Italiako Giroa

Lennard Kamna nagusi Etnan, eta Juanpe Lopez jarri da lider

Alemaniarrak eta espainiarrak probetxu handia atera diote eguneko ihesaldiari Giroko lehen mendiko etapan. Faboritoen artean ez da erasorik izan, baina erretiratu egin da Miguel Angel Lopez, minez.

enaut agirrebengoa
2022ko maiatzaren 10a
18:09
Entzun

Iheslariek gori-gori jarri dute Italiako Giroa Etnan. Etapa Lennard Kamnak (Bora) poltsikoratu du, eta Juanpe Lopezek (Trek) maglia arrosa kendu dio Mathieu van der Poeli (Alpecin). Etaparen hasieran tropeletik hanka egin duten hamalau lagunetatik indartsuenak izan dira. Onenen artean, berriz, beste baterako utzi dituzte suziriak. Sumendiko igoera elkarrekin egin dute faborito nagusiek, Ineosek jarritako erritmoan. Ordurako, etxerako bidea hartuta zen Miguel Angel Lopez (Astana). Kolonbiarrak mina zuen ezkerreko aldakan, eta ezin izan du lasterketan jarraitu.

Multzo indartsua osatu da lasterketa buruan. Kamna eta Lopezekin batera, aurrera egin dute Rein Taaramaek (Wanty), Mauri Vansevenantek (Quick), Lilian Calmejanek (Ag2r) eta Sylvain Moniquetek ere (Lotto Soudal). Van der Poel eta Biniam Girmay (Wanty) ere saiatu dira ihesaldian sartzen, baina ez dute lortu. Liderrak hanka altxa du gero tropelean, errepidea tentetzen hasi orduko. Haren taldekide Stefano Oldani (Alpecin) izan da aurrekoen artean abiatu den lehena, eta Lopez oldartu da gero. Kamnak gehiago itxaron du, eta helmugatik 2,5 kilometrora harrapatu du espainiarra. Saria banatu egin dute: etapa batentzat, lidertza bestearentzat. Hirugarren Taaramae izan da, atzetik aurrera eginda.

Faboritoak 2.37ra iritsi dira, Carapaz buru. Simon Yates (Bike Exchange) onik atera da, etaparen hastapenean eroriko txarra izan duen arren. Pello Bilbaok eta Mikel Landak (Baharain) ere ez dute hutsik egin. 9. eta 11. izan dira, hurrenez hurren. Alabaina, ez dira hautagaien multzoan irauteko gauza izan Tom Dumoulin (Jumbo Visma) eta Vincenzo Nibali (Astana). Sailkapen nagusian jokoz kanpo gelditu ondotik, bestelako helburuak izango dituzte hemendik aurrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.