Lehertzea bakarrik falta zaio

Athleticek aurrerapauso handia eman du jokoan, baina arerioaren ate aurrean eraginkorragoa izatea falta zaio oraindik. Marcelo Bielsa entrenatzaile aproposa da, ordea, bilbotarren gisako talde gazte bati etekina ateratzeko.

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Arrakasta lortzeko bide asko daude. Makina bat era daude talde batek dituen helburuak lortzeko. Joaquin Caparrosek bide zuzenena aukeratu zuen Athleticeko entrenatzaile zenean; zelaiko edozein tokitatik Fernando Llorenterenganaino zegoen biderik laburrena baliatu zuen arrakasta lortzeko. Eta lortu zuen. Baina ez zen nahikoa izan. Bide zuzen horretan zalantza asko sortu zuen talde zuri-gorriak. Zortea hitza eta «taldeak ez du nahikoa baliatzen barruan duen ahala» esaldia teknikari espainiarraren lanari oso lotuta egon ziren. Marcelo Bielsarekin aldatu egin dira gauzak denboraldi honetan, baina itxuraldaketa, oraindik, ez da osoa. Hala izateko, neurketa askotan erakusten ari den nagusitasuna azken emaitzean islatzea falta zaio Bizkaiko taldeari.

1. Hiru lehiaketetan bizirik

Athleticek ez zuen ondo hasi aro berria. Lehen urratsak okerrak izan ziren. Denboraldiaren lehen hilabeteak kezka sortu zuen. Emaitzak txarrak izan ziren, baina porrotek baino min handiagoa egin zuen zuri-gorriek egindako jokoak. Jokalariak galduta ibili ziren lehen norgehiagoketan. Erasoan makal, eta atzean zuloak utziz. Ez zuten ulertzen Bielsak eskatzen ziena. Baina apurka-apurka barneratzen hasi ziren teknikari argentinarraren filosofia: lana, presioa eta baloiaren aldeko apustua dira, laburbilduz, Bielsaren eskuliburuko ardatz nagusiak. Eskerrak zertan ari ziren ez zekiten sasoian ez zela ezer erabaki. Europako Ligan UEFAk Fenerbahce Txapeldunen Ligatik egotzi izanak Trabzonsporren kontrako itzulerako neurketa jokatzetik libratu zuen taldea. Hobe ez jakitea zer gertatuko zen Turkiako partidan.

Bestalde, Espainiako Liga luzea izanda, aukera egoten da egoerari buelta emateko, eta Athleticek eman dio. Urte amaierara Europako postuetatik puntu bira ailegatu da. Sasoiaren bigarren zatirako ondo kokatuta dago. Gainera, Athletici kasu egin dioten gehienek uste dute taldeak merezi baino puntu gutxiago eskuratu dituela. Europako Ligan, berriz, oso ligaxka ona jokatu du. Bada zerbait. Bestela, galde diezaietela lehiaketa hori gutxietsi duten taldeei. Hala nola Paris Saint Germain nahiz Tottenham indartsuei. Urtea amaitzeko, Espainiako Kopan ere ondo egin ditu lanak Athleticek. Distira barik, baina kanporatu egin du Oviedo. Lau hilabeteren ostean, aurrera jarraitzen du hiru lehiaketetan. Puntako taldea ez denarentzat meritu handiko lorpena da.

2. Hamahiru jokalari golegile

Bielsak proposatzen duen jokatzeko erak Athleticeko jokalarien bertute eta gabezia guztiak azaleratzen ditu. Teknikari argentinarrak nahikoa izan ditu lau hilabete Athletic Llorente baino gehiago dela erakusteko; talde gazte eta lehiakorra dela azaltzeko. Defendatu eta borrokatu baino gehiago egin dezaketen futbolariak daude egun talde zuri-gorrian. Azken denboraldiotan, baloiaren jabetza gutxien zuen taldea izaten hasi, eta baloia gehien erabiltzen duten taldeen multzoko bihurtu da lehoi kuadrilla. Horrek talde hobea egin du Athletic: ausarta, alaia eta, gauzak ondo egiten dituenean, ikusgarria.

Zelaian dauden jokalari guztiek protagonismoa izatea lortu du Bielsak. Entrenatzaile guztiek gura izaten dute futbolari denek erasoan eta defentsan laguntzea. Esan, esaten dute, behintzat. Baina hori berdegunean dago erakutsi beharra. Egungo Athleticek aurrean estutzen du. Horren adibide garbiena da Llorente ere lanerako jarri duela argentinarrak. Baina, era berean, atzelariei aurrera egiteko eskatzen die. Orain ez da arraroa Iraola edo Aurtenetxe area barruan errematatzen ikustea. Eta, horri eskerrak, zaintzeko talde zailagoa da Athletic, edozein jokalari baita arriskua sortzeko gai. Guztira hamahiru jokalarik sartu dute gutxienez gol bat. Ikaragarria da.

Gainera, kanpoan etxean erakusten duen jarrera on eta irabazle berbera erakusten du. Talde indartsuenen mentalitatea dauka egungo Athleticek. Baina, era berean, gabeziak ere antzeman zaizkie jokalariei. Baloia azkar jokatzerakoan, azken pasea ematerakoan, eta errematea egiteko orduan nabaritu zaio eskasia taldeari. Batzuen ustez, kalitate falta da, eta, beste batzuen ustez, konfiantza eta lasaitasun falta. Arazoa bigarrena bada, pazientzia apur batekin konponduko dute. Talentua bada ezinaren iturria, Athleticek ezin izango du lorpen garrantzitsuak eskuratu ahal izateko falta zaion urrats txiki hori egin.

3. De Marcos eta Iturraspe

Distira handien egiten duten jokalariak betikoak dira: Llorente eta Muniain. Baina itxuraldaketan beste batzuek ere pisua hartu dute. Caparrosen kutuna Toquero zen, eta Bielsarenak De Marcos eta Iturraspe dira. Arabarra sekulako maila eskaintzen ari da. Partida guztietan erakusten duen jarrera ona eta indarra baliatuta, edozer gauza egiteko gai da: defentsan lehertu, zuloak aurkitu nahiz golak sartu. Lehen mailako jokalaria dela erakusten ari da. Iturraspe, berriz, ez da horrenbeste nabarmendu, baina entrenatzailearen oso gustukoa da. Javi Martinez erdiko atzelari postura aldatu du erdilariaren alde egindako apustuak. Bestalde, ez da ahaztea komeni Amorebieta eta Herrera egiten ari diren lana ere. Urte gaitz baten ostean oso maila oneko atzelaria dela erakusten ari da berriz Amorebieta. Herrerak, berriz, lider traza dauka. Asko emango dio Athletici.

4. Noiz arte?

Athletic berriaren inguruan zalantza bakarra dago: bederatzi hilabeteko denboraldi luze eta gogorrari aurre egiteko gai izango ote den edo ez. Bielsak ez du txandatzerik egiten, eta horren inguruan eztabaida sortu da Bizkai aldean. Zale batzuek uste dute erabaki zuzena dela; aldaketak berez etorriko direla. Beste batzuek, berriz, gehien jokatzen ari direnak zaindu egin behar direla eskatzen dute. Denboraldiak aurrera egin ahala, argi ikusiko da zeinek duen arrazoia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.