Marcelo Bielsak ezker hegala indartzeko eskatu zion zuzendaritzari. Antoine Griezmann Realeko jokalaria zuen buruan entrenatzaile argentinarrak. Jose Mari Amorrortu Athleticeko kirol zuzendariak, ordea, Ismael Lopez ekarri zion (Iruñea, 1990), Lugon Bigarren B Mailan ari zen jokalaria. Bada, oraingoz, aukera aprobetxatzen ari da aspaldi Lezamako harribitxietako bat izandakoak.
Aspaldiko asterik lasaienak dira azken bi hauek Athleticen. Eskerrak Valladolid mendean hartu zenuten.
Taldearen egoerak garaipen bat eskatzen zuen. Orain lasaiago dago ingurua. Atseden hartzeko denbora izan dugu, eta orain indarra hartzen ari gara Espanyoli aurre egiteko.
Ez zenuen esperoko zu itzultzean horren uda beroa izango zenik, ezta?
Guk ez diogu kasu handirik egin inguruan zer gertatu den. Gu lanean aritu gara. Egia esateko, gertatu diren gauza guztiek ez dute eraginik izan aldagelan.
Athleticek bigarrenez zabaldu dizkizu ateak. Duela urte bi beste bide bat hartzea erabaki zenuenean, bazenuen itzuliko zinen esperantza?
Esperantza ez da sekula galtzen. Hala ez bada, ez dauka zentzu handirik lanean jarraitzeak. Gogor behar egin arren, jokalari askok ez dute izan nik dudan zortea. Beraz, bigarren aukera aprobetxatzen ahaleginduko naiz.
Bigarren aukera hau ezin duzu galdu. Goi mailako futbolean ez dira aukera asko izaten.
Orain arte baliatzen ari naiz aukera. Entrenatzailearen eta taldekideen konfiantza ezinbestekoa da jokalari batek barruan daukana erakusteko. Kanpoan egon naizen bi urteetan izan dut, baina ez, ordea, Athleticen egon nintzen lehen aldian. Horregatik utzi nuen, besteak beste, talde zuri-gorria. Egun, ordea, zoriontsu naiz Athleticen. Lagun askok egin dute nire aldeko apustua, eta erantzun on bat merezi dutela uste dut.
Zerk huts egin zuen zuk Lezama laga behar izateko?
Bai klubak eta baita nik, biok egin genuen kale. Horren ondorioz, jokatzeko ilusioa galdu nuen. Lezamara entrenatzera joateko gogoa galdu egin nuen, eta gose barik ez dago ezer egiterik. Kanpora irten nintzenean konturatu nintzen zein berezia den Athletic. Baina, era berean, erabaki egokia hartu nuen pentsatzeko era aldatu eta autoestimua berreskuratzeko. Horregatik itzuli naizela uste dut.
Orduan Lezaman agintzen zutenen aldetik babes falta sentitu zenuen?
Ez nuke hala izan zenik esango. Uste dut eurek nigan konfiantza handiagoa zutela nik neure buruan baino. Hala ere, zenbait arrazoi tarteko, eguneroko bizitza ez zen ona. Athleticek nire egonaldia luzatu egin gura zuen, baina nik talde zuri-gorria utzi nuenean baino urtebete lehenago laga gura izan nuen Lezama. Ez nengoen gustura.
Mutil zaila izateko fama zenuen Athleticeko harrobian zinenean. Horren gaitza al zen zu gerturik zaintzea?
Ez. Fama hori daukat, baina ez dut uste hala denik. Nik gauzak oso argi izan ditut beti. Beharbada, hori izan zen arazoa. Athletic B-n lan egin, Espainiako beheko mailetako selekzioarekin jokatu eta, hala ere, ikasketak aurrera ateratzen nituen. Askok jakin gabe hitz egin dute. Orain helduagoa naizela esaten dutenek lehen ez ninduten ezagutzen. Ez naiz aldatu.
Hirugarren Mailako eta Bigarren B Mailako zelaiek asko erakusten dute?
Bai. Alde guztietan ikasten dira gauzak. Baina nire jokoari mesede egin dio taldez aldatzeak. Beharra neukan.
Athleticen zale askorentzat, ezezaguna zara oraindik; ez dakite ondo zein diren zure dohainak. Nola definituko zenuke zeure burua?
Neurketa guztietan dena ematen ahalegintzen den futbolari bat naiz. Nire helburua da bai erasoan eta bai defentsan gainditzea edo zaintzea egokitzen zaidan aurkaria mendean hartzea. Sasoi hasieretan kosta egiten zait ondo aritzea. Neurketak jokatu ahala hobetu egingo dut.
Teknika aldetik kalitate handiko futbolaria zarela nabarmentzen dute ezagutzen zaituztenek. Baina zertan daukazu hobetu beharra?
Jokoaren ia arlo guztietan. Denak aipatu behar banituzke, seguruenik egun bat baino gehiago beharko nuke. Lehenik eta behin, joko sistema berrira egokitu behar dute. Gainera, defentsako lanean eta buruz ere asko daukat hobetzeko.
Zeintzuk izan dira zure erreferentzia nagusiak futbolean? Zein jokalari izan dituzu eredu?
Nik Rivaldo izan dut gustuko beti. Bestalde, Athleticek fitxatu ninduenean, Urzaizen jokoak erakartzen ninduen. Asko erreparatzen nion haren jokoari. Halaber, Yeste ere berezia zen. Zale asko oso kritikoak ziren haren jokoarekin, baina, nire ustez, goi mailako futbolaria izan da.
Orain arte ia partida guztiak jokatu dituzu. Horrek badauka meritua, ez baita erraza hasiberri batek Marcelo Bielsaren konfiantza horren azkar bereganatzea. Harritu egin al dizu entrenatzaileak zure alde egin duen apustuak?
Harrituta baino gehiago, eskertuta nago. Orain arte oso ondo atera zait dena, baina gogor lan egin dut hala izan zedin. Nigan sinesten duela ari da erakusten.
Min eman al zizun hedabideen aurrean adierazi zuenean zu ez zinela berak eskatutako jokalarietako bat?
Ez, ez daukat zertan minduta egon. Hark postu batzuk indartzeko premia zegoela adierazi zien agintariei, eta klubak erabaki zuen ni futbolari aproposa nintzela behar horiei aurre egiteko. Beharbada, aurrez ezagutu banindu, bestelakorik pentsatuko zuen, baina argi dago Bielsaren mailako teknikari bat ezin dela egon Bigarren B Mailara begira.
Bielsarekin lan egitea esaten duten bezain gaitza da?
Entrenatzaile bakoitzak bere entrenatzeko era eta izaera du. Egokitu egin behar da. Ni oso gustura nago haren lan egiteko erarekin. Mesede egiten dit.
Zer eskatzen diozu futbolari?
Oraingoz, Athleticen luzaroan jarraitzea. Esperientzia ederra ari naiz bizitzen Athleticen. Ametsak egia bihurtzeko borrokatu beharra daukat.
Eta zer eskatu behar zaio Athletici denboraldi honetan?
Aurreko sasoian egin zuena berdintzen ahaleginduko gara. Kanpoan egon ginenok asko gozatu genuen Athleticen jokoarekin. Orain, talde barrutik, kanpoan daudenei antzeko gauzak sentiarazten ahaleginduko gara.
Igande honetan, Espanyolen etxea bisitatuko duzue. Zer-nolako partida espero duzu?
Gogotsu gaude. Behin lehen partida irabazita, bolada onari jarraipena ematen ahaleginduko gara. Taldeak gosez dago.
Ismael Lopez. Athleticeko jokalaria
«Lezamatik kanpo, autoestimua berreskuratu dut»
«Zoriontsu» da Athleticen Ismael Lopez, eta «gose» da berriz ere. Baikor da denboraldiari begira. Udan klubaren inguruan izandako saltsa guztiek ez dute «eraginik» izan taldean, dioenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu