Italiako Giroak ez dauka atseden egunik. Ustez laua zen Gaiarine eta San Fior arteko ibilbidea, baina tropela txiki-txiki eginda iritsi da helmugara, faborito gehienak lehen multzoan zirela. Hori bai, ezinean gelditu da Leah Kirchmann liderra (Liv-Plantur), eta Megan Guarnier (Boels Dolmans) abiatuko da bihar liderraren maillota jantzita. Etapa, berriz, Giorgia Bronzinik (Wiggle) irabazi du, esprint estuan.
Marta Tagliaferro italiarra (Ale Cipollini) ihes eginda ibili da etaparen zatirik handienean, baina hemezortzi kilometro falta zirela gelditu da ezerezean ahalegina. Elisa Longo Borghinik (Wiggle) erasora jo du jarraian, eta atzetik iritsi dira Guarnier, Evelyn Stevens (Boels Dolmans) eta Kasia Niewiadoma (Rabobank-Liv). 49 segundoren aldea ere izan dute une batean, baina beste sei txirrindulari iritsi dira atzetik, Lizzie Armitstead (Boels Dolmans) tartean zela, eta haien artekoa izan da esprinta.
Tarcento eta Montenars artean bigarren etapa jokatuko dute bihar, 111,1 kilometrokoa. Bigarren mailako mendatean amaituko da etapa.