Golak: 0-1: Iraolak (5. min.). 1-1: Jesus Navasek (14. min.). 1-2: De Marcosek(71. min.). Epailea: Ayza Gamez. Txartel horiak Sevillako Navarrori eta Spahici; eta Athleticeko De Marcosi eta San Joseri. Bestelakoak: 30.000 ikusle inguru Sanchez Pizjuanen.
Ez da sasoirik onena dirua gastatzeko, baina Athleticen jarraitzaile denak orain dauka ahalegina egin beharra. Ondo baino hobeto inbertitutako dirua izango da, gustua ematen baitu Marcelo Bielsaren taldea ikusteak. Zuri-gorriek ikuskizuna ematen dute zelaian agertzen diren bakoitzean: sasoi hasieran solte zeuden piezak lotu egin ditu entrenatzaileak. Egun, tonuan jarritako eskusoinua da Athletic. Aurrera egiten dutenean, guztiek egiten dute erasora. Atzea zaintzea egokitzen zaienean, berriz, denak daude laguntzeko prest. Sekula baino musika ederragoa ari da jotzen Athletic, eta aurkariei musika horrekin dantzan egitea baino ez zaie geratzen. Ez dute beste aukerarik, Athletic baita futbol zelaian aginte makilaren jabe.
Lehen minututik azkenera arte, sekulako lana egiten du. Llorente eta Muniain izar nagusiek ere bai. Guztiek. Bizia da zuri-gorriek egiten duen jokoa. Sarritan, ezinezkoa dirudi hasierako erritmo indartsu horretan segitzea neurketa osoan, eta, beharbada horregatik, aurkariak zain egoten dira Athleticen txakalaldia noiz ailegatuko. Baina ez da horrelakorik gertatzen. Bielsaren taldea da, hain zuzen ere, kontrarioa itotzen duena. Athleticek izaten du jokoaren ekimena norgehiagokaren azken minutuetan. Hala gertatu da Vila-real, Atletico Madril eta beste hainbat talderen kontra aritu denean. Eta hori gertatu zen atzo Sanchez Pizjuanen. Hemezortzi urteko lehorteari amaiera emateko era asko daude, guztiak onak eta pozgarriak. Baina joko erakustaldia emanda irabazteak sortzen duen plazerak ez dauka parekorik.
Arratsalde freskoa eta euritsua izan zen Sevillakoa. Behe lainoarekin, gainera. Euskal Herriko edo Ingalaterrako edozein herritako neguko egun baten antz handiagoa zuen, Espainiako hegoaldeko hiri batekoarena baino. Sevillaren ezohiko argazkia zen. Irabazteko lehen atea zabalik aurkitzearen parekoa izan zen, baina jakina da eguraldiak ez duela punturik ematen. Hiru puntuak zelaian egiten den lanari esker daude irabazi beharrak. Bada, behar bikaina egin zuen Athleticek. Bielsak hiru erdiko atzelarirekin jokatzea erabaki zuen Negredo eta Kanoute gertutik zaintzeko —Negredo sasoiz kanpo dago, eta Kanoute, beteranoa izan arren, onena izan zen atzo—. Baina horrek ez zuen esan gura Athleticek erasoari uko egin behar zionik. Autobusak ez dira Bielsaren gustuko. Beraz, epaileak txistua jo bezain pronto kontrarioaren bila joan ziren lehoiak. Baita azkar saria lortu ere, lehen aukeran markagailuan aurreratu baitziren. Iraolak areaz kanpotik egindako jaurtiketa bikain bati esker sartu zuen gola Athleticek. Golak min egin zion Sevillari. Marcelinoren taldeak zailtasunak zituen arriskua sortzeko, baina jokaldi nahasi bat nahikoa izan zuen Navasek area barruan jaurtiketa gurutzatu bat egin eta berdintzeko. Goi mailako jokalariek gutxi behar baitute erabakigarriak izateko.
Banakoa kolpea izan arren, Athletic ez zen kikildu. Bigarrenaren bila jarraitu zuen. Bi taldeek irabazi gura zuten. Eta, horri eskerrak, ikuskizun eder batez gozatzeko aukera izan zuten zaleek. Athleticek hiru aukera on izan zituen lehen zatia amaitu aurretik, baina Muniainek, Iñigo Perezek eta Herrerak ez zuten asmatu azken errematean. Aipagarria, hori bai, Perez erdilariak egindako neurketa. Aspaldian jokatu barik egon arren, maisutasunez mugitu zuen taldea. Tarte horretan Sevillak ere eman zizkion pare bat susto Iraizozi. Baina atzo, berriz, ondo aritu zen atezaina.
Bigarren zatiko Athletic lehen zatikoaren antzekoa izango zen ikustea falta zen. Bada, berbera izan zen. Eta Sevilla ito egin zenez, bi taldeen arteko aldea areagotu egin zen. Eta nagusitasun horren ondorioa izan zen De Marcosen gola: Muniainen pase sakona baliatu, eta, zorte apur batekin, Varas gainditu eta gola sartu zuen arabarrak. Nahikoa izan zen irabazteko, baina Athleticek izan zituen gol gehiago sartzeko aukerak. Festa borobiltzeko, Jonas Ramalhok debuta egin zuen Lehen Mailan. Athleticek elastikoa jantzi duen lehen jokalari beltza da. Bitxikeria bat baino ez, Athleticek erakustaldia eman zuen egun batean.
SEVILLA 1. ATHLETIC 2
Lehortea eteteko, erauntsia
Athleticek goitik behera hartu du mendean Sevilla etxetik kanpo, urteetan jokatu duen neurketarik oneneanGaur-gaurkoz, ligako onenei aurre egiteko moduan dago talde zuri-gorria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu