Lehorreratzearen zehar kalteak

Aurreko sasoian NBAn jokatu zuten 40 jokalari Europan ari dira, baina askok AEBetara bueltatu beharko dute. Talde askok 'lock-out'-aren bizkar eraiki dituzte taldeak, eta orain buruko min franko izango dituzte.

Andoni Urbistondo.
2011ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Ez da Normandiako lehorreratzea izango, baina saskibaloian inoiz ikusi gabeko mugimendua ikusiko da hurrengo egunetan. Europatik, kontinente zaharretik mundu berrira, AEBetara eta munduko liga onenera: NBA. Lock-out-ak sosak eta sasoi ona Europan bilatzera behartu zituen asko. Grebak denboraldi osoa iraungo zuela zirudien orain gutxi arte, eta zenbaitzuk Europan izar distiratsuen konstelazioarekin gozatzeko itxaropentsu zeuden dagoeneko: Gasol anaiak, Luis Scola, Andres Nocioni, Jose Manuel Calderon, Kevin Durant, Dwight Howard, Lamar Odom… A ze izen festa!

Euroliga inoiz baino erakargarriagoa izango zela zioten aldekoek. Lehiaketa faltsutzea zela besteek, NBAko izarren etorrerak ez zuela benetako egoera erakusten. Bigarrenek irabazi dute, greba bertan behera geratzearekin bat NBAko talderen batekin kontratua eduki eta Europara etorri diren ia jokalari guztiek AEBetara bueltatu beharko dutelako. Kontratupean daudelako, bai, baina baita itsasoz bestalde Europan baino askoz soldata hobeak dituztelako. Gauzak diren bezala, NBAren eta Europako saskibaloiaren arteko distantzia Ozeano Atlantikoko punta batetik bestera dauden milaka kilometroak baino askoz handiagoa da.

Umezurtz geratuko da Europa, egun gutxi batzuetan ikaragarria izango baita aldaketa. Egin kontu ondoko zerrendarekin: Nicolas Batum, Andrei Kirilenko, Tony Parker, Deron Williams, Danilo Gallinari, Goran Dragic, Kevin Seraphin, Zaza Patxulia, Rudy Fernandez, Jordan Farmar, Nikola Pekovic, Serge Ibaka, Tiago Splitter, Thabo Sefolosha, Ty Lawson eta Kyle Singler. Europan jokatzen dute denek gaur, baina Europatik urrun izango dira gaur zortzi. Badago salbuespenen bat: Kirilenkok esan du Moskuko CSKAn geratu nahi duela, Ersan Ilyasovak eta Sasha Vujacicek Anadolu Efesen bezala, baina haiek ere klausulak dituzte euren kontratuetan, eta NBAko talderen baten eskaintza jasotzen badute, hanka egingo dute, zalantzarik ez.

Batzuek aurreikusita zeukaten halakorik gerta zitekeela. Beste batzuek ez, eta badaude gerta zitekeena saihesten asmatu dutenak ere. Bartzelona da azken talde horren adibide onena. Diruz baliabide nahiko izanagatik Pau eta Marc Gasol anaiak fitxatzeko, lock-out-aren tentaldian erori gabe eutsi dio, udan eraikitako talde berarekin. Orain, kataluniarrak dira irabazle, NBAko grebarekin edo gabe jokalari multzo berbera izango dutelako. Antzeko egoeran dago Gescrap Bizkaia. Gutxi dira antzekoa esan dezaketenak, baina ñabardura franko daude.

Caja Laboral, erdibidean

Caja Laboral Baskonia erdibidean dago. Grebaren bukaerak Seraphin eta Dragic gabe utziko du Gasteizko taldea, baina kaltea ez da hainbestekoa. Une txarrenean etorri da bi jokalari horien itzulera, Milko Bjelica eta Maciej Lampe min hartuta daudela, eta taldeak hartuko dituen neurriak lesioen ondorio dira, greba bukaerarena baino gehiago. Seraphin ez hotz ez bero ibili da. Sekulako etorkizuna sumatzen zaio, baina gaztetasunaren bizio asko ere bai. Ezeren okerrik ez dela, ibilbide polita egingo du NBAn. Dragicen kontua bestelakoa da. Badu lekua munduko liga onenean, baina izan behar zuena eta izan dena ez datoz bat, eta litekeena da etorkizunean Gasteizera bueltatzea.

Dezente okerrago geratuko dira Real Madril eta Anadolu Efes, bi adibide jartze aldera. Rudy Fernandez eta Ibaka galduko ditu Pablo Lasok, lehenengoa Madrilen geratzeko ahalegin betean badabiltza ere. Bikote aparta da hori, partidako 30 puntu eta hamar errebote lortzen dituena eta une erabakigarrietan erantzukizuna hartzen eskarmentua duena. Efesek ere kolpea har dezake. Vujacic eta Ilyasova NBAko kontratuak bukatu ostean fitxatu zituzten, baina grebarik egon ez balitz, NBAn jarraituko zuten ziur.

Aste honetan NBAko jokalarien sinadurak bilduko dira, eta hitzarmen berria sinatu. Sinatu ostean daude derrigortuta jokalariak AEBetara bueltatzera, baina batzuk joan dira dagoeneko. Maccabiko Farmarren kasua. Grebak mesede handia egin dio Gescrap Bizkaiari ere, Batumen ordezkariek gaur Miribillan ez jokatzeko agindua eman diotelako frantziarrari. Astelehenean joango da Batum Portlandera, baina Europan egin beharrekoak egin ditu dagoeneko. Har dezatela arnasa lasai Miribillan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.