Historikoa da Armstrongek atzo Plateau de Bonascren agertutako ezina, azken bost urteetan ezintasun horren arrastorik ez delako sumatu estatubatuarraren pedal kolpean. Historikoa, kolokan jarri dutelako bere aginte luzea. Historikoa hilda, bizitasunik gabe zegoen Tourra esnatu egin delako. Jan Ullrichek du horren errua, batez ere, baina mamuari izara kentzeko lanean ere badute zeresana Alexander Vinokourovek, Joseba Belokik eta Haimar Zubeldiak.
Armstrongek kolpe handia hartu du, baina lidergoari eusten dio. Taldea ere ez du azken urteetan bezain indartsu, baina onenen tropelean bere taldekoak beste taldeetakoak baino gehiago dira. Atzo ere bai. Rubierak, etapa osoa ihesean eginda, liderra babestu zuen bakarrik zegoenean. Beltranek oilarren erasoak saihestu zituen Pailheres mendate pikoan erritmo itoa jarrita. Heras ere ez dago ondo, baina Armstrongi min egin ziezaioketen urruneko erasoak ezinezko egin zituen, Plateau de Bonascreko lehen hiru kilometroak aire demonio igota. Dena dela, hori baino gehiago lagundu beharko dio Herasek bere liderrari bosgarren Tourra irabazteko bidean.
Eta Armstrong? Larri, baina buruan. Larri, baina Iban Mayoren erasoei aise erantzuten, Alpe d'Huezen ikusitakoa ikusi ostean. Larri, baina zazpi segundo bakarrik galduta Ullrich eta Zubeldiarekiko. Izara kendu diote, bai, baina mamuak mamu izaten segitzeko aukera du oraindik. Azken mendateko azken kilometroan eman zuen amore liderrak, ez lehenago. Justu zihoala nabaria bada ere, nork ziurta dezake erabat Armstrongek azken kilometro hori ez zuela lasaiago egin, Ullrich-Zubeldia bikotea uneoro begi bistan zuela? Flakia hori behin-behinekoa izan zen edo behin betiko gainbeheraren hasiera ote da?
Ullrich, indartsu baina zuhur
Jan Ullrichek lan ikusgarria egin zuen berriz ere. Indarberrituta irten zen erlojupekotik eta itsu-itsu doa Tourraren bila. Armstrong aise garaitu zuen herenegun eta atzo, mendian gora ere eraso egin eta atzean utzi zuen. Sasoiz ondo dago Ullrich eta gutxi korritu duenez, litekeena da azken astean hobera egitea. 15 segundora dago orain sailkapen nagusian eta ez du erasotzeko beharrik, errenta hori erraz kenduko diolako Armstrongi azken erlojupekoan.
Ullrich, dena den, zuhur aritu zen atzo, etapa hondarrean bakarrik erasota. Hankekin, buruarekin eta oroitzapenekin ari da korritzen Bianchi taldekoa. Armstrongen pare edo indartsuago dagoela badaki, baina atzera begiratu eta ez da batere fio Armstrongekin. 1999 eta 2000. urteetan umiliatu egin zuen Armstrongek Ullrich. Erlojupekoetan eta mendian gora. Ulrrichek eraso, Armstrongek errematatu. Eta iseka egin. Nork ahaztu du estatubatuarrak orain hiru urte La Madeleinen gora egin zuen antzerkia? Ullrichek amua irentsi zuen eta gero, Alpe d'Huezen, krudel zigortu zuen Armstrongek alemaniarra. Kolpe hura fresko-fresko edukiko du oraindik agian Ullrichek, eta egoera hura errepikatuko ez dela ziur ez dakienez, zuhur ari da, oso zuhur.
Ezin jakin Armstrongek erasoa joko duen, baina jo behar duela egia potoloa da. Akabo bestela. Liderraren ahotan bero zakarra eta erlojupekoan pilatutako nekea errekuperatzeko tarte txikia izan ziren aitzakiak. Eguraldi freskoagoarekin, edota hobeto errekuperatuta, iazkoa izango al da Armstrong? Zaila, baina Armstrong hizpide dela, oso komenigarria da tentuz aritzea. Txoria gordetzeko kaiola ezin baita erosi txoria harrapatu aitzin.
Zubeldia bikain,Hamilton pattal
Ullrichekin batera, Haimar Zubeldia izan zen atzoko txirrindulari onenetakoa. Vinokourovek erasoa jo eta bere bila abiatu zen usurbildarra, Ullrich berarekin eramanda. Haimar ez da txirrindulari erasotzailea, baina Hamilton justu zihoala ikusita aurrera egin zuen, ausart. Urrea lortu zuen Euskaltel-Euskadi taldekoak. 15 segundo kendu zizkion Vinokourovi, 1,31 Hamiltoni eta 2,06 Mancebori. Zubeldia laugarren da sailkapen nagusian orain. 3,15era du podiumeko lehen koska, hirugarren postua. Atzerapen handia da, baina Vinokourov baino indartsuago aritu zen atzo euskalduna.
Iban Mayo ere ez zegoen bete-betean atzo. Pailheres mendatean jo zuen birritan, baina Armstrong bera atera zitzaion bila. Gero, Plateau de Bonascren, ezin izan zuen onenen erritmoa jarraitu eta onenen arrastoa galdu zuen. 5,20ra dago sailkapen nagusian Igorrekoa orain eta urrunetik saiatzeko egokieran da. Etapak ziren bere erronka Tourra hasi aitzin eta horri eusten badio, beste etaparen bat irabazteko aukera izango du.
Pirinioetako lehen etapa Carlos Sastre (CSC) espainiarrak irabazi zuen. Pailheresen egin zuen aurrera Mercadorekin (ibanesto.com) batera eta bi minutuko errenta lortu ostean, Mercado atzean utzi eta garaipen polita lortu zuen. Itzalean Abraham Olano, Joseba Beloki eta Igor Galdeanorentzat lan handia egindakoa da Sastre. Atzo lana egiteaz gain etapak irabazten ere badakiela erakutsi zuen.
12 mendate bi egunetan
Atseden hartzeko, edo jateko eta edateko astirik gabe arituko dira gaur txirrindulariak. Sei mendate bidean eta ordekarik ez apenas. Lehen mailakoak dira hiru eta bigarren mailakoak beste hiru. Etapa hasieratik egurrean joaten badira askok etxerako bidea har dezakete. Eta bihar, beste razio bat. Aspin, Tourmalet eta Luz Ardiden, eta laugarren mailako beste hiru gain txiki.
Euskaltel-Euskadi, gero eta atzerago taldekakoan
Taldekako sailkapenean denbora gehiago galdu zuen atzo Euskaltel-Euskadik. CSC taldea dago orain buruan. Ibanesto da bigarrena bi minutura eta euskal taldea hirugarrena, 14 minutura. Haimar Zubeldia eta Iban Mayo txukun aritu ziren atzo, baina ez hainbeste Laiseka. 9 minutu galdu zituen atzo.