, 196 kilometrokoa. Samurra da ibilbidea.