Golak: 1-0: Adurizek (77. min.). 2-0: Jonasek (82. min.). 3-0: Adurizek (87. min.). 4-0: Jonasek (88. min.). Epailea: Gonzalez Gonzalez. Txartel gorria: Osasunako Lekici (45. min.). Txartel horia Valentziako Ramiri; eta Osasunako Damia, Bertran, Roversio eta Lolori. Bestelakoak: 48.000 ikusle inguru Mestallan.
Malaga eta Levanteren porroten jakitun, hirugarren postua sendotzeko aukera paregabea zeukan Valentziak atzo, Osasunaren aurka, baina gehiegizko antsietatea sortu zien horrek jokalariei... eta zaleei. Giro gaiztoa daukate azken asteotan Valentzia aldean, jakina baita Unai Emeryk ez duela jarraituko entrenatzaile karguan. Eta kirol irizpideei baino gehiago begiratzen ari dira aulkiko saltsari. Caparrosen izena batean; Djukicena bestean... Eta, noski, ezinegon hori nabaritu egiten da gero zelaian. Lehen zatia amaitzerako entzun ziren lehen txistu hotsak.
Erritmo handirik gabe ekin zion partidari Valentziak, bere ezinagatik, eta Osasunaren proposamenagatik. Horixe nahi zuten nafarrek, Valentzia deseroso sentitzea, zaleak urduritzea, eta azken minutuetan ezinegon hori baliatzea. Eta asmoak hainbestean bete zirela esan daiteke. Valentziarenak ziren baloia bera eta aukerarik onentsuenak.
Baina baloirik gabe ere Osasunak ez zuen gehiegi sufritu, eta kontraerasoan bi aukera on sortzeko gai izan ziren, Ninori esker. 28. minutuan, taldeko jokaldi onean, Raul Garciak dotore utzi zion baloia area ertzean, eta aurrelariak gutxigatik bidali zuen baloia kanpora. Lehen zatiaren hondarrean, berriz, Raul Garciak lapurtu zuen baloi arriskutsua, Valentziaren sormen jokoaren lehen lerroan, eta gutxigatik ez zuen harrapatu ezustean Guaita.
Ramiren antzerkia
42. minutuan sortu zuen Valentziak aukerarik ederrena, baina Soldadok, erabat baldar, huts nabarmena egin zuen. Hurrengo jokaldian Lekic egon zen Guaitaren hutsa baliatzeko zorian. Kirol kontuak ahaztuta, ordea, Rami eta Lekicen artean ilundu zuten partida. Osasunako aurrelariaren sarrera gogor bat tarteko, muturtuta amaitu zuten biek jokaldi bat. Eta lehen zatia amaitzera zihoanean, ukabilkada txiki bat eman zion aurrelariak atzelariari. Epaileak ez zuen zalantzarik izan: txartel gorria Lekici.
Umekeria horren ondoren, Mendilibar saiatu zen zelai erdia indartu eta Valentziaren jokoa mozten. Baina Jonas lehenengo, Aduriz gero... 50. minuturako bi aukera on sortu zituen Valentziak. Joko ikusgarririk gabe, baina, bultza eta bultza, Jordi Alba eta Piattiren artean egindako jokaldia dotore amaitu zuen Adurizek, buruz, 77. minutuan; Jonasek lortu zuen 2-0ekoa, 82. minutuan; Adurizek berak 3-0ekoa, 87.ean; eta Jonasek 4-0ekoa, 88.ean. Atzoko porrotarekin, nafarrek bi puntura dauzkate orain Europako Ligako postuak.
VALENTZIA 4. OSASUNA 0
Lekicen umekeriak Europako postuetatik urrundu du Osasuna
Bigarren zatia jokalari bat gehiagorekin jokatu ondoren, Adurizek eta Jonasek sartu dituzte lau golak, azken unean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu