Alemaniara joan beharko dute Osasunako jokalariek Aste Santuan, Bayer Leverkusenen aurka jokatu beharko baitute gorritxoek UEFAko final-laurdenetan, eta joaneko norgehiagoka Ostegun Santuan jokatuko da, Leverkusengo Bay Arena futbol zelaian. Jaiegunak baliatuz osasunazale andana joan ahal izango da Leverkusenera, gutxienik. 13:15ean jakin zuten albistea Osasunako arduradunek, eta erronkaren zailtasuna begi bistakoa bada ere, gorritxoak ez ziren oso ezkor agertu. «Nire uste apalean, aurkari zailagoak ere bazeuden zozketan, Werder Bremen, Sevilla eta Tottenham Hotspurs, esaterako», onartu zuen Juanjo Lorenzo kirol zuzendariak, adibidez.
«Gure helburua itzuliko lehiara bizirik iristea da. Leverkuseneko Bayer talde indartsua da, baina final laurdenetan ez dago aurkari errazik. Ez du talde alemaniarren ohiko jokoa egiten, baloia asko erabiltzea gustatzen zaie, eta talde erasokorra da. Arlo fisikoan, aldiz, ez dira indartsuegiak izateagatik nabarmentzen. Ez ditu Alemaniako taldeen ohiko ezaugarriak. Golak egiteko erraztasuna dute, baina jaso ere jasotzen dituzte golak. Gure mailarik onena eman beharko dugu kanporaketako bi partidetan aurrera egiteko aukerak izateko, baina hori normala ere bada final laurdenetan», erantzun zuen Lorenzok, aurkariaz zer ezagutzen zuen galdetu ziotenean. 2006-07 denboraldia pattal hasi zuten, eta Klaus Aughentaler entrenatzailea bere kargutik kentzera behartu zuten emaitzek Rudy Voeller kirol zuzendaria (Alemaniako selekzioko aurrelari eta entrenatzailea izandakoa da Voeller). Michael Skibbe entrenatzailearekin, ordea, gora egin du taldeak.
«Ligan, jaitsiera postuekin jolasean ibili ziren hasiera txar baten ostean, baina orain hobeto daude. UEFAn ere multzoen fasean larri ibili ziren, baina azken kanporaketan Lens menderatu egin zuten joanekoan Frantzian 2-1 galdu arren. Lensen aurka jokatu genuen, Frantziako Ligako bigarren sailkatua da, eta badakigu Lens 3-0 mendean hartzeko maila ikaragarria izan behar duzula. Behetik gora datorren taldea da, suspertzen ari dira», esan zuen Lorenzok. Eta ez da gezurra, Bundesligako seigarren sailkatua da gaur egun Bayer Leverkusen, eta UEFAko ligaxkan gorriak ikusi bazituzten ere (Tottenham izan zen bere multzoko liderra, Bukaresteko Dinamo izan zen bigarrena, eta lau partidatan lau puntu bildu ostean hirugarren sailkatu ziren alemaniarrak), final laurdenetan daude.
Horrexegatik, eta 1988an UEFA Kopa irabazteaz gain, 2002an Txapeldunen Ligako finala jokatu zutelako, alemaniarrak jo zituen faboritotzat Jose Angel Zigandak. Larraintzargo entrenatzaileak ez du ezustekoa ematea baztertzen, ordea: «Beren selekzioekin jokatzen duten jokalari ugari dituzte, eta ondo ezagutzen dugun Lens kanporatu berri dute -Osasunak 3-1 galdu zuen Lensen ligaxkan-. Faboritoak dira Bayerrekoak, baina bigarren partida etxean jokatu ahal izatea nahi nuen eta alde horretatik pozik nago. Ez dugu ezer baztertzerik nahi, eta joanekoan emaitza on bat lortu eta kanporaketa etxean erabakitzea da helburua orain», adierazi zuen Zigandak.
CLEMENTEREN ESPANYOL. Eta palmaresak hala dio, bai: Bayer Leverkusen da faboritoa. Osasunak inoiz Europan egindako balentriarik handiena final laurden hauetaraino iristea izan da, Bayerrek UEFA Kopa irabaztea zer den ere badaki, esaterako. 1988an lortu zuten balentria alemaniarrek, eta ez ahazteko modukoa izan zen, gainera. Javier Clementek zuzendutako Espanyol izan zuten aurkari finalean, eta joaneko eta itzulerako partida zituen finalak 1987-88 denboraldian. Barakaldoko entrenatzaileaz gain, jokalari euskaldun ugari ere bazuen Espanyolek sasoi hartan: Zubillaga, Zuñiga, Melendez, eta egun Espanyolen entrenatzaile den Valverde, esaterako.Espanyolek txapelketa ikusgarria egin zuen (besteak beste Arrigo Sacchiren Milan kanporatu zuten katalanek, Baresi, Gullit eta Van Bastenen Milan), eta finalaren joaneko partidan, 1988ko maiatzaren 3an Sarrian 3-0 irabazi ostean, Espanyolen zaleek ospatu egin zuten garaipena, ia ia. Itzulerako lehia geratzen zen, ordea, eta atsedenaldia bitartean Espanyolek markagailuari hutsean eusteko arazorik izan ez bazuen ere, bigarren zatian inork uste ez zuena gertatu zen: N'Kono atezain kamerundarraren zalantza bat 1-0koa egiteko baliatu zuen Tita brasildarrak bigarren zatiaren 12. minutuan, eta Espanyol urduritzen hasi zen. Clementek defentsan oinarritu nahi zuen garaipena, baina alemaniarrek 2-0koa egin zuten sei minutu geroago, eta amaierarako bederatzi minuturen faltan Bum Kun Cha korearrak 3-0koa egin zuen Bayerrentzat, finala luzapenera bultzatuz. Alemaniara joandako 3.000 zale katalanen aurpegietan aurreikusi egin zitekeen finalaren amaiera: penaltietan erabaki zen lehia, eta Urkiagak, Zuñigak eta Losadak huts egindako penaltiek UEFA Kopa Leverkusenen geratzea eragin zuten.
2001-02an, ordea, txanponaren beste aldea ere ikusi zuten alemaniarrek, europan jokatu duten beste finalean. Espainiako Ligako aurkaria zuten orduan ere, baina Txapeldunen Ligako finala zen. Ballack, Ze Roberto, Lucio, Nowotny, Basturk, Berbatov eta enparauak Real Madril estu hartzeko gai izan ziren, baina Zidanen gol ikusgarriak ostu egin zien saria -Casillasen azken uneko geldiketek ere bai- ,Final hura Glasgowko Hampden Park futbol zelaian galdu zuten alemaniarrek. Sasoi honetan UEFAko finala jokatuko den zelai berean; hain zuzen.
Leverkusenen ametsa...
Bayer Leverkusenen aurka jokatuko du Osasunak UEFAko final-laurdenetan; itzulikoa Iruñean izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu