TXIRRINDULARITZA. EUSKAL BIZIKLETA

Lehiaketa hutsune

Andoni Urbistondo.
BEASAIN
2005eko ekainaren 1a
00:00
Entzun
ioni Galparsorok sei hilabete daramatza jo eta su entrenatzen. Sasoi hasiera prestatu nahi zuen. Ezin izan zuen. Euskal Herriko Itzulia gero. Gaixo, erretiratu egin behar izan zuen. Euskal Bizikletan zorte gehixeago edukitzea da bere itxaropena. Lesiorik ez edukitzea, behintzat: ««Korritzeko kristoren gogoa dut. Sekulako zorte txarra izan dut aurten. Otsailean eta martxoan, sukarra eduki nuen eta hankamotz jardun nuen. Euskal Herriko Itzulirako nahiko ondo prestatu nintzen, baina erretiratu egin nintzen amigdalitisak jota. 10 egun egin nituen gelatina jaten eta ihar-ihar geratu nintzen, entrenatzeko ere indarrez justu antzean. Kataluniako Voltara bi aste eta erdi entrenatu ostean joan nintzen, eta tankeran ibili nintzen, larri samar. Aste pare bat aritu naiz orain egurra ematen, eta ea zer moduz moldatzen naizen Euskal Bizikletan».

Bere buruarengan konfiantza edukitzeko puntu bat falta zaiola onartzen du ataundarrak, ez dagoela bete-betean: «Ez dut ilusio handi-handirik egin nahi, horrela egin eta kale egiten badut kolpea handiagoa izango delako». Lasai dago, dena den, Galparsoro, bere eskuetan zegoen guztia egin duelako: «Gozamena izan da alde horretatik Kaiku. Ez dut presiorik, ez exijentzia berezirik. Kirol arduradunak norberak hartzen duen konpromisoarekin fio dira eta hori pozgarria da».Badu etaparen bat irabazteko gogoa, edo saiatzeko, behintzat. Eta badaki noiz eta non saiatuko den: «Tolosan bukatzen den etapan. Perez Arrieta, Gaztañaga, Del Rio eta Vazquez han inguruan entrenatzen gara, eta ondo ezagutzen dugu etapa bukaera». Sailkapen nagusian postu on bat lortzea nahiko zail ikusten du: «Aurrean ikusten banaiz, animatuko naiz nagusian posturen bat lortzen, baina zaila ikusten dut. Justu samar iritsi naiz sasoiz. Beste aste pare batekin, agian, hobeto, baina beno, hor dago Mosquera taldekidea, indartsu,eta hari laguntzea ere ez da aukera txarra».Bere jarduna ahaztu ezinda mintzatzen da Galparsoro. Gogor epaitzen du bere burua: «Oso garrantzitsua da Euskal Bizikletan ondo aritzea, animoa irabazteko, batez ere, Vueltari begira, abuztuan-eta entrenatzeko grina berpizteko. Entrenatu, entrenatu eta entrenatu ari naiz, baina hiru itzuli bakarrik korritu ditut. Atsedenik ez dut hartu, oraindik», dio.

«Izar gutxiago etorriko dira, baina maila ona izango da»

Euskal Bizikleta Pro-Tour Ligatik at geratu da aurten, baina horrek probari distirarik ez diola kenduko uste du gipuzkoarrak: «Giroan ikusi da ez dagoela alderik Ligako taldeen eta Ligakoak ez direnen artean. Pro-Tour Ligak izena dauka, izena ematen du, baina 15 txirrindulari ibiltzen dira eta haien ondoren, Kontinental mailakoak txukunenak. Egia da izar gutxiago etorriko direla, hori ziurra da, baina proba horretan lehen 20en artean ibiltzen dena, Pro-Tour Ligako edozein probetan ibiltzen da aurrean».

Unipublicek Comunitat Valenciana eta Relax taldeak gonbidatu ditu Vueltarako. Kaiku kanpoan geratu da, oraingoz, eta Euskal Bizikletan lan txukuna eginda ere, «gonbidapena txirrindulariok iritsi ezin dugun arlotan erabakiko da», Galparsororen ustez. Kaikuk sobera merezi omen du gonbidapena: «Pro-Tour Ligako talde asko baino joko gehiago eman dezakegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.