Gasteiz ezagutzen eman du arratsaldea Diego Ifranek (Cerro Chato, Uruguai, 1987), eta bueltan erantzun du BERRIAren deia. Donostiara ondo egokitu da. Gustura dago klubak Parte Zaharrean jarri dion etxean. Kartetan eta bideo jokoetan aritzea eta hemen topatu dituen herrikideekin egotea dira bere denbora-pasa kutunenak. Koadrila polita egin duela dio. Harrituta gelditu da David Zurutuzaren mailarekin, eta bere idoloetako bat ezagutu ahal izan du jada: Walter Pandiani. «Udan lagunartekoa jokatu genuenean berak bazekien miresten nuela, eta solasean aritu ginen. Elastikoa ere oparitu zidan». Baina amets handiena betetzea falta zaio: Realarekin debutatzea.
Martxoaren 18an hartu zenuen min. Noiz jokatuko duzu berriz ere?
Galdera hori ezin dut nik erantzun jada. Hemendik aurrera teknikarien esku dago. Asteartean, zorionez, senda-agiria eman zidaten, eta orain kirol-agiria ematea falta zait. Horretarako nabil egunero lanean, zortzi hilabetean jokatu gabe egon ondoren gauza asko galtzen direlako eta oraindik zer edo zer falta zaidalako.
Duela egun batzuk kolpea jaso zenuen eskuin belaunean. Horrek osatze prozesua geldotu du?
Ez, egun bakarra galdu nuen, kolpeagatik mina neukalako. Horrelakoetan normala da gelditzea, zuhurtasunagatik. Atsedena ere behar nuen, lan fisiko handia egiten ari nintzelako. Ez zen gauza larririk izan.
Nola aurre egin diozu lesioari?
Oso gaizki. Min hartu nuenean, mundua gainera etorri zitzaidan. Hitzekin ezin da azaldu. Zazpi edo zortzi hilabetez jokatzerik izango ez nuela onartzea oso zaila izan zen. Futbolariak ohituta gaude asteroko dinamikara: taldekideekin entrenatu, asteburuan jokatu... Dinamika horretan pozak eta tristurak daude, baina motibazioa beti dago hor, eta kanpoan gelditzea oso gogorra da.
Fisikoagatik nabarmentzen den jokalaria zara. Min hartu aurreko abiadura berreskuratzea espero duzu?
Bai, itxaropena da galtzen den azken gauza. Horretarako ari naiz entrenatzen, eta partidak jokatu ahala, gogoarekin eta ahaleginarekin, beti lortzen da norberak nahi duena. Beldurra kendu nuen zelaian, eta orain bizitasun hori berreskuratzea besterik ez zait falta.
Zer ikasi duzu horrekin guztiarekin?
Aukerak behin bakarrik azaltzen direla eta aprobetxatu beharra dagoela. Lesioa oso garai onean harrapatu ninduen. Ate bat itxi zidan, baina beste bat ireki, Realekoa. Aukera hau oso garrantzitsua da niretzat, baita nire familiarentzat ere. Gaizki ikusten ninduten min hartu nuenean; nigatik sufritzen zuten.
Lazio Italiako taldera joatear zinen min hartu zenuenean...
Bai, horretaz ari nintzen. Baina Reala azaldu zen, eta nigan jarritako konfiantzari erantzun nahi diot.
Zeresan handia izan zuen Martin Lasartek fitxaketan?
Bai. Nire alde egin zuen, eta orain nire esku dagoen guztia egingo dut nigandik egin zuena itzultzeko. Uruguain ere bera izan zen Danubion jokatzeko eta esperientzia ederrak bizitzeko aukera eman zidana. Askorik ez nuen pentsatu Realaren interesaren berri izan nuenean.
Zergatik?
Lasarte eta Balbi ezagutzea inportantea izan zen, asko estimatzen ditudalako. Bestalde, nire jaioterria eta familia uztea ez zen erraza, baina hizkuntza bera zuen toki batera joatea abantaila zen. Espainian familia daukat. Realak Lehen Mailan minutuak jokatzeko aukera eta konfiantza eskaintzen zizkidan, eta atzerrira jauzi egiteko aukera ona zela uste nuen. Ez nuen nahi talde batera joan batere jokatu gabe egoteko.
Lasai zaude aukeraren zain?
Ez nago lasai, ez. Jokatzeko irrikan nago.
Zer esaten dizu Lasartek?
Honi buruz ez dugu gehiegi hitz egin, baina behin baino gehiagotan esan dit nabaritzen dela hobera egiten ari naizela, eta pazientzia edukitzeko, laster iritsiko zaidala aukera.
Lehia gogorra duzu aurrealdean...
Hori oso ona da. Aurrelari trebeak dauzkagu, eta lesioak daudenean, edo entrenatzaileak zerbait aldatu nahi duenean, ona da aukera desberdinak edukitzea. Helburua betetzeko golak sartu beharko ditugu, eta Realeko aurrelariek duten guztia ematen dute. Niri asko gustatzen zait, ni ere halakoa naizela uste dudalako.
Nolako traza hartu diozu Realari?
Ezin hobea. Instalazioak oso onak dira, erosotasun guztiak dauzkagu entrenatzeko eta jendea oso jatorra da.
Zure talde ohian, Danubion, etxeko jokalari asko zeuden ere.
Harrobiko jokalariak ateratzeagatik nabarmentzen da. Jokalari beroa eta grinatsua naiz, eta gustatzen zait jendean taldearekin identifikatzea eta etxeko sentimendu hori edukitzea. Oso ondo hartu naute aldageletan, eta giro on hori oso mesedegarria da helburua lortzeko.
Zer iruditu zaizu Anoeta?
Oso polita da. Eta dioten erreforma egiten badute, are politagoa.
Zer moduz ikusi duzu taldea orain arte?
Oso ondo. Oso partida onak egin ditu. Galdu duenean ere, aurpegia eman du. Ondo kokatuta dago sailkapenean, eta gauzak behar bezala egiten dituenean besteak baino gutxiago ez dela erakutsi du, baina borrokan jarraitu beharra dago. Mailari eustea da lehentasuna. Gero gerokoak.
«Lesioak ate bat itxi zidan, baina beste bat ireki, Realekoa»
Taldekideekin batera ondo ari da entrenatzen, eta Realarekin debuta egiteko irrikan dago aurrelari uruguaitarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu