Lehortea luzatu daiteke

Ferrariko gidariak hirugarren garaipenaren bila ariko dira; Raikkonen eta Alonso, lehen lerroan

LAURENTZI GARMENDIA MONTMELO - BERRIEMAILE BEREZIA
2008ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Gutxitan izan dira horren estuak1 Formulako sailkatze saioak. Guztira osatzen dituzten hiru saioetako bakoitza azken minutuan erabaki zen, baina garrantzitsuena, Q3 delakoa, are beranduago. Azken hamar segundoen faltan, Felipe Massarena zen pole-a, baina Fernando Alonsok kendu zion. Gidaria eta haren milaka jarraitzaile lehen postua ospatzen ari zirela, ordea, Kimi Raikkonenek hobetu zuen denbora, beste ezertarako denborarik gabe. Ezusteko itxura hartu zuen sailkapenak.

Lasaitu ezinda dabil azkenaldian kirol hau, lasterketarik ez denean batez ere. Asteburuan motorrak orruka hasten direnean, guztia ahazten da. Baina oraingoan talde bat ia etxean gelditu da. Txapelketako talderik ahulenak, Super Aguri japoniarrak, diru arazo larriak ditu, eta Hondak beste behin -eta dioenez azkeneko aldiz- lagundu egin dio. Oraindik ez dute ezer konpondu, baina Circuit de Catalunyan korritzeko laguntza izan dute.

Super Aguri egon badago, baina bizitza seinalerik eman ez duena Max Mosley da. Ohikoa da urtero Bartzelonan, eta askotan prentsaurrekoa eman ohi du FIAren asmoen berri emateko. Aurten badu gainera nahiko gai; izan ere, hurrengo urterako aldaketa garrantzitsuak datoz eta taldeek gehiago jakin gura dute. Bada, aurten haren arrastorik ez da, ez han, ez hemen. Israelgo Automobil Federazioak gonbidatu egin zuen herri hartara, Jordaniako Rally lasterketan elkartu ondotik. Baina, antza, ez zuten Mosleyren aferaren berri, eta hori jakin bezain laster, berehala utzi dute bertan behera egindako gonbidapena.

Bien bitartean, 1 Formula taldeetako ordezkariak Toyotaren eraikinean elkartu ziren atzo, hasiera batean hurrengo urteko aldaketa teknikoak aztertzeko, baina bilera Max Mosleyren aferaren inguruan jarrera bateratua lortzera bideratu zuten. Hala ere, taldeek ez zuten erabateko adostasunik lortu, eta sartu bezala atera ziren. Eta adierazpenik ere ez zuten egin nahi izan. Antza, batzuen eta besteen artean badago aldea.



ALONSO 'BERRIA'-RI ERANTZUNEZ. Ez zuen zerikusirik izan bilera horrek pista gainean gidarien artean izan zen parekotasunarekin. Sailkatze probaren lehen zatian, hamalau gidari segundo erdiko tartean sartu ziren. Erabateko loteria izan zen, nahiz eta garrantzitsuenek aurrean bukatu zuten. Bigarren saioa antzeko joan zen, eta hirugarrena zoro-zoro. Berez hirugarren saioan erregai maila batetik bestera oso desberdina izan daiteke, baina hori horrela izanda ere, orain arte ikusi gabeak ginen sailkapenak utzi zizkigun atzokoak.

Horien artean deigarriena, Fernando Alonsoren bigarren postua. Zer neurri arte da benetako hobekuntza, edo mediatikoki nahita bultzatako behin-behinekoa? Alonsok BERRIAri erantzun zion: «Espero dut hemendik aurrera izango dugun norabidea izango dela. Turkian berriro lehen lerroan egotea baikorregia da agian. Hori zaila izango da, badakigu, baina lehen pausoa Q3 saioan lasai sartzea da, gaur bi autoekin lortu dugun bezala. Hurrengo helburua top5ean egotea da, eta hurrengoa top3an. Lehen pausoa eman dugu, baina hurrengoak zailagoak izango dira».

Alonsok alboan zituen Ferrariko bi gidariak. Horiek BERRIAri esan zioten Alonso gertutik jarraitu beharko dutela badaezpada. Raikkonenek argi zuen: «Bihar ikusiko da, batez ere, irteeraren ondoren lehen geldialdia egitean. Baina gauza asko gerta daitezke, eta gu ez gaude salbu. Bera lehen lerroan dago, beraz irabazteko aukera ona du, eta baita gu estutasunean jartzeko ere». Massak, aldiz, bere autoaren berri Alonsok jakingo duela zioen: «Fernandok guk baino hobeto daki bere autoak zenbat hobetu duen, eta bere eskuetan auto on bat baldin badu, garaipena bilatuko du».

Itzalean gelditu ziren McLareneko bi gidariak. Ferrari azkarrena izan da orain artean, eta Alonsok ez luke haientzat arazo izan behar. Baina Hamiltonen eta Kovalainen berri inork ez daki, halako saio korapilatsuan edonon amai baitzezaketen. Euririk bota ezean, Alonsok behera egin behar du lasterketan, haren hitzetatik ondoriozta baitaiteke erregai gutxi daramala. Horrek Kubicari podiumerako bidea egingo lioke, beste behin.



«Ikurrina? Ez dut gogoratzen»

ROBERT KUBICA BMW Sauber taldeko gidaria
Epsilon-Euskadin zaildu zen eta puntaren puntan ari da orain. Ez du gidari izarren handiusterik, zuzen eta umil mintzo da. McLarenek adinako autoa badutela dio.
L. garmendia

Montmelo - Berriemaile berezia

Gidari batek Sari Nagusiko asteburu batean duen ordutegi estu eta zorrotzean, Robert Kubica (Krakobia, 1984) harrapatu dugu galdera batzuei erantzuteko. Poloniak 1 Formulan duen lehen gidariak Euskal Herriko Epsilon taldearekin korritu zuen 2005ean, eta World Series txapelketa irabazi haiekin. Aurten bere maila onena ematen ari da berriro, BMW taldean. Gazte izan eta mundu lehiakor honetan ari bada ere, berezkoa duen lasaitasuna erakusten du, eta egun gidariei falta zaien naturaltasuna sobera dauka. Onerako edo txarrerako, bat-bateko erantzunak ematen ditu, esandakoaz kezkatu gabe.

Ez dirudizu oso gustura zure gaurko emaitzarekin

Saioan ez dut itzuli garbirik izan; gainera, hona ekarri ditugun berrikuntzak probatzen aritu gara. Atzo ere nahiko egun lanpetua izan nuen, autoaren konfigurazio onena zein zen probatzen. Aurreko astean egun bakarrean probatu nuen autoa, aurtengo pneumatikoekin, eta pista azkarragoa zegoen, gurpilek uzten duten gomarekin. Aste honetan, aldiz, pistaren baldintzak aldatu egin dira eta ondo egin dugu lan, proba asko gauzatuz. Berrikuntza txiki horiek guztiak goizean prestatu ditugu, eta, batera jarrita, emaitza ona eman dute, saio txukuna gelditu baitzaigu.

Lehen hiru lasterketen ondoren, goian dauden hiru taldeak Ferrari, BMW eta McLaren dira. Ordena ere hori al da?

Asteburuan guri gauzak ondo ateratzen bazaizkigu, esan daiteke McLarenenengandik gertu gaudela. Eta batzuetan haien aurretik ere egon gaitezke, Bahrein-en gertatu zen bezala. Baina ez badugu autoa guztiz egoki jartzen edo itzuli garbi bat lortzen, orduan mantsoagoak gara, eta haiekin lehiatu beharko dugu. Orokorrean, beraien pare gaudela esango nuke, eta ez dago gaizki.

Eta Renaulti buruz, zer iritzi duzu?

Betidanik, Bartzelonaren ezaugarria izan da taldeen artean oso tarte txikia izatea, beste zirkuituekin konparatuz. Hemen gidatzen dugun guztiok oso ondo ezagutzen dugu pista hau, eta horregatik lortu du Fernandok [Alonsok] halako itzulia.

Harritu zaitu Alonsoren bigarren postuak?

Harritu?

Renault nekez iristen ari zen sailkapen saioko azken zatira...

Baina ez hemen! Lehen nioen bezala, Bartzelonak ahalbidetzen du bigarren mailako talde batzuk top team-engandik gertu amaitzea; hori gauza normala da hemen. Ikusten baduzu zein estu zegoen Q1 saio, bi hamarreneko gorabehera, seigarren edo hamaikagarren amai zenezakeen. Lasterketan ikusiko da benetako egoera.

Alonso arin doala esango zenuke?

Ez, ez, nik ez dut halakorik esan. Nik uste dut ['uste' hitza bereziki nabarmenduz] arin doala, baina ez dut ziurtatzen.

Zu astunago al zoaz?

Ez dakit! Erregai maila sekretua da, eta hemen besteena igarri bakarrik egin daiteke.

Laugarren irtengo zara, eta aurrean jendea izango duzu.

Bai, estrategia hemen ez da erreza. Onena aurrean hastea da, norbaiten atzetik joanda pneumatikoen urradura azkartu egiten baita. Baina estrategiara itzuliz, benetan pozik nago, nahiz eta laugarren hasi. Autoa ondo doa, Q2 saioan bigarren denbora egin baitut Massarengandik oso tarte txikira, eta saio bakarrean gainera. Egia da saio horretan gidari batzuek ez dutela guztia ematen, baina denborak horren estu egonda, ez dut uste inor lasaituko zenik. Horregatik, abiadura aldetik ondo goazela uste dut.

Urtea zail hasi zen zuentzat. Izugarrizko jauzia emango zenutela espero zen, baina neguko lehen probek bestelakorik erakutsi zuten. Oraingo mailan aritzea posible zela uste zenuen orduan?

Beno, hor gertatu zen batez ere haize-tunelak eman zizkigun simulazioko zenbakiak ez zirela pista gainean errepikatzen. Orain bai esan dezakegu iaz baino auto azkarragoa daukagula, eta hori ez da beti erraza. Beste taldeek ez dute beti hori lortzen. Normalean, urte batetik bestera segundo bat hobetzen du autoak, baina adibidez Toro Rossok iazko RedBull autoa darabil, eta RedBullek bere aurtengo autoa. Bien artean ez dago segundo bat ere. Guk autoa probatu genuen lehen momentutik, datuak aztertu eta arazoa non zegoen bilatzera jarri genituen eskuak. Oso gogor egin genuen lan, eta hobekuntza txikiak azkar egin genituen, pixkana hobera eginez.

Bartzelonan horrenbeste probatuta, autoa ez dago aspalditik onenean?

Nik uste erraztu egiten duela ingeniari eta gidarien lana konfigurazio egokia lortzera bidean. Esperientzia handiagoa daukagu pilatua, datu gehiago. Horrek lagundu egiten du, tenperatura bost gradu aldatzen bada, datu gehiago ditugu nondik jo jakiteko. Izan ere, goizean autoaren oreka desberdina da, pista hotzagoa dagoenean. Hori jakiteak errazago egiten du lan hori. Horregatik uste dut talde guztiak parekatuagoa daudela.

Gogoratzen duzu ikurrina zer den?

Gogoratzen ote dudan? Bada... ez.

Euskal herriko bandera da.

Epsilon taldearekin gidatu nuela gogoratzen dut, baina ez euskal bandera.

Hortaz, ez duzu jakingo zirkuituan ikurrinarik ikusi duzun.

Ez nintzen banderei begira, gidatzen ari nintzen. Sentitzen dut.

Esan al daiteke Alonso Espainian bilakatu dena zu Polonian bilakatu zarela?

Galdera hori egitean Fernandok ere hemen egon behar du, e? Kar-kar. Ez dakit. Baina hasteko, ni ez naiz bi aldiz munduko txapeldun izan, eta hori bada zerbait. Gainera, Espainiak beti izan du Sari Nagusi bat, aspaldidanik, eta gidari espainiarrik ere izan da 1 Formulan. Fernandok titulua irabaztean arreta hazi egin zen, hori bai. Baina Polonian guk ez dugu Sari Nagusirik izan, ez dugu gidaririk izan; beraz, neurri batean aldaketa bi herrietan gertatu bada ere, lehenagotik Espainian automobilismoak garrantzia zuen.

Zein da Poloniako zirkuiturik garrantzitsuena?

Polonian daukagun zirkuiturik garrantzitsuena? Bakarra daukagu. [Barreak]

Zein izen dauka?

Poznan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.