Lehengo bidetik. Kontuak ez dira aldatu gure hiru taldeetan. Athleticek indartsu segitzen du San Mamesen, Osasunak oso ahul Nafarroako Erresumatik urrun, eta Realak aspaldi ez dela aurkitu zuen maila onari eusten dio Anoetatik urrun. Derbiko azken minutuko gola, Realaren joa, eta bi partidetako beste hainbat alor alde batera utzita, lepoaren gaineko indar horretan ez zaie gauza askorik aldatu gureei. Onerako birentzat, txarrerako bestearentzat. Beste behin ere, nabarmen utzi dute zenbateko garrantzia duen lehiatzeak.
Buruaren indarra. Sendo daude Athletic eta Reala. Ez dute amore ematen. Segi eta segi. Lehiakorrak dira. Lehiakor izaerari eusten diote partida hasi eta bukatu bitartean. Gurpegik azken minutuan gola sartu eta horri esker hiru puntuak biltzea egoera horren adierazgarria da. Ekin eta ekin aldageletara joan bitartean. Emaitza edozein dela ere. Realaz, beste horrenbeste. Gai izan zen partida iraultzeko, hasi orduko gola jaso arren. Bigarren zati ia osoan, gol bateko aldeari eusteko kapaz izan zen. Eta bukaera-bukaeran errematatu egin zuen Sporting. Martin Lasartek lehiakortasuna nabarmendu zuen partida ondorenean. Buru aldetik indartsua ez denak nekez egin dezake bi taldeek asteburuan egin zutena.
Beste muturrean. Duela bi aste idatzi nuen, eta horretaz oroitu nintzen igandeko gaueko bederatziak gertu zirenean. San Mameseko gola nolakoa izan zen ikusi berritan. Azken-azken minutuan galdu zuen Osasunak, nola eta geldikako jokaldi batean. Ez da talde sendoa. Ahula da, edo ahul dago, edo ahuldu egin dute zenbait erabakik. Partida guztietan egon behar da adi eta lehiakor neurketa amaitu artean, eta derbietan are gehiago. Baina Osasuna urruti dabil balio horietatik. Ez da lehiakorra. Ez, behintzat, partida osoan. Etxetik kanpo ezinean dabil. Bigunegia da. Noiznahi egiten ditu hutsegiteak, noiznahi galtzen du kontzentrazioa, eta gol faltaz haratago, horixe du galbidea. Kontuan izanik etxeko hurrengo aurkaria Bartzelona duela, etxetik kanpoko hurrengo partidarako (Valentziaren aurka) indartsuagoa izan beharko du, sendoagoa, bi aste barru jaitsierako postuetatik oso gertu egon nahi ez badu.
Lehiakortasuna. Duela aste batzuk egin nuen gogoeta baten funtsa hau izan zen: lehiatzen ez duen jokalaria ez da futbolaria. Ezinbestekoa da lehiatzea. Oinarria. Baina lehiatu, lehia hasi eta bukatu lehiatu behar da. Ez du balio zati batean halatsu jardutea, eta beste zatian ez. Ez du balio irabazten ari denean lehiatzea, eta galtzen jartzean lehia bazterrean uztea. Nahiz eta zuloaren zuloan egon eta asteen joanean puntu gutxi bildu, egoera horretan den taldeak ere lehiatzen segitu behar du. Ez bada lehiatzen, jai dago. Egia da errazagoa dela bikain doan taldearentzat egoera zailak iraultzea. Hori ezin da ukatu, jokalariek konfiantza edukitzea oso-oso garrantzitsua delako, baina txarrenean ere ezin dute galdu. Entrenatzaileon lana ere bada jokalariek burua goian edukitzen segitzea. Emaitzak txarrak izanda ere. Entrenatzaileak ezin du burua galdu, ezin du burua jaitsi. Lehengo lepotik izan behar du burua, egonkor. Betiko lekuan konfiantzari dagokionez. Eta taldeak behar badu, beharko baitu ziurrenik, taldeari helarazi behar dioaldarte hori. Jokalariei txertatu buruaren barrenean. Hori gabe jai dago. Konfiantza edukitzea eta lehiakorrak izatea ezinbestekoa da.
Lehiakortasuna eta konfiantza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu