Laino itxia, euria, hotza... eta Marco Pantani sutan. 1998ko uztailaren 27a zen. Astelehena. Aurreko urteko Fratziako Tourra irabazita, maillot horia jantzita ekin zion Jan Ullrichek Grenoble eta Les Deux Alpes arteko etapari. Lider sendoaren itxura ematen ari zen. 1.11 minutura zeukan Bobby Julich, eta 3.01era Laurent Jalabert eta Pantani bera. Baina italiar txikiak, piratak, aurretik, 11. etapan, Plateau de Beillen, erakutsi zuen gorputzean sua zeukala —1.40 minuturen aldea atera zion orduan Pantanik Ullrichi—. Galibier erraldoia zeukaten zain Tourreko 15. etapan. Eta bertan agertu zen, beste behin, Pantani txikiaren handitasuna.
Tourreko mendaterik mitikoenean jo zuen erasoa Pantanik, Ullrich liderra taldekiderik gabe uzteko helbururekin. Eta txikitu egin zuen Tourra. Les Deux Alpeseko helmugan ia bi minuturen aldea atera zien Rodolfo Massi italiarrari eta Fernando Escartin espainiarrari. Eta lehertuta helmugaratu zen Ullrich liderra, 8.57 minutu galduta. Pantanik irauli egin zuen sailkapen nagusia, eta Galibierren gora jantzi zuen maillot horia. Ez zuen gehiago erantzi. Bi etapa eta Parisko gozatua harentzat. Italiako Giroa, bi etapa eta mendiko maillota irabazita iritsi zen Tourrera, eta urte gogoangarria biribildu zuen.
Ordutik Galibierri lotuta dago Pantaniren balentria. Italiarrari omenaldi goxoa egingo diote aurten Galibier gainean.
Lehorreko pirataren erasoa
Marco Pantani italiarrak Galibierren gora utzi zuen jota Jan Ullrich alemaniarra, ordura arteko liderra, 1998ko Tourrean. Eraso hari esker irabazi zuen itzulia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu