Ustekabekoak azken txanpan iritsi dira Australiako Irekira. Emakumezkoen koadroan Li Nak Caroline Wozniacki WTAko lehen sailkatua kanporatu zuen atzo (3-6, 7-5 eta 6-3), eta Kim Clijsters izango du aurkari biharko finalean. Belgikarrak, berriz, Vera Zvonarevari irabazi zion (6-3 eta 6-3). Gizonezkoen koadroan ere ustekabekoa egon zen, eta Novak Djokovicek Roger Federerri irabazi zion (7-6, 7-5 eta 6-4). Serbiarrak gaur ezagutuko du igandeko finaleko aurkaria zein izango den: Andy Murray edo David Ferrer (09:30, Eurosport).
Li Nak iaz eman zuen bere burua ezagutzera, Australian ere bai, finalerdietaraino iritsi zenean. Aurten, ordea, beste pauso bat eman du, eta finalerako sailkatu da. Grand Slameko final bat jokatuko duen lehen tenislari txinatarra da. Li Nak Wozniacki kanporatu zuen, eta WTAko lehen sailkatuak torneo handirik irabazi gabe jarraitzen du,eta finalik jokatu gabe 2009ko Estatu Batuetako Irekiaz geroztik. Poloniar jatorriko tenislari daniarrak esku eskura izan zuen finalerako txartela, lehen seta irabazi ondoren match point-a izan zuelako bigarren setean, baina ez zuen baliatu. «Puntu hori irabazita, 'hau zure aukera da', pentsatu nuen», onartu zuen Li Nak partidaren osteko prentsaurrekoan. Kazetarien aurreko agerpen umoretsuan partidaren bezperan senarraren zurrungek ez ziotela utzi behar bezala atseden hartzen esan zuen ere bai.Puntu erabakigarriaren ondoren, bigarren seta irabazi zuen. Azken puntua Wozniackik saketik eginiko falta izan zen. Txinatarra hazi egin zen, eta hirugarrenean oldarkorrago jokatuz sailkatu zen finalerako.
Emakumezkoen beste finalerdia motzagoa izan zen, eta ez zuen emozio handirik izan. Clijstersek ordubete inguru nahiko izan zuen Zvonarevarenak egiteko, eta, bide batez, zirkuituko sailkapeneko bigarren postua kendu zion errusiarrari. Belgikarrak Australiako Irekiko finala jokatuko duen bigarren aldia da. Duela bi aste Li Nak eta Clijstersek elkarren aurka jokatu zuten Sidneyko torneoan, eta txinatarrak irabazi zuen. Bestalde, Justine Heninek behin betirako erretiroa hartu duela jakinarazi zuen herenegun. Zirkuituko buru izandakoa iaz itzuli zen lehiara, bi urtez jokatu gabe egon ondoren.
Djokovicek, hiru setetan
Gizonezkoen txapelketan Novak Djokovicek hiru setetan kanporatu zuen Roger Federer, eta bigarrengozjokatuko du Australiako finala, 2008an titulua irabazi ondoren. Elkarren aurka jokaturiko azken partidetan, badirudi neurria hartua diola suitzarrari, iazko Estatu Batuetako Irekian ere kanporatu zuelako. Gauzak hala, Federerrek urte osoa egin du torneo handietako bat irabazi gabe.
Atzoko partidan suitzarra deseroso aritu zen, eta huts asko egin zituen, esaterako, lehen seteko tie break-ean. Bigarrenean 5-2 aurreratu zen Federer, baina ez zuen asmatu lana borobiltzen. Djokovicek, amorratuta, bost joko egin zituen jarraian. Hirugarrenaren hasieran sakea hautsi zion berriz; partida erabakita zegoen. Suitzarra ezinean ibil zen azken setean.
Li Nak eta Clijstersek jokatuko dute Australiako finala
Gizonezkoen koadroan Djokovicek Federer kanporatu du, eta gaur jakingo du zein izango den finaleko aurkaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu