Matteo Trentin (Omega) iritsi da helmugara bi besoak altxatuta, baina italiarrak Tony Martin taldekideari zor dio Suitzako Itzuliko seigarren etapako garaipenaren zati handi bat. Helmugara iristeko 40 kilometro eskas faltan eguneko ihesaldia ezerezean utzita, eraso saiakera asko izan da tropelean, ibilbidea bera aproposa zelako horretarako. Goraka lehenengo eta jaitsiera teknikoan gero, Peter Sagan (Cannondale) saiatu da gogotik tropelari ezustekoa ematen. Baina, ia egunero bezala, azken bi kilometroetan sartuta errelebo zoragarria eman du Tony Martinek, hautsi egin du tropela, eta egoerari etekina atera dio Trentinek. Sailkapen nagusian ez da izan aldaketarik. Itzuliko etapa garrantzitsuetako bat jokatuko da bihar, 24,5 kilometroko bakarkako erlojupekoa. Lidergoa are gehiago sendotzeko aukera bikaina dauka Tony Martinek.
Txirrindularitza
Liderraren lanari, errematea
Tropel erdia erasoka zela, Peter Sagan (Cannondale) tartean, Omegak txukun kontrolatu du etapa amaiera, eta, Tony Martinen (Omega) lan onaren ondoren, Matteo Trentin taldekideak irabazi du Suitzako Itzuliko seigarren etapa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu