Atzo iritsi ziren Osasunako kideak Almeriatik (Espainia) Iruñera. Igandean Malagaren aurka berdindu (1-1) eta herenegun Espainiako Kopako partidan Almeriari irabazi ondoren (1-3), balorazioak egiteko garaia iritsi da. Dejan Lekic aurrelaria izan da hori egiten aurrena; Iruñera iritsi berritan, taldeari eta bere jokoari buruz aritu zen, hedabideen aurrean.
Ez da Mendilibarren hasierako hamaikakoan askorik azaltzen den jokalari bat. Kopako partidan, baina, gutxiago jokatzen duten horiei eman zien aukera entrenatzaile bizkaitarrak. Horietako bat izan zen serbiarra. Aurrelariak ezin hobeto baliatu zuen emandako aukera, berak sartu baitzuen nafarren lehen gola. Egindako jokoarekin eta sartutako golarekin pozik agertu zen atzo. «Gol ona izan zen. Baloia gero eta gehiago iristen zaidala ikusten dut. Dena den, taldearengatik pozten naiz lehenengo, eta nigatik gero».
Bere egoera aldatzeko itxaropentsu dago. Badaki zer eskatzen dion entrenatzaileak, eta bera emateko prest dago. «Badakit zer nahi duen entrenatzaileak: baloiaren jabetza, defentsa eta errematea. Orain, jokatzeko eta golak sartzeko daukadan guztia emateko prest nago; egokituta nago, fisikoki osorik eta moralez gainezka». Aurrelariak, hedabideen mikrofonoak baliatuz, herenegun sartu zuen golak eman dion konfiantza berretsi zuen: «Inor ez dadila nitaz ahaztu. Baleko aurrelari bat naiz, eta erakutsi egingo dut».
Emaitzak hala erakusten ez badu ere, ez zen irabazi errazeko partida izan Osasunako jokalarientzat. Hala aitortu zuen Lekicek berak. «Ez zen partida erraza izan, baina irabazi egin genuen eta hori da garrantzitsuena. Orain beste partida bat daukagu haien aurka, baina gertu gaude hurrengo kanporaketara pasatzeko». Taldeak emandako itxurarekin baikor azaldu zen aurrelaria: «Ia bi urte daramatzagu etxetik kanpo ondo ibili gabe. Orain, ordea, etxean eta kanpoan maila bera ematea lortu dugu».
Lekicen aldarrikapena
Osasunako aurrelariak bere maila erakutsi nahi du, eta «golak sartzeko daukan guztia emateko prest» azaldu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu