Asteburuko helburuak ezin argiago ditu Matxalen Ziarsolok (Ermua, Bizkaia, 1982). Umilki mintzo da; irabazteko partida guztiak jokatu egin behar direla dio, eta ez zaio arrazoirik falta.
Asteburuan dituzuen neurketa garrantzitsu horiei begira, azken asteetako egutegi gogorrak izango al du eragina zuengan?
Taldea ondo dago. Egia da sasoi honetan ez ditugula bi partida jarraian jokatu oraindik, baina horretarako ere prestatu gara, eta horren zain gaude. Gaurkoa agian ez, baina biharko partida garrantzitsua izango da, neke aldetik gehiago nabarituko dugulako; baldintzatu egingo gaitu nolabait.
Zu zeu nola zaude?
Castroren aurkako partidan kolpe batzuk jaso nituen, baina ezer larririk ez. EHF kopari ekiteko irrikaz nago.
Ba al dago taldean inor min hartuta?
Denok jokatzeko prest gaude. Castroren aurkako partidan, gainera, Alba Menendez lehiara itzuli zen zazpi hilabeteren ondoren, eta hori oso berri ona da guretzat. Antonella Mena pibote argentinarrak arazo batzuk ditu eskuan, baina ezer larririk ez, zorionez.
Aurkaria ezagutzen duzue. 2005-2006 sasoian elkarren aurka aritu zineten, eta orduan oso erraz irabazi zenieten.
Ordutik taldea asko aldatuko zen. Egia da Belgikako Ligan bosgarren postuan daudela eta liga hori ez dela Europako indartsuenetariko bat. Baina EHF kopan badaude, zerbaitegatik daude. Partida guztiak, irabazteko, jokatu egin behar dira.
Zein helburu du taldeak EHF kopan?
Orain bi denboraldi ez ginen sailkatu, eta joan zen denboraldiko helburu nagusia Europako txapelketa honetarako sailkatzea izan zen. Behin hori lortuta, orain ilusio handiarekin gaude. Kanporaketaz kanporaketa joango gara. Gure esku dago noraino hel gaitezkeen. Gure helburua ahalik eta urrunen iristea da.
Nola espero duzu asteburu honetan? Reyes Karrerek adierazi du lehen partida erabakigarria izango dela.
Gaurko partida garrantzitsua izango da, noski. Lehenengo hamabost minutuetan jakingo dugu partida nola joango den, irabazteko zer egin behar dugun; eta eurek ere bai. Horregatik, lehenengo partida irabaztea garrantzitsua da, bigarrenera lasaiago heltzeko. Baina kirolean inoiz ez dakizu zer gertatuko den.
Taldean aldaketak izan dituzue. Nola eragin dizue jokoan?
Defentsan asko hobetu dugu aurreko sasoitik, Eli Pinedorekin hegalean eta Darly Zobqirekin atezain postuan. Erasoan ere hobetu dugu. Apurka-apurka, aurreko sasoian heldu ziren jokalariekin eta sasoi honetan heldu direnekin, taldea sendotzen ari da. Kalitate handiko jokalariak etorri dira.
Taldea aurreko sasoian baino hobeto dabilela esango zenuke?
Irabazi ditugun partida gehienak zazpi gol baino alde handiagoarekin irabazi ditugu, eta hori aurreko sasoian lortu ez genuen erronka bat izan zen. Partida guztiak kostata irabazten genituen, beti markagailuarekin borrokan. Halere, taldea indartsuagoada, eta jokoan asko nabaritu dugu.
Matxalen Ziarsolo. Bera Berako jokalaria
«Lehiaketan ahalik eta urrunen iristea da gure helburua»
Luze egin zaio itxaronaldia ermuarrari, baina iritsi da eguna. Kanporaketa pasatzea besterik ez du buruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu