Liderra, lider baten gisa

Lorenzok lortu du 'pole'-a Alemaniako Sari Nagusian. Rossi itzuli da, eta bosgarren tokian aterako da

Erredakzioa
Donostia
2010eko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Jorge Lorenzok (Yamaha) azkeneko hiru sari nagusiak irabazi ditu, eta eskura dauka Moto GP mailako Munduko Motoziklismo Txapelketa. Valentino Rossi taldekideak, halere, ez du amore eman nahi. Azkeneko lau lasterketetan ezin izan da lehiatu, pasa den ekainaren 6an tibia eta peronea hautsi zituelako Mugellon (Italia). Baina itzuli da. Nola edo hala, baina motorraren gainera igo da berriro. 100 puntu ateratzen dizkio Lorenzok sailkapen nagusian, baina hura aurreratzea posible dela bota du italiarrak. Alemaniako Sari Nagusiko entrenamendu ofizialetan atzo ikusitakoaren arabera, baina, lanak izango ditu. Harrigarri ibili zen Rossi, 40 egun lehiatu gabe egon ondoren. Hortaz, bosgarren tokian aterako da. Baina pole-a Lorenzok lortu zuen, liderrak, lider baten gisa aritu zenak.

Konfiantza handia dauka une honetan Balearretako gidariak, eta ez da urduritu Rossi hori egiten ahalegindu den arren. Izan ere, italiarra beharren, beste batzuk dira orain Lorenzoren kontrarioak. Casey Stoner (Ducati) eta Dani Pedrosa (Honda), adibidez. Lorenzok egindako denboratik gertu ibili ziren, eta okerrik ezean, gaur lanak emango dizkiote txapelketako liderrari. Kataluniarra, adibidez, sasoian dago: azkeneko bi probetan bigarren sailkatu da. Stoner, berriz, gidari gorabeheratsuagoa da, baina motorrak erantzuten baldin badio, eta aurreneko itzulietan burua galtzen ez baldin badu, fidagarria da.

Moto 2 mailan, berriz, Andrea Iannonek (Speed Up) egin zuen denbora onena, Arne Tode (Suter) eta Toni Elias (Moriwaki) liderraren aurretik. Italiarra bosgarren da nagusian, baina jokatu diren zazpi lasterketetatik bi irabazi ditu. Bada zerbait. Eta 125 cc.koan Marc Marquez (Derbi) liderrak denbora harrigarria egin zuen entrenamendu ofizialetan: 1.26,053. Pol Espargaro (Derbi) eta Bradley Smith (Aprilia) sailkatu ziren haren atzetik. Efren Vazquez bizkaitarra (Derbi) seigarren izan zen. Behin entrenamenduak bukatuta, «inor baino gutxiago» ez dela sentitzen adierazi zuen gidari bizkaitarrak, eta bere helburua podiumera igotzea dela aitortu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.